Aurrekontua babestu du lehen aldiz EAJk legealdi honetan

Jon Miranda Labaien 2022ko abe. 8a, 07:59

7,4 milioi euroko aurrekontua onartu dute; %46 murriztu dituzte inbertsioak, baina gerakineko funtsa erabili asmo dute proiektu berriak gauzatzeko.

Babes zabala izan du 2023ko aurrekontuak Amasa-Villabonako Udalean. EH Bilduren udal gobernuak proposatutako aurrekontu proiektuaren alde egitea erabaki du EAJk, legealdi honetan lehen aldiz. Alderdi jeltzaleko zinegotzi Patxi Agirrek nabarmendu duenez, «konfiantzazko botoa» eman nahi izan diote EH Bilduri: «Teoriari baiezkoa emango diogu, baina ikusiko dugu gero praktikan zein emaitza ematen dituen. Erne egongo gara aurrekariak ez baitira onak». Aldeko 12 boto jaso ditu aurrekontu proiektuak eta PSE-EEko zinegotzi bakarraren kontrako botoa.

Aurrekontu proiektuan jasotako zenbait partida «identitariotzat» jo zituen Maria Luisa Arija sozialistak kontrako botoa argudiatzeko eta tartean aipatu zituen Herri Urratsi edota Nafarroa Oinezi emandako laguntzak. Horrekin batera, aurrekontu proiektuan «boluntarismo handia» dagoela nabarmendu zuen Arijak: «Exekuzioan zailtasunak ikusten ditut, kontuan hartuta gainera, hurrengo urtea hauteskunde urtea dela. Proiektu handietara jotzen dugu maiz eta gero egitasmo horiek gauzatzerako orduan egikaritzeko ezintasun teknikoekin egiten dugu topo. Hitz emandakoa ezin bete aurkitzen gara». Besteak beste, Larreako parkea estaltzearen proiektua aipatu zuen PSE-EEko zinegotziak.

Udal gobernuaren izenean Xabat Laborde alkateordeak azpimarratu zuen datozen hilabeteetan gauzatuko diren hainbat inbertsioetarako finantziazioa 2022ko aurrekontutik aterako dela eta horregatik ez daudela jasota 2023ko proiektuan. Larreako parkea estaltzearekin batera aipatu ditu, kiroldegiko teilatua eraberritzea, kirol kantxako lurzorua aldatzea, komun publikoak jartzea, Erreboteko plazako ur parkea, kalistenia parkea edota Otsabiko Pump Track zirkuitua asfaltatzea. Oposizioko alderdiek proiektu hauek orain arte gauzatu ez izana leporatu diote udal gobernuari eta Labordek udal funtzionamenduan egon diren gabeziei egotzi die egoera: «Ez da gobernaren utzikeriagatik izan, udaleko makineriak baldintzatu du proiektuen gauzatzea. Erabakia politikoak hartuta daude, pleguak onartuta, proiektuak diruz hornituta, baina gero esleipenaren unean blokeatzen dira egitasmoak».

EH Bilduko udal gobernuaren jarrera kritikatu dute alderdi jeltzaletik: «Planteatu bai baina ez duzue gauzatzen, saiatu bai, baina proiektuak ez dituzue errealitate bihurtzen. Zuena nahia baina ezina da». Hala ere, oposizio «eraikitzaile eta proposatzailea» egiteko konpromisoan berretsi da EAJ, eta norabide horretan, euren taldeak aurretik egindako proposamenak hurrengo urteko aurrekontuan txertatu izana begi onez ikusi du. Egitasmo horien artean daude, Agirreren esanetan, Txermingo aparkalekuaren egokitzea edota Etxeondo auzunearen birgaitzea.

Inbertsio nagusiak

7.428.723 euroko aurrekontua onartu du 2023rako Amasa-Villabonako Udalak, «inoizko handiena», Laborderen esanetan. «Tamalez diru sarreretan izan den igoerak ez du berdindu gastuek izan duten hazkundea, testuinguru orokorrak udalean ere eragin nabarmena izan baitu». Udal zerbitzuek eta gastu arruntek %6,3ko igoera izango dute datorren urtean. KPIaren igoerak eta batez ere argindarraren, gasaren eta oinarrizko lehengaien prezioaren igoerak eragin dute gastuaren hazkuntza.

Egoera horrek eraginda 2023an udalak inbertsioetara bideratutako aurrekontuak jaitsiera handia izango du. 388.632 euro erabiliko dituzte inbertsioetara, iaz baino %46 gutxiago. «Zerrenda osoa onartu dugu, baina behin 2022ko likidazioa eginda udal gerakineko funtsa proposatzen dugu partida horiek diruz hornitzeko».

Udalak 2023ko inbertsio aipagarrienen artean jo ditu ondorengoak: udal liburutegiaren handitzea eta eraberritze integrala; Txermingo aparkaleku handiaren eraberritzea; Txermin auzoa berrurbanizatzea; irisgarritasuna hobetzea; udal artxiboan fotoketa digitala sortzea; Amasako hilerrian konponketak egitea; eta Oria ibaiko oinezko zubiko lurra berritzea.

Labordek azpimarratu du 2023ko aurrekontuak aurreko urtekoaren izaera berdinari eusten diola eta gizarte zerbitzuetan egindako ahalegina mantendu dutela. «Aipagarria da herriko adinekoentzat ikastaroak antolatzeko 6.000 euroko partida berri bat sortu dela», esan du alkateordeak.

Udal gobernuaren eta alkatetzaren gastuak murrizteko egin duten ariketa ere azpimarratu du Labordek. «Esanguratsua da atal honetan egin dugun gastu murrizketa, pasa den urtearekin alderatuta %16,9 jaitsi da aurrekontua eta legealdia hasi zenetik %42,1 beheratu ditugu gastuak, ordezkari politikoen soldata jaitsierak kontuan hartu gabe».

Kirol sailak 559.611 euroko aurrekontua izango du. Gastua %141 igo da departamendu honetan eta Olaederra kiroldegiaren defizitarekin lotu dute igoera udal gobernuko kideek: «Pandemiaren eraginez kiroldegiak bazkide asko galdu zituen, diru sarrerak nabarmen murriztuz eta aldi berean gastuak asko handitu dira. Horrek kiroldegiaren balantze ekonomikoan desoreka handia sortu du eta udala behartuta dago desoreka hori diruz konpentsatzera. Hurrengo urtean, 2023an, helburu horretara 350.000 euro bideratu beharko direla aurreikusten dugu».

Diru laguntza igoerak

Amasa-Villabonako Udalak herriko eragileei bideratzen dien diru laguntzetan %27ko igoera izango da 2023an. Besteak beste, Oinkari dantza taldeari, Harituz bertsozaleen elkarguneari, Zunbeltz elkarteari eta Behar Zana pilota elkarteari egingo zaizkie ekarpenak. Amasako Uxo Toki elkarteari %170ean igoko zaio diru laguntza 50. urteurrenagatik, eta lehenengo aldiz jasoko dute laguntza Aiztondoko Neskide klubak, Oria ibaia Nord Walking taldeak eta Irrika aisialdi elkarteak.

7,4 MILIOI EUROKO AURREKONTUA
  • Pertsonal gastuak: 2.775.952 euro.
  • Gastu arruntak eta udal zerbitzuak: 2.806.984 euro.
  • Diru laguntzak eta ekarpenak: 1.47.454 euro.
  • Inbertsioak: 388.632 euro.

    Finantza gastuak: 209.700 euro.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!