Elkar hartuta indartsuago dira

Jon Miranda Labaien 2022ko abe. 29a, 19:59

Villabonako Kale Berrian, Roteta zegoeneko tokian, bigarren urtez denda ireki dute lau artisautza proiektuk; bitxiak, koadernaketa lanak, egurrezko jostailuak eta gyotaku eta haoriak daude salgai.

Lau artisautza proiektuk bat egin dute bigarrengo urtez Villabonako Kale Berriko 60. zenbakian, Roteta denda zeneko lokalean. Sualma, Kimuri, Laia Varela eta Helena Agell bildu dira proiektura eta zabalik izango dute espazioa urtarrilaren 7ra arte. Euren lanak erakusteaz gain, artisauek galtzeko bidean diren espazioak berreskuratu nahi dituzte. Sualma proiektuko Susana Carreterok azaldu duenez duela urtebete landutako haziak dagoeneko eman ditu hainbat fruitu: «Santioetan Etxeondo Fest ekimena egin genuen eta orain azaroan Amasako Aranzabin azoka bat antolatu dugu. Intentzio guztiarekin landatu genuen duela urtebete hazia, eta badugu zerbait sortu dugunaren sentsazioa, nahiz eta ez dagoen guztiz definituta. Bien bitartean esku artean dugun hori ureztatzen jarraituko dugu».

Ikusgaitasuna eman nahi diete eskulanei, euren ustez, oraindik ere jende askok ez baitaki Amasa-Villabona eta inguruetan artisautzan jendea ibiltzen denik. Ezezagutza hori, batez ere, iaz sumatu zutela esan du Kimuriko Mirari Errondosorok eta denda zabaltzeak saretzeko aukera eman diela nabarmendu du. Uste berdinekoa da Carretero: «Guri ere gertatu zaigu. Etxean eskulanak egiten dituen jende asko gerturatu zaigu dendara eta guk geuk ere ez genekien horretan aritzen zirenik». Urtebeteko epean sortu diren sinergietan jarri du arreta, berriz, Errondosorok: «Lagun talde bat gara, sortzaile talde bat eta bata bestearengatik ikasten dugu. Elkar elikatu eta baliabideak partekatzen ditugu. Uste dut esperientzia hau jende gehiagorengana zabaldu daitekeela herrian».

Rotetan jarri duten denda efimeroa izango da, Eguberri egunetan bakarrik zabalduko dute. Sortzaileentzat lan egiteko eta euren lanak erakusteko espazio iraunkor baten falta sumatzen du Carreterok, ordea. «Eskuekin lan egiten dugun herritarrontzako toki bat behar dugu, jendeak ikus dezan nola aritzen garen. Guk besteei erakutsi nahi diegu eurak ere gauzak egitera animatu daitezen. Modu horretara baino ez da baloratuko eskulana».

Zubi moduko bat planteatu nahi dute eta transmisioa bermatu. «Gure aurrekoek bazuten eskulanetan aritzeko ohitura, guk gutxi asko mantendu dugu, baina ondorengoetan ez da sumatzen horrelako joerarik», esan du Errondosorok. Hezkuntza arautuan eskulanetan trebatzeari geroz eta garrantzia gutxiago ematen zaiola gaineratu du Carreterok.

Emakume sortzaileak bildu dira Rotetako dendan eta bezeroak ere gehien gehienean emakumezkoak direla azpimarratu dute. Egurrezko jostailuak egiten dituzte Sualman eta Carreterok dio euren bezero ia denak 35-45 urte arteko emakumezkoak direla: «Zoritxarrez, gu gara umeen hazkuntzaren ardura gure gain hartzen dugunak, eta jostailuekin gertatzen den bezala, Eguberrietarako oparien kargu emakumea egiten da».

ORDUTEGI ZABALA

Igandeetan izan ezik gainerako egunetan zabalik izaten dute denda. Astelehenetik asteazkenera 10:00etatik 13:30era eta 17:00etatik 20:00etara. «Merkatariek ere erosketak egin ahal izan ditzaten, ostegun eta ostiraletan egun osoan zabaltzen dugu, 10:00etatik 20:00etara». Eta larunbatetan, 14:00ak arte izaten dute denda irekita. Rotetan bildu diren artisauek kezka agertzen dute merkataritza txikiaren desagerpenarekin. Agellek azaldu duenez, hiriak «hiltzen» ari dira denda txikiak itxi ahala: «Geroz eta herri inpertsonalagoak dauzkagu eta elkarren artean geroz eta berdinagoak. Horregatik iruditzen zaigu garrantzitsua horrelako espazioak birsortzea, harremanak egiteko tokiak baitira».

Euren modura eta eskura zeuzkaten baliabideekin atondu dute Villabonako Kale Berrian jarri duten denda. «Ez daude horrelako bi munduan», esan dute artisauek. Beren lanak ikusteaz gainera, erosi egin ahal izango dira eta nahi duenak ere enkarguak egin ahal izango ditu bertan. Kimurik gyotakuak eta haoriak jarri ditu salgai; Laia Varelak zilar eta urrez egindako bitxiak; Sualmak jolas askerako egurrezko jostailuak; eta Helena Agellek koadernaketa lanak eta zianotipia bezalako argazki prozesu alternatiboekin egindako paper eta telak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!