ELKARRIZKETA

«Gure ilusio eta porrotak doaz jostailu bakoitzean, bihotzarekin eginak dira»

Jon Miranda Labaien 2022ko aza. 21a, 07:59

Ezkerean Maria Barrena eta eskuinean Susana Carretero Villabonako Larreako 18. zenbakian duten Sualma tailerraren atarian. J.M.

Sualma tailerrean, Villabonako Larrea kaleko 18. zenbakian, egin dute lan Susana Carreretero Vierak eta Maria Barrena Andresek. Sualma egurrezko jostailuak egiten dituzte. Pribilegiatuak sentitzen dira gustuko duten lanean aritu daitezkeelako.

Egurrezko jostailuak egiten dituzte duela zazpi urtetik hona. Erritmo naturala eta ingurugiroa errespetatuz, egituratu gabeko jolas askearen alde egiten dute. Bihotzarekin egindako jolastailuak dira Sualmakoak.

Noiz eta nola sortu zenuten Sualma proiektua?

Maria Barrena Andres: Duela zazpi urte inguru sortu genuen. Bere haurrarentzat jostailu bat erostera joan eta Tolosan egurrezko ortzadarra ikusi zuen Susanak. Hor hasi zen guztia. Ez zen erraza horrelako zerbait topatzea hemen eta buruari bueltaka hasi gintzaizkion. Ez zirudien hain zaila horrelako gauza bat egitea. Trago bat hartzen ari ginela elkarrekin komentatu genuen eta ia oharkabean hasi ginen. Guk ez genuen aurretik inolako esperientziarik egurrarekin.

Susana Carretero Viera: Ortzadarrarekin maitemindu eta ikertzen hasi nintzen. Instagramen ikusmiran hasi eta horrelako lanak Alemanian-eta egiten zituztela jakin nuen. Hemengo dendek zail izaten dute horrelako egurrezko jostailuak eskuratzeko. Guk gure artean pentsatu genuen hemen egurra badagoela, eta ez zela hain konplikatua izango hori egitea. Estatu mailan beste artisau batzuk badira antzeko lana egiten dutenak eta haiei pixka bat kopiatuz, beste zati batean gure irudimenari eraginez, horrela sortu genuen Sualma. Egurrarekin abilezia bat eskuratu ahala, hasi gara gure gauza propioak sortzen.



Nongo egurra erabiltzen duzue jostailuak egiteko?

Barrena: Gu hutsetik abiatzen gara. Zuhaitza bota ez beste guztia egiten dugu [Barrez].

Carretero: Guretzako garrantzitsua da egurra naturala izatea eta lehortze prozesua ere modu naturalean ematea. Deskubritu genuen egurra lehortzeko prozesu gehienak kimikoak direla eta oso zerrategi gutxi daudela prozesu hori modu naturalean egiten dutenak. Zubietatik ekarri izan dugu egurra eta gaztainondoarekin hasi ginen. Lizartzatik ere ekarri izan dugu makala eta oso eskertuta gaude tratuarekin, uneoro egurra nondik zetorren komentatzen zigutelako. Garrantzitsua iruditzen zaigu ezagutza hori. Gero, auzoan erretiratutako arotz batek soberan geratu zitzaion egurra saldu zigun. Egur zoragarria zen: zedroa. Oso gustura ibili gara horrekin, biguna da eta dauzkan usaina eta betak ikusgarriak dira.

 

Susana Carretero: «Gizakiak beti sentitu du beharra egurra ukitu eta usaintzekoa; umeek berdin»


Eta nolakoa da jostailu bat egiteko prozesua?

Carretero: Egurra zurituta eta ohol bezala datorkigu Sualma tailerrera eta hortik aurrera gure esku geratzen da prozesu guztia. Behar dugun neurrira moztu, lixatu, margotu eta argizaria ematen diogu.

Barrena: Argizaria ematea prozesuan sartu dugun azkena da. Lehen ez genituen jostailuak babesten. Umeentzako jostailuak direla kontuan hartuta, erabiltzen ditugun pinturak ez dira kutsagarriak. Haurrek ahoan erabiltzen dituzte maiz eta tindua galtzen dute. Nahikoa eskandalagarria gertatzen da. Badirudi argizaria erabilita hori ekidin daitekeela. Dena den, ez diegu jostailu guztiei argizari geruza ematen; jostailuak modu naturalean ere ederrak geratzen direla iruditzen zaigu.



Zein jostailu mota sortu dituzue orain arte?

Carretero: Gizakiak beti izan du harremana egurrarekin, egurra ukitu eta usaintzeko beharra sentitu du. Umeek ere horrela egiten dute. Gu biak ama gara eta konturatuta gaude umeek gauzarik sinpleenekin jolasten dutela, kalean topatutako makil, harri edo hostoekin, alegia. Ez dute gehiago behar. Dena den, kalean topatutako gauza horien artean askotan plastikoak etortzen dira eta etxea zaborrez beteta duzula bukatzen duzu.

Barrena: Pixka bat begiratuz gero, jabetzen zara jostailuek ez dutela ezer egin behar. Jostailuek geroz eta gehiago egin, orduan eta gehiago mozten da umeen irudimena.

Carretero: Hasiera batean webguneko katalogorako sailkapen moduko bat egin genuen. Ortzadarrarekin batera, eraikuntzarako jostailuak, oreka mantentzekoak, puzzleak eta bestelakoak bereizi genituen. Baina ondo pentsatzen jarrita, dena nahastu daiteke. Puzzle bateko piezak atera eta eraikuntzarako erabili daitezke.

Barrena: Uste dut helduok burua zikiratuta daukagula. Gure ortzadarra ematen diozu haur bati eta hor ikusten dute kanikekin jolasteko pista bat edo sehaska. «Zertarako balio du honek?», «Nola jolasten da honekin?» galderekin etortzen zaizkigu gurasoak askotan. Guk beti esaten diegu, uzteko umeei euren kasa jolasten.

 

Maria Barrena: «Jostailuek geroz eta gehiago egin, orduan eta gehiago mozten da umeen irudimena»

 


Zein adineko umeentzako dira zuek egiten dituzuen egurrezko jostailuak?

Carretero: Adin ezberdineko umeentzat dauzkagu. Ukimenerako eta heltzeko, miazkatzeko eta horzka egiteko piezak dauzkagu. Ortzadarra, adibidez, 18 hilabetetik aurrera gomendatzen dute. Adin horrekin hasi eta mugarik gabe erabili daitezke jostailuak.

Barrena: Eta oraindik esploratzeko daukagun arlo bat da adinekoena. Inoiz izan dugu esperientziaren bat alzheimerra duen pertsonaren batekin. Gogoan dut emakume bat, zeinaren momentuko poza guk egindako egurrezko pinua zen. Uste dut psikomotrizitatea lantzeko baliagarriak izan daitezkeela jostailu hauek, adin guztietan gainera.

Zein balio dute zuen jostailuek?

Carretero: Badute, nahi izatera, balio pedagogikoa. Abako moduko bat egiten dugu, adibidez, eraikuntzarako erabili daitekeena, baina matematika lantzeko ere balio dezakeena. Etekina atera nahi dionak atera diezaioke.

Barrena: Nire iritzia da helduon paperak gehiago izan behar duela akonpainamenduarena bideratzailearena baino. Iniziatiba umeek eraman dezatela eta ondoan dagoenak segi diezaiola umeak egiten duenari.

Horretarako daukazue Sualmateka.

Carretero: Bai. Azokatara joaten garenean alfonbra moduko bat jartzen dugu lurrean eta han jostailuak uzten ditugu umeek jolastu dezaten. Sualmateka da. Oso ondo funtzionatzen du.

Zuek diseinatzen dituzue zuen jostailuak?

Carretero: Bai. Baina badira beste lekuren batean ikusi eta kopiatzen ditugunak. Oso irekita gaude. Eta egiten dizkiguten proposamenak asmo onez jasotzen ditugu. Berehala kutsatzen gara. Orain, txalaparta bat egingo ote genukeen galdetu digute. Ez dugu sekula egin, baina ausartuko gara. Saiatu eta zer edo zer aterako da.

Barrena: Orain gauza berri bat proposatu digute inoiz egin ez duguna, tupper toy deitzen diote. Jostailuak probatu eta erakusteko bilkura bat izaten da. Iruratik hots egin digute eta probatuko dugu ea zer moduz ateratzen den.

Behin sortuta, nola saldu edo zabaltzen dituzue zuen jostailuak?

Carretero: Lortu dugu stock bat edukitzea, pieza batzuk baditugu oinarri gisa. Gehien funtzionatu dituen horiek errepikatu ditugu.

Barrena: Enkarguz ere egiten dugu lan.

Carretero: Gehienbat azoketan saltzen dugu, hona tailerrera ere gerturatzen zaigu eroslea eta webgunean katalogoa badugu.

Barrena: Beasaingo denda batean ere hartzen zizkiguten jostailuak. Baina pandemiaren ondorioz itxi egin behar izan dute. Horrek guregan ere eragina izan du.

Garai errazak dira artisauentzat?

Barrena: Ez oso. Batez ere pasa dena pasa ondoren. Jostailu bat erostea ez da lehentasunezko gastu bat. Eguberrietarako edota urtebetetzetarako kontua izaten da gehienbat. Pixka bat kostatzen ari zaigu, baina ilusioa dugu, gogoa ere bai, gure gastuak estaltzen ditugu eta ahal den bitartean eutsiko diogu.

Carretero: Nik sinesten dut proiektu honetan.

Barrena: Burokrazia handia eskatzen digute, ordea, eta hori ez da gure mesederako. Orain TicketBai delakoa jarri beharko dugu. Berez artisautza erraza ez bada, aurrera jarraitzeko traba baino ez digute jartzen.

Garrantzitsua da zuentzat babes sare bat edukitzea?

Barrena: Bai. Umeak dauzkagu eta asteburu batean bai eta bestean ere bai azoketara joan behar baduzu, ezin dituzu beti zurekin eraman.

Carretero: Ez da bakarrik familia antolaketari begiratuta. Gugan sinesten dutela jakitea garrantzitsua da, sostengua emango dizun babes sare bat beharrezkoa da.

Beste hainbat artisauekin elkarlan bat abiatu duzue Amasa-Villabonan.

Carretero: Bai. Hori guretzako ikaragarrizkoa izan da. Elkarrekin boteretsuak garela iruditzen zait. Gu biok elkarrekin gure lana egiten dugu, baina askotariko eskaintza batekin zoazenean oraindik eta hobea da. Esaterako, Eguberrietan Rotetan jarri genuen denda edota EtxeondoFest bezalako ekimenek funtzionatu dute.

Barrena: Besteen anparoan hazi egiten gara. Topatu ditugu oso buruargiak diren lankideak, eurekin batera eramaten zaituztenak. Zoragarria izan da elkar topo egin izana.

Eskuz egiten den lana baloratzen al da gizartean?

Barrena: Oro har bai. Azoketan gerturatzen zaigun jendeak esaten digu gure lanak asko gustatzen zaizkiola. Horrekin ez dugu bizibiderik aterako, baina balorazio horrek asebetetzen gaitu.

Carretero: Kosta egin zaigu gure lanari prezio bat jartzea. Badakigu gauzak ondo egiten ditugula eta politak direla gure jostailuak. Baina nola baloratu ekonomikoki hori guztia? Hemen pasatzen ditugun ordu guztiak ezin dira kontabilizatu. Artisau lanak beti dira garestiak, eskuz egindakoak direlako, eta bakarrak direlako. Errepikaezinak. Gure ilusioak eta porrotak doaz jostailu bakoitzean, bihotzarekin egindakoak dira.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!