Erreka eta Mikeligartza arteko errepidea konponduko dute datozen asteetan

Ataria 2022ko azaroaren 14a

Lanak laster abiatuko dituzte eta Amasa-Villabonako Udalak 54.626 euroko inbertsioa egingo du errepide zati hori konpontzeko.

Pasa den urtarrilean Erreka eta Mikeligartza baserrien arteko errepide zatian luizi bat izan eta errepidearen zati bat hondoratu zen. Errepide zati hori eremu oso malkartsutik igarotzen da, desnibel handia dauka, eta apirilean berriz ere lur gehiago erori zen bidetik behera. Ondorioz, bidearen egoera arriskutsua zenez, udalak errepidea itxi behar izan zuen autoen joan etorrietarako.

Udala errepide zati hau konpontzeko aukera ezberdinak aztertzen aritu da azken hilabeteetan, eta arazoak izan dira behin betirako soluzio egonkor bat topatzeko. Azkenean, adituek gomendatutako zimendapen eta eskollera bidezko sistema bat erabili beharko da errepide zati hau egonkortzeko eta berriro erortzeko arriskua minimizatzeko.

Lanak laster hasiko dira

Horrela, Irmo Ingenieritza Zibila SLP enpresak errepidea eusteko proiektuaren erredakzioa egin eta obraren zuzendaritza hartuko du bere gain. Lan hauetarako udalak 6.413 euro ordaindu dizkio enpresari. Bestetik, proiektuaren exekuzioa Egurki Eraikuntzak S.L. enpresak egingo du eta udalak 48.213 euroko kontratua egin dio.

Beraz, guztira, Amasa-Villabonako Udalak 54.626 euroko inbertsioa egin behar izan du errepide zati honen konponketa gauzatzeko. Eguraldiak laguntzen badu, lan hauek hasten direnetik bi aste inguruko iraupena izango dutela aurreikusi dute. Era berean gogorazi nahi izan dute obrak amaitu arte eremua itxita mantenduko dela erabiltzaileen segurtasuna bermatzeko.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!