846 kilometro egingo dituzte bizikletaz, euskal presoen eskubideen alde

Irati Saizar Artola 2022ko abe. 21a, 07:59

Bizikletak, artxiboko irudi batean.

Frantziako Reau espetxetik Martuteneko espetxerainoko ibilbidea bizikletaz egingo du Villabonako herritar talde batek, abenduaren 26tik 31ra.

Abenduaren 25ean, bizikletak furgonetan hartu eta Pariserako bidea hartuko du Villabonako herritar talde batek. Reauko espetxetik Martuteneko espetxerako bidea bizikletaz egingo dute sei egunetan, 846 kilometro osatuz. Dispertsio egoera salatzearekin batera, euskal presoek eta haien senideek pairatu behar dituzten eskubide urraketak salatzeko asmotan emango dituzte pedalkadak bost lagunek. 

Tartean izango da Beñat Uribe billabonatarra. Denera zortzi lagunek egingo dute Frantziarako bidaia, eta horietatik bost itzuliko dira bizikletan. «Beste hirurek furgonetaz lagunduko gaituzte, eta dokumental bat ere grabatu nahi dugunez, irudiak hartzen ere arituko dira», kontatu du. 

Abenduaren 26an Reauko espetxe atarian «ekitaldi xume bat» egingo dute, eta jarraian ekingo diote bideari. Egunero 160 kilometro osatuko dituzte, eta zehaztuta dituzte etapak. Lehen gaua Bloisen igaroko dute; Poitiersen bigarrena; hirugarren helmuga Barbezieux izango dute; Landetara iritsiko dira laugarren gauerako, Biscarrossera. Handik, Ziburura iritsiko dira abenduaren 30ean, eta azken kilometroak abenduaren 31ean egingo dituzte, Martutenera iritsi ahal izateko. 

«Martutenera iristean bat egingo dugu Sarek egun horretarako deitu duen Gabonetako mobilizazioarekin, Martuteneko espetxetik Loiolarako martxarekin, hain zuzen». 11:00etan izango da mobilizazioa, eta 10:45erako espetxe atarira iristea aurreikusi dute. Azken eguneko kilometroak egiteko laguntza eta elkartasuna eskatu du Uribek: «Etor daitezela herritarrak bizikletak hartuta, azken kilometroak gurekin batera egitera, ongietorriak izango dira». Abenduaren 31n, 08:00etan aterako dira Ziburuko frontoiko plazatik; 08:15ean Urruñako herriko plazatik pasako dira; 08:45ean Irungo herriko plazatik; Oiartzungo herriko plazatik, berriz, 09:45ean; eta Astigarragako sarrerako biribilgunetik 10:30ean pasatzea aurreikusi dute.

Urrunenetik gertuenera

Etxeratek, presoen lekualdaketen berri emanez, mapa bat aurkeztu zuen urrian, euskal presoak zein espetxetan dauden iragarriz. Espainiar eta frantziar estatuak kontuan hartuta, momentu honetan, Reauko espetxea da Euskal Herritik urrunen dagoena, «diferentziaz». Gaur egun, espainiar estatuan urrunen dauden euskal presoak Madrilen daude, eta frantziar estatuan, Reauko kasuaz aparte, Lannemezanen daude urrunen daudenak. «Egoera horri buelta batzuk ematen hasi ginen, eta hortik sortu genuen 846 ekimena», kontatu du Uribek. «Bizikletan ibiltzen garenez, handik itzulera bizikletaz egitea polita izan zitekeela ikusi genuen». 

Euskal gizartean «oraindik ere dispertsioa dagoela ikusaraztea» nahi dute, eta lanean jarraitzea tokatzen dela esan du. Dispertsioarekin amaitzea aldarrikatuko dute beraz, baina ez dira Parisko kasura soilik mugatuko: «Behin aldarrikapena egiten hasita, aldarrikapen zabalago bat egin nahi genuke, euskal presoek orokorrean jasaten dituzten eskubide urraketak salatzeko asmoa ere badaukagu». 

Ainhoa Ozaeta andoaindarra da Reauko espetxean dagoen euskal presoa. «Han egotea ez da kasualitatea». Uribek kontatu duenez, «emakume izate hutsagatik dago espetxe hartan». Esan du frantziar estatuan espetxeak ez daudela emakumeentzat prestatuta: «Ez daukate modulurik, tailerrik ere ez dute... berak eskatuta ere ez lukete gerturatuko». Reauko espetxean emakumeentzako modulu bat dute, eta hor dago andoaindarra. 

Villabonako herritar talde horrek aukera izan du Ainhoa Ozaeta euskal presoarekin telefonoz hitz egiteko: «Ainhoak esaten zigun zigor bikoitza duela: emakume izateagatik batetik, eta espetxean egoteagatik bestetik; eta hirugarren bat gehitu zaiola: dispertsioarena». 

Abenduaren 26tik 31ra, beraz, sei egunez, Euskal Herritik urrunen dagoen espetxetik gertuen dagoen espetxerako bidea lotuko dute, bizikletaz, bost gaztek. «Gabonak data seinalatuak dira gainera, hutsuneak sumatzeko datak dira, bai espetxean dagoenarentzat eta baita familientzat ere. Guk elkartasuna adierazi eta gure aletxoa jarri nahi dugu».  

Mobilizazio gehiago

Gabonen bueltan, urteroko hitzorduak izango dira, Tolosan zein Villabonan, euskal presoen etxeratzea eskatzeko. Abenduaren 24an, Tolosan, manifestazioa deitu du Sarek, 18:45ean, Triangulotik aterata. Egun berean, Villabonan, giza katea antolatu dute, 19:00etan, Iru Aldetatik hasita. 

Abenduaren 31n, berriz, Aiztondoko udalek deituta, manifestazioa egingo dute 18:30ean, Villabonako udaletxetik abiatuta. 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!