Indarkeria matxistaren aurkako eguna 2022

Tximeletak, eraildako emakume eta haurrak gogoratzeko

Ataria 2022ko azaroaren 25a

Herriko ikastetxeetako, Santiago egoitzako, Helduen Heziketa Iraunkorreko zentroko kide eta herriko hainbat eragilek hartu dute parte ekimenean, udal ordezkariekin batera.

Indarkeria matxistak hil dituen emakumeak eta indarkeria bikarioagatik eraildako haurrak ekarri ditu gogora gaur Amasa-Villabonako Udalak. Zubimusu, Fleming eta Erniobea ikastetxeetako ikasleek sortutako tximeletekin jantzi dute Berdura plazan jarri duten horma-irudia. Ekitaldian udal ordezkariekin batera Santiago egoitzak, Helduen Heziketa Iraunkorreko zentroak eta herriko beste zenbait eragilek hartu dute parte eta Amaia Agirre herriko bertsolariak egun honetarako propio sortutako bertsoak kantatu dituzte elkarrekin, ekimenari amaiera emateko.

Amasa-Villabonako Udalak indarkeria matxista pairatzen duten edo sufritu duten emakume zein haur guztiekiko elkartasuna adierazi du, eta bide batez, azpimarratu du indarkeria matxista kasuak ez direla erailketak soilik. Tratu txarrak, etxeko indarkeria, umiliazioak, kontrola … ere indarkeria matxista dira", aipatu du Beatriz Unzue alkateak.

Amaitzeko, Amasa-Villabonako Udalak gaur arratsaldean Aiztondoko Mugimendu Feministak antolatutako elkarretaratze ibiltariarekin bat egin eta herritarrei protesta ekimen horietan aktiboki parte hartzeko gonbita luzatu die. "Emakumeen aurkako indarkeria salatzeko beharrezkoa da herritar guztion indarrak batzea. Indarkeria matxistari aurre egitea denon ardura da", aipatu dute udal ordezkariek.

Argazkiak: Amasa-Villabonako Udala

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!