Azketa eta Bergera dira txapeldunak

Ataria 2022ko abe. 24a, 11:16

X. Antton Pebet Oroimenezkoaren finala jokatu zen atzo arratsaldean, eta Azketak eta Bergerak nagusitasunez irabazi zioten Espinal eta Garmendiari, 6-22ko markagailuarekin.

Final parekatua espero zen, baina partida hasi bezain laster ikusi zen urdinak oso bizi sartu zirela, eta beste mentalitate bat erakutsi zuten. Gainera, Azketak min handia egin zuen bere bolearekin, eta Bergera oso eroso eta pilotak gozatzen aritu zen. Espinal saiatu zen aurre egiten Azketaren jokoari, baina gehienetan ez zitzaion atera nahi bezala, eta partida aurrera joan ahala, gero eta burumakurrago zegoen. Garmendiak ez zuen erakutsi bere jokoa, eta gozakaitz aritu zen ia partida osoan.

Lehenengo aldiz jokatu dute elkarrekin Azkekak eta Bergerak Antton Pebet Oroimenezkoa eta txapela janztea «ikaragarria» izan dela azaldu zuten. «Beñatekin sekula jokatu gabe nengoen eta sekulako ilusioa egiten zidan berarekin jokatzea, eta irabaztea gauza handia izan da niretzat», esan zuen Bergerak.

Ez zuten espero partida hain alde izango zutela. «Oraintxe bertan Espinal eta Garmendia punta-puntan dabiltzan pilotariak dira. Esperantza beti duzu, baina faborito argi beraiek jotzen nituen. Ezustekoa izan da irabaztea, eta are gehiago horrela irabaztea», esan zuen Azketak. Bergerarentzat ere emaitza «ezusteko handia» izan zen: «Espinal eta Garmendia oso puntu onean daude, baina argi geneukan agresibo hasi behar genuela. Beñat ikaragarri hasi da, bolearekin min handia egin du, eta abiadura horretan jokatzea oso zaila da».

Hain justu, Azketak bolearekin egindako mina izan zen garaipenetako gakoetako bat. «Uste dut bolea nahiko berezkoa den postura bat dela. Zaila da entrenatzen, eta nik txikitatik izan dudan kolpe bat da. Momentuz emaitza onak ematen ditu eta mina egiten nuela ikusita, finalean erabili dut», azaldu du Azketak. Berak eraman zuen pilotari onenaren saria.

Emakumezkoen partida eta omenaldiak

Finalaren atarikoan emakumezkoen eskuzko pilota partida ikusteko aukera izan zen. Behar Zanako Miren Larrarte eta Miriam Arrillaga bikoak Olatz Agirrezabala eta Nora Mendizabal bikotearen aurka jokatu zuen, eta azken hauek eraman zuten garaipena, 11-22 irabaziz. Agirrezabalak erakutsi zuen zergatik den gaur egungo pilotaririk onenetakoa, hainbat tanto eginez, eta defentsan ere sendo azalduz.

Finalaren sari banaketaren aurretik, Munduko Pilota Txapelketan parte hartu zuten Behar Zana elkarteko lau pilotariei oroigarria eman zitzaien. Laurak txapeldunorde izan ziren: Miriam Arrillaga frontballean, Eneko Maiz eskuz trinketean, eta Joxi Lopetegi eta Sebas Moncada xarean. Antton Pebet zenaren gurasoei ere oroigarria eman zitzaien, eta beraiek izan ziren txapelak jantzi zizkiotenak irabazleei. Azkenik, sari banaketarekin batera, saskiaren eta kamisetaren zozketako irabazleei ere banatu zitzaien oparia.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!