Iñigo Guridi preso billabonatarra Euskal Herriko espetxe batera ekarriko dute

Ataria 2022ko azaroaren 14a

Billabonatarrak 20 urte baino gehiago daramatza preso eta Leongo Mansillan daukate gaur egun. Argitzeke dago Euskal Herriko zein espetxeetara ekarriko duten.

Iñigo Guridi Lasa euskal preso billabonatarra Leongo Mansillan dago eta Espainiako Espetxe Zuzendaritzak gaur jakinarazi duenez, Euskal Herriko espetxe batera ekarriko dute. Eusko Jaurlaritzak argitu beharko du orain Martutenen, Basaurin edo Zaballan sartuko duten.

Guridirekin batera, beste bost preso ekarriko dituzte EAEko espetxeetara: Asier Badiola Lasarte (Kantabriako Dueson daukate); Iñaki Bilbao Goikoetxea (Salamancako Topasen); Orkatz Gallastegi Sodupe (Salamancako Topasen); Fermin Vila Mitxelena (Zaragozako Zueran); eta Iñigo Zapirain Romano (Dueson).

Beste preso bat, Alberto Viedma Morillas nafarra, Salamancako Topasetik Iruñeko kartzelara lekualdatuko dute. Espetxe Zuzendaritzak aipatzen duenez, zigorraren hirugarren laurdenak hilabete honetan beteko ditu Viedmak.

Lekualdaketa hauek gauzatzen direnean, ez da euskal presorik geratuko Topas eta Zuerako espetxeetan. Euskal Herriratzearen ondoren, 20 preso baino gutxiago izango dira Euskal Herritik kanpo gelditzen diren presoak, Espainiako zortzi espetxetan sakabanatuak.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!