Beatriz Unzue da EH Bilduren alkategaia

Ataria 2022ko abenduaren 13a

Egungo Villabonako alkatea, Beatriz Unzue, izango da maiatzeko udal hauteskundeetako EH Bilduren alkategaia.

Amasa-Villabonako EH Bilduk esan duenez, alkategaia hautatzeko barne prozesua garatu du eta herriko militantziak, bilkideek eta oinarri sozialak aho batez babestu dute Beatriz Unzue-ren hautagaitza. Azaldu du era berean, Amasa-Villabonako mahai politikoak eta hauteskunde batzordeak Beatriz Unzue proposatu zutela datozen udal hauteskundeetan berriro ere zerrendaburu edo alkategai izateko, eta pasa den azaroaren 30ean Subijana etxean egindako Herri Batzar irekian parte hartu zuten bilkide eta herritarrek aho batez berretsi zutela bere hautagaitza. Beatriz Unzue Esnaola egungo Amasa-Villabonako alkatea da, EH Bilduren hautagaitzak gehiengo osoa eskuratu baitzuen 2019ko udal hauteskundeetan.

Bilduk esan du legealdi honetan gaitasun handia erakutsi duela alkate gisa eta herritarrekiko gertutasuna, enpatia eta gardentasuna izan direla bere jardunaren ikurrak. Beatriz Unzuek beste lau urtez udalean lanean jarraitzeko eta hasitako bideari jarraipena emateko gogoz dagoela adierazi du «gauza asko egin ditugu baina beste egitasmo asko ditugu martxan, eta horiek aurrera atera nahi nituzke, EH Bilduko udal taldearekin batera». 

Dagoeneko martxan daude Amasa-Villabonako EH Bilduko hauteskunde batzordeak sortutako lan-talde ezberdinak, eta datozen aste eta hilabeteetan hautagaien zerrenda eta herri programa osatzeko lanetan murgilduko dira. Horretarako herritarren ekarpenak jasotzeko baliabideak jarriko dira martxan, EH Bildurentzat ezinbestekoa baita herritarrei zuzenean entzutea, gaizki egindakoak konpontzeko eta aurrera begira, herri programako egitasmoak definitzeko.

Beatriz Unzue Esnaolaren hautagaitza publikoki aurkezteko ekitaldia antolatu du EH Bilduk. Ekitaldia datorren abenduaren 23an izango da 19:00etatik aurrera Villabonako Berdura plazan.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!