Erreka eta Mikeligartza arteko errepidea konpondu dute

Ataria 2022ko abenduaren 17a

Villabonako Udalak amaitu berri ditu Aranerrekatik gora, Mikeligartza eta Erreka baserrien artean luizi baten ondorioz eroritako errepide zatia berreraikitzeko lanak. Dagoeneko bidea zabalik dago autoentzat.

Pasa den urtarrilean Erreka eta Mikeligartza baserrien arteko errepide zatian luizi bat izan eta errepidearen zati bat hondoratu zen. Errepide zati hori eremu oso malkartsutik igarotzen da, desnibel handia dauka, eta apirilean berriz ere lur gehiago erori zen bidetik behera. Ondorioz, bidearen egoera arriskutsua zenez, udalak errepidea itxi behar izan zuen autoen joan etorrietarako.

Udala errepide zati hau konpontzeko aukera ezberdinak aztertzen aritu da azken hilabeteetan, eta arazoak izan dira behin betirako soluzio egonkor bat topatzeko. Azkenean, adituek gomendatutako zimendapen eta eskollera bidezko sistema bat erabili dute errepide zati hau egonkortzeko eta berriro erortzeko arriskua minimizatzeko.

Horrela, Irmo Ingenieritza Zibila SLP enpresak errepidea eusteko proiektuaren erredakzioa egin eta obraren zuzendaritza hartu zuen bere gain. Lan hauetarako udalak 6.413 euro ordaindu zizkion enpresari. Bestetik, proiektuaren exekuzioa Egurki Eraikuntzak S.L. enpresak egin zuen eta udalak 48.213 euroko kontratua egin zion. Beraz, guztira, Amasa-Villabonako Udalak 54.626 euroko inbertsioa egin behar izan zuen errepide zati honen konponketa gauzatzeko.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!