Amasa-Villabona Herri Hezitzailea topaketa egingo dute gaur

Ataria 2022ko azaroaren 28a

Gaur, Subijana etxean, 17:30etik aurrera egingo dute topaketa.

Amasa-Villabonako Udalak herria balioen eremu hezitzaile moduan sustatu nahi du. Herriko ikastetxe, hezkuntza ez formaleko eragile eta herrigintzako elkarteekin batera, udala bera hezkuntza eragilea dela pentsatzen du eta horregatik Amasa-Villabona Herri Hezitzailea topaketa antolatu du azaroaren 28rako Subijana etxean, 17:30etik aurrera. Oinherri elkartearekin elkarlanean antolatu du topaketa.

"Hezkuntza, familiatik eta eskolatik harago luzatzen da, ez da haurtzaroan hasi eta haurtzaroan bukatzen den prozesua", aipatu dute udal ordezkariek. Beraz, Amasa-Villabonako herria eremu hezitzaile moduan garatzen hasteko eta elkarlan horizontalak eraikitzeko antolatu dute topaketa. Herriko haur, nerabe eta gazteekin lan egiten duten eragileen topaketa izango dela ziurtatu dute udaletik. "Guztion arteko elkarlana sustatu eta elkarbizitzarako bideak eraikitzeko helburua egitasmo honek".

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!