Goi mailako pilota partidak, Antton Pebeten Oroimenezkoan

Imanol Garcia Landa 2022ko abe. 1a, 19:59
Aurreko Antton Pebet Oroimenezkoaren sari banaketa.

Hamargarren edizioa izango da aurtengoa eta final-laurdenen lehen jardunaldia bihar jokatuko da, Villabonako Udal Pilotalekuan.

Berezia izango da aurtengo Antton Pebeten Oroimenezko pilota txapelketa. Batetik, hamargarrena izango delako, eta, bestetik, Eguberrien inguruan egingo den azkena izango delako. Gizonezkoen pilotari afizionatu onenetarikoak lehiatuko dira beste behin Behar Zana elkarteak antolatzen duen txapelketan, eta, beraz, Villabonako Udal Pilotalekuan maila handiko partidak ikusteko aukera izango da, beste urte batez.

Berez ez luke hamargarren edizioa izan beharko aurtengoak, 2009an antolatu baitzuten lehen edizioa, Iñaki Lizaso Behar Zanako kideak azaldu duenez: «Antton 2009an hil zen eta urte horretan antolatu genuen lehen aldiz. Pare bat urtetan arazo batzuk izan genituen antolatzeko, eta horregatik aurten izango da hamargarren edizioa».

Aurtengoa Eguberrietan egingo den azkena izango da. «Txapelketa antolatzen hasi ginenean txapelketa ofizialekin ez zuen bat egiten, baina orain egutegia luzatu egin da. Aldi berean, txapelketa pribatu gehiago egiten dira garai honetan, eta horregatik egutegiz aldatzea pentsatu dugu, pilotariei partida gehiegi ez pilatzeko», esan du Lizasok. Hurrengo urtean Santioko Pilota Txapelketarekin uztartuko dute, eta, beraz, uztailean zehar jokatuko da.

Pilotari onenak txapelketan parte hartzea nahi izaten dute Behar Zana elkartetik. «Egongo diren pilotariak maila handikoak dira. Badaude beste hainbat ere maila hori dutenak, baina ez dago guztientzako lekurik», esan du Lizasok. «Txapelketa pribatu askok adin muga izaten dute, eta guk ez, guk maila lehenesten dugu».

Bihar hasiko da txapelketa, final-laurdenetako lehen jardunaldiarekin. Lehen partidan Landa (Zugarralde) eta Elizegi (Tartaloetxe) bikoa Elizalde (Zugarralde) eta Olidenen (Lapke) aurka ariko dira. «Elizegi azken urteetan Euskadiko txapelketetan txapelduna izan da eta Landak Espinal ordezkatuko du, final bat baitu. Elizaldek berez Urruzolarekin jokatu behar zuen, Santio Txapelketa irabazi ondoren, baina Urruzola eskuetako minez dago eta bere ordez Oliden ariko da», esan du Lizasok. Bigarrengo partidan, Urbieta II.a asteasuarra (Behar Zana) eta E. Lizeaga (Mundarro) bikoa eta Azketa (Tartaloetxe) eta Ugartemendia alkizarra (Tolosa Aurrera) bikoa lehiatuko dira. «Ekain Lizeagak Garmendiaren ordez jokatuko du, final bat jokatuko baitu horrek ere, hain justu Espinalen aurka».

Finalerdien beste jardunaldia abenduaren 9an jokatuko da. Lehen partidan Murua (Soraluze) eta Alduntzin (Zugarralde) bikoa eta Eneko Labaka albizturtarra (Tolosa Aurrera) eta Erasun zizurkildarra (Behar Zana) ariko dira. «Muruak aurreko txapelketa irabazi zuen eta Alduntzin atzelari onenetakoa da ere. Eneko Labakak txapelketa asko irabazi ditu, eta Antton Pebet Oroimenezkoa irabaztea falta zaio, eta Erasun profesionaletan bere maila erakutsitakoa da», zehaztu du Lizasok. Bigarren partidan, Arteaga II.a (Behar Zana) eta Lizeaga (Hernani), Igoa (Oberena) eta Aizpuru asteasuarraren (Tolosa Aurrera) aurka ariko dira. «Arteaga orain gutxi arte profesionala izan da eta oso atzelari ona den Lizeagarekin ariko da, bikote ona eginez. Igoa etorkizuneko pilotaria da, eta Aizpuru iazko txapelduna izan zena».

Finalerdiak abenduaren 16an jokatuko dira eta finala abenduaren 23an izango da.

ENEKO MAIZ, IRABAZLE

Eneko Maiz Behar Zana elkarteko pilotariak trinketeko Eskulari Pro Pilota txapelketa irabazi du, buruz buru, 40-16 irabaziz Mattin Olçomendyri.

Bestalde, Behar Zanako Miren Larrartek eta Itxaso Erasunek eskuz binakako nagusi mailako Gipuzkoako Txapelketaren finala jokatuko dute, larunbat arratsaldean, Hernaniko Udal Pilotalekuan, Aloña Mendi Pilota Elkartearen aurka.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!