Jaialdi biribila X. Antton Pebet Oroimenezkoaren finalerako

Ataria 2022ko abe. 21a, 11:00

X. Antton Pebet Oroimenezkoaren finala ostiral honetan jokatuko da, 19:00etan hasiko den jaialdiaren barruan. Azketa-Bergera eta Espinal-garmendia ariko dira finalean.

Villabonako Udal Pilotalekuan jokatuko da finala ostiralean. 19:00etan hasiko da jaialdia, eta lehendabizi emakumezkoen arteko goi mailako partida izango da jokoan. Olatz Agirrezabalak eta Nora Mendizabalek osatuko dute bikoteetako bat, eta bestea Behar Zana elkarteko Miren Larrarte eta Miriam Arrillagak.

Ondoren, Munduko Pilota Txapelketan parte hartu duten Behar Zana elkarteko lau pilotariei oroigarria eskainiko zaie. Guztiak izan ziren txapeldunorde: Miriam Arrillaga frontballean, Eneko Maiz eskuz trinketean, eta Joxi Lopetegi eta Sebas Moncada xarean. Segidan finala jokatuko da eta, bukatzeko, sari banaketan oroigarria emango zaie ere Antton Pebet zenaren gurasoei.

Finaleko jaialdirako sarrerak bost euro balio du. 16 urtez azpikoek sarrera doan izango dute, baina eskuratu egin behako dute. Sarrerak salgai daude Txurrut tabernan eta Amasa kafetegian; bestalde, Behar Zana elkartearen sare sozialen bitartez eskatu daitezke, edo beharzanapelota@gmail.com helbidera idatziz.

Final parekatua

Finalean, batetik, Azketak eta Bergerak osatutako bikoa ariko da; bestetik, Espinalek eta Garmendiak osatutakoa. Aurreko ostiralean jokatu zituzten finalerdiak Villabonako Udal Pilotalekuan, eta abantaila handiko markagailuekin irabazi zuten finalista bihurtu direnak.

Lehen finalerdian, Landa-Urruzola (Zugarralde-Pagazpe) eta Azketa-Bergera (Tartaloetxe-Irurtzun) aritu ziren nor baino nor. Urruzolak Elizegi ordezkatu zuen, osasun arazoengatik. Kolore urdina izan zuen partidak, nagusitasun handiz irabazi baitzuten Azketak eta Bergerak, markagailua 7-22 utziz. Bigarrengo finalerdian, Espinalek eta Garmendiak (Huarte-Lapke) markagailu berarekin irabazi zieten Muruari eta Alduntzini (Soraluze-Zugarralde).

Finala parekatua izatea espero du Iñaki Lizaso Behar Zanako kideak: «Zortez finala borrokatua izango dela espero dugu, eta nahiko orekatua. Esan daiteke Espinal eta Garmendia direla faboritoak, Garmendia irabazten ari delako jokatzen dituen txapelketa guztiak. Espinal ere maila oso onean dabil. Baina Azketa ere joko onarekin dabil, eta Bergerak eskarmentu handia du».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!