'Batetik Bestera' antzezlana, igandean, Gurea antzokian

Ataria 2022ko aza. 18a, 07:57

17:00etan hasiko da umorezko antzerki obra; haurrak eta gazteak hezten laguntzeko helduen ezintasun, kontraesan eta ergelkeriak partekatuko dituzte, giza migrazioei buruz hitz eginez.

Batetik Bestera Benetan Be konpainiaren umorezko antzerki obra da, hiru urtetik gorako haurrei eta familiei zuzendutakoa. «Giza migrazioei buruz hitz egingo dugu txorien migrazioen bidez. Umoretik helduko diogu gaiari eta txotxongilo eta bideoproiekzioen laguntzaz, zuzeneko musikaren uhinek hegalean altxatuko dituzte ikusleak antzokiko eserlekuetatik», adierazi dute konpainiako kideek.

Taldearen hirugarren ikuskizuna da, eta aurreko bietan bezala, haurrak eta gazteak hazten laguntzeko helduen ezintasun, kontraesan eta ergelkeriak  partekatuko dituzte. «Migrazioaren gaian sakonduko dugu umorearen bidez, haurrak indarkeriatik babesten, izugarrikeria ez dadin behin eta berriro errepikatu. Aldi berean, ingurumenaren eta gure ondare naturalaren ezagutza, babesa eta maitasuna sustatuko ditu antzezlanak eta elkartasuna, elkarbizitza, kulturartekotasuna balorean jarriko ditu. Eta jakin-mina. Jakin-min asegaitza! Txoriburu izango gara hausnarketarako abiapuntu izateko grinaz.», azaldu dute.

Formatu ertaineko ikuskizuna da, umorea, musika, txotxongiloak eta ikus-entzunezko proiekzioak uztartzen dituena, era garbi eta arinean. «Proposamen eszenografikoa, soila, arina eta malgua izango da. Naturako elementuek osatuko dute eta argiekin batera testura eta giro ezberdinak sortuko dituzte. Eta airea izango da. Musikan, espazioan, mugimenduan».

Testua idazteko, egileak dokumentazio eta ikerketa lan sakona burutu du: Urdaibai Bird Center eta BC3 (Basque Center for Climate Change) taldeko ikerlariekin elkarlanean aritu da, baita Ongietorri Errefuxiatuak eta Zehar taldeko lagunekin ere. «Aurrekoetan bezela, idazketa taulari lotua izan da. Idazlearen proposamenen eta lantaldearen ekarpenen arteko hartu-eman estuan. Tratamendu dramaturgikoari dagokionez, egitura orokorra zirkularra izango da. Hasi eta bukatu, hasi eta bukatu, etenik gabeko joan-etorrian. Eta kontrapuntuan, atseden uneak. Geldiuneak. Ikusleak euren eserlekuetan, behatzaile bihurtuko dira. Eta euren prismatikoen zoom-a zorroztu ahala, irudia zehaztu ahalko dute».

Aurreko bi ikuskizunetan bezala, musika- eta antzerki-sorkuntza batera joan dira. Soinu-espazioa osatzeko naturan murgildu dira. «Lekuan lekuko grabazioak egin ditugu eta horiekin elikatu ditugu bai soinu-espazioa, bai sorkuntza musikala bera. Aktoreok zuzenean abesten ditugun kantu originalak ere sortu ditugu».

Izan ere, ikuskizunaren sorkuntza prozesuarekin batera, abesti eta kantu sorta bat osatzen dabiltza. «Kantu sorta horrek gure itsaslabar, hezegune eta paduren biodibertsitatea izango du hizpide, hala nola partekatzea, bidaiatzea, jakin-mina, kultura ezberdinen ezagutza eta bestelako erronka txiki eta handiak. Antzerkiaren oihartzunak iraun dezala kantuan!».

Benetan Be taldea, Zubi deialdiaren bultzadarekin, Inondik Inora proiektua aurrera ateratzako sortu zen ekimena da. Euskarazko antzerkiaren bitartez, bizitzan sortzen diren galdera, zirrara, eta beharren aurrean hausnarketarako sormen gunea izateko indarrarekin jaio zen. «Gure bigarren ikuskizunarekin, Porno vs Afrodita (edo I ♥ #gorkaurbizu), ikusle heldu eta oraindik heldu ez direnei zuzendua, pandemiaren erdian, Euskal Herriko bazterrak astindu genituen gure ergelkeria sexual eta afektiboez ikusleekin barrez lehertzen. Orain, hirugarren ikuskizuna aurkezten dizuegu, ostera ere etxeko txikienak jomuga dituena».

Sinopsia:

Bor-bor batean dago Hezegunea. Udaberriko migrazioa hemen da! Iparrerantz doazen lehenengo bidaiariak heltzen hasi dira, indarberritzeko premiaz. Prismatikoetatik adi-adi begiratzen baduzue, laster bereizi ahalko dituzue horietako hainbat. Gehienek alabeharrez ekin diote bidaiari, bueltatzeko aukerarik izango duten ere jakin gabe. Zer oztopo aurkituko dituzte bidean? Zer helduleku… Ixo, ixo, ixo! Begira!!!

Fitxa teknikoa:

  • Testua eta zuzendaritza artistikoa: Patricia Urrutia
  • Zuzendaritza: Elena Olivieri
  • Antzezleak: Patricia Urrutia, Juanjo Otero eta Jon Zumelaga
  • Musika: Asier Ituarte
  • Eszenografia: Amaia Garate
  • Txotxongiloak: Maia Skovush
  • Argiztapen diseinua eta teknikaria biran: Edu Berja
  • Jantzitegia: Nati Ortiz de Zarate
  • Diseinu grafikoa: Roberto Quintana
  • Argazkiak: Ainhoa Resano
  • Webgunea: No Media Estudio
  • Ekoizpen laguntzailea: Esther Terradas
  • Ekoizpena eta Banaketa: Benetan Be
  • Hizkuntza: Euskara
  • Iraupena: 55 minutu

Egutegia:

  • Azaroak 18, Berriz
  • Azaroak 19, Azpeitia
  • Azaroak 20, Amasa-Villabona
  • Azaroak 23, Sestao
  • Azaroak 27, Gernika
  • Abenduak 3, Zornotza
  • Abenduak 11, Arrigorriaga
  • Abenduak 16, Orereta
  • Abenduak 17, Donostia
  • Urtarrilak 3, Eibar
  • Urtarrilak 14, Arrasate
  • Otsailak 12, Santurtzi
  • Otsailak 18, Donostia
  • Otsailak 26, Astigarraga
  • Martxoak 5, Galdakao
  • Martxoak 12, Basauri
 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!