Agroekologiaren eta elikaduraren inguruko jardunaldiak egingo dituzte

Ataria 2022ko abe. 11a, 10:00

Amasa-Villabonako Udalak EH Kolektiboarekin batera antolatu ditu sentsibilizazio jardunaldiak, abenduaren 13tik 17ra.

Amasa-Villabonako Udalak agroekologiaren inguruko lanketa abiatu du legealdi honetan. Azken bi urteetan Azoka Ekologikoa antolatu dute, adibidez, eta lanketa horrekin jarraitzeko agroekologiaren inguruko jardunaldiak antolatu dituzte egunotarako. EH Kolektiboarekin elkarlanean abenduaren 13tik 17ra egingo dituzte sentsibilizazio jardunaldiak.

Jardunaldi hauen bitartez elikagaiak modu kontzienteagoan kontsumitzeko tresnak eta baliabideak eskaini nahi zaizkie herritarrei. Era berean, ekoizpen-ereduetan sakonduko dute, eta ekologiari, bertakoari eta ekonomia sozial eta solidarioan oinarritutakoari balio berezia eman nahi diote. "Bizi dugun krisi ekosozialak gure bizi ohiturak errotik aldatzea eskatzen digu", aipatu dute udaleko iturriek. "Agroekologiaz ari garenean, ez gara elikagai ekologikoetara bakarrik mugatzen. Bertako eta garaiko produktuez ari gara; bidezko eta gertuko tratuan oinarritutako elikagaiez mintzo gara. Ingurumena eta honen mugak errespetatuz komunitate sendo eta osasuntsuak eraikitzeko bide bat da agroekologia", esan dute.

Hau da agroekologia eta elikaduraren sentsibilizazio jardunaldien egitaraua:

  • Abenduak 13, asteartea
    • 10:00 - 13:00. Agroekologiaren inguruko sentsibilizazio puntua ezarriko da Berdura plazan
  • Abenduak 15, osteguna
    • 19:30. Gure antzokian Zure platerean hasten da mundua dokumentala eskainiko dute. Ondoren herriko elkarte eta ekoizleekin solasaldia egingo da. Sarrera, 3 euro.
  • Abenduak 16, ostirala
    • 18:00. Villabonako Subijana etxean Zure platerean hasten da mundua solasaldi-merienda. Nolakoa izango da gure etorkizuneko elikadura? Zentzumen guztiak erabiliz hausnarketa egiteko saioa egingo dute
  • Abenduak 17, larunbata
    • Irure-Txiki Errezilgo baserriko ekoizlearen etxaldera bisita egingo dute eta produktu dastaketa egingo dute bertan. Etxaldera joateko 635 202 146 telefonoan eman beharko da izena.

Eguberrien atarian, Amasa-Villabonako Udalak gehiegizko kontsumoa alde batera uzteko gomendioa luzatu du: "Behar dena erosi, eta ahal den neurrian berrerabiltzeak etxeko ekonomian ez ezik gure biziraupenean ere eragina du. Eta nola ez, jai egun hauetan dastatuko ditugun jakiak ekoizle txikienak, gertukoak, ekologikoak eta garaikoak badira askoz hobe", esan dute udal arduradunek.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!