BABESTUTAKO EDUKIA

Euskal eduki sortzaile berrien kabia

Tolosaldeko Ataria 2022ko aza. 17a, 10:00
Saridun guztien taldeko argazkia.

Arnasa Gara-k antolatutako ‘Arnasetik’ bideosormen lehiaketaren lehen edizioak sormena sustatu du euskararen arnasguneetako gazteen artean.

Euskaraz sortuko duten sortzaileak behar ditu euskarak, eta hauen arrastoaren atzetik euskararen arnasguneei bisita egin die Arnasetik bideosormen lehiaketak. Arnasa Gara ekimenak antolatutako lehiaketa honen lehen edizio hau arnasguneetan bizi diren 10-16 urte bitarteko gaztetxoei zuzendu zaie, bai eta arnasguneetako ikasleak jasotzen dituzten ikastetxeetako ikasleei ere, eta harrera bikaina izan du.

Irailean abiatutako Arnasetik sormen lehiaketak urriaren 28an izan zuen amaiera gala, Amasa-Villabonako Gurea Antzokian. Lehiaketaren lehen edizioa arrakastatsua izan da: 99 lan jaso ditu epaimahaiak eta haien kalitatea azpimarratzekoa izan da. Adinaren arabera hiru kategoria izan ditu lehiaketak, eta kategoria bakoitzean erronka bati erantzun behar izan diote, guztiak euskararekin eta arnasguneetako hizkuntza-ohiturei zein bizipenei lotuak. 

Gonbidatu bereziak
Bideosormen lehiaketa honetako sari banaketa ekitaldia ere berezia izan zen. Julen Portillo euskal eduki sortzailea izan zen 
gidaria, eta Sara Alonso musikariak hiru pieza eskaini zituen teklatuarekin. Julen Portillo zarauztarra da, eta Sara Alonso aramaioarra; biak udal euskaldun batean eta arnasgune batean jaiotakoak, eta biak ala biak euskaldun sortzaile dotoreak. 


Arnasa Gara ekimena euskararen arnasguneen garrantzia gizarteratzeko eta bertako herritarrak ahalduntzeko helburuarekin jaio zen, Uema-k, Nafarroako Gobernuak eta Eusko Jaurlaritzak sustatuta. 

Aurten Arnasetik sormen lehiaketa izan du ardatz ekimenak, eta arnasguneetako gaztetxoenak izan ditu jomugan, haien hizkuntza ohituren inguruan gogoeta egiteko eta haien sormena sustatzeko. Izan ere, euskaldun eduki sortzaile gisa ere funtsezkoak dira euskararen biziberritze prozesuan, kasu honetan mundu digitalari ere lotuta.    

500 euroko sariak
Amasa-Villabonako sari-banaketan, kategoria bakoitzeko lan onenek eta publikoaren sariaren irabazleek 500 euroko sariak lortu dituzte, eta sari horiek trukean erabili ahal izango dituzte Irrisarri Land-erako sarreretan, Durangoko Azokako denda birtualean edota EITB-ko Goazen! eta Irabazi arte! telesailen merchandising-ean gastatzeko. 

Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. ikasmailetako ikasleen kategorian, haurrek etorkizun hurbilean, LHtik DBHra eman beharreko jauzian, aurkituko dituzten egoera berriak islatu behar izan dituzte beren sormen lanetan, formatu librean (marrazkian, bertsoan, poeman, bideoan, abestian…). Izan ere, arnasgune gehientsuenak udalerri txikiak dira, eta bertako ikasleek inguruetako ikastetxe handiagotara jo behar izaten dute DBH mailako ikasketak egitera. Guztira, 40 lan aurkeztu dira kategoria honetan, eta hau izan da irabazlea: Pasabideko kontuek, Karmelo Etxegarai ikastola (Azpeitia, Gipuzkoa). 

LH 5-6 kategorian 'Pasabideko kontuek' lanak irabazi du.

Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 1. eta 2. mailei dagokien kategorian, nerabeek bideo-tutorial bat egin behar izan dute youtuber estiloan, Julen Portillo youtuber gaztearen saio bat eredu hartuta. Guztira 52 lan aurkeztu dira. Kategoria honetan bi lanek berdinketa izan dute, eta epaimahaiak saria erdibana ematea erabaki du; lehen lanean egilearen freskotasuna nabarmendu nahi izan da, eta bigarrenean, aldiz, erakutsitako maila teknikoa. Hauek izan dira lan sarituak: Ni naiz ni, Amazabal Institutua (Leitza, Nafarroa) eta Zer dira arnasguneak?, Idiazabal (Idiazabal, Gipuzkoa).

DBH 1-2 kategoriako 'Ni naiz ni'.

DBH 1-2 kategorian bigarren egin du 'Zer dira arnasguneak?' lanak.

Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 3. eta 4. mailei dagokien kategorian gaztetxoei eman zaien bideo bat osatzea eskatzen zitzaien, bideoko protagonistaren galderei erantzunez. Orotara, 7 lan aurkeztu dira, eta hauxe izan da irabazlea: Sormen tailerra 2, Zarauzko ikastola (Zarautz, Gipuzkoa).

DBH 3-4 kategorian 'Sormen tailerra 2' lanak irabazi du.

Publikoaren sariari dagokionez, 1.000 lagun baino gehiagok eman dute bozka internetez, eta boto gehien jaso dituen lana hauxe izan da: Minerva eta Mariloli, Toki Ona Institutua (Bera, Nafarroa).

Publikoaren saria jaso dute 'Minerva eta Mariloli' lanarengatik.

Etorkizunera begira
Gaztetxoek edukien sorkuntzarako duten grinaren erakusle izan da Arnasetik bideosormen lehiaketaren lehen edizioa. Horrez gain, azken urteotako joerek erakusten dute XXI. mendean jaiotako gazteek gogo handia izaten dutela pantailetatik kanpoko esperientziak elkarrekin bizitzeko; era zuzenean eragin nahi dute gizartean. Hori dela eta, Arnasa Gara ekimenak arnasguneetako gazteei esperientzia berriak eskaintzen jarraitzeko asmoa du, bide batez, gogoeta piztu eta hizkuntza ohituretan eragiteko.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!