Zaintzaren inguruan jardunaldia antolatu du Lurgatzek

Tolosaldeko Ataria 2022ko abe. 8a, 10:01
Justizia feministaren inguruan eztabaidatzeko 2021ean Lurgatzek antolatutako mahai ingurua

Abenduaren 15ean, Subijana etxean, 18:30ean egingo dute mahai ingurua. Sos Arrazakeria eta Matia Fundazioko kideek hartuko dute parte.

Amasa-Villabonako Lurgatz talde feministak zaintzaren gaia aztertuko du abenduaren 15ean Subijana etxean antolatutako jardunaldi batean. "Mugimendu feministan zaintza erdigunean kokatua dugu eta gaia sustraietatik heltzearen beharra ikusten dugu", esan dute talde feministatik. 18:30etatik aurrera egingo dute mahai ingurua eta bertan parte hartzera deitu dituzte herritarrak.

Jardunaldi honetan parte hartuko dute Sos Arrazakeriako Tatiana Bellorinek eta Jone Urionaguenak. Etxe barneko langileek bizi dituzten baldintza prekarioen inguruan hitz egingo dute eta baldintza horiek familiekin batera lan eginez nola hobetu daitezkeen azalduko dute. Bestalde, Matia Fundazioko etxeko eta komunitateko arreta zuzendari den Maider Azurmendik ere hartuko du parte saioan. 

Lurgatz talde feministak aipatu duenez, Euskal Herrian zaintza zerbitzuak emateko enpresa, elkarte eta fundazio ezberdinak daude. Adinduei edota lanerako ezintasun osoa duten pertsonei babesa ematen diete eta enpresa hauen artean eredu ezberdinak topa daitezke. Eredu horietan sakontzeko jardunaldia izango da abenduaren 15ekoa. Dena den, Lurgatzek guztion "interdependentzia" azpimarratu eta mahai gaineratu nahi du Villabonan antolatutako jardunaldian: "Zaintzan denok gure eskubide zein betebeharrak ditugu".

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!