Merkataritza sustatzeko politikak adostuko ditu udalak

Jon Miranda Labaien 2022ko aza. 9a, 17:00

Amasa-Villabonako merkataritza indarberritzeko plan bereziko ondorioak oinarritzat hartuko ditu; sektorea laguntzeko 2023ko udal aurrekontuan, gutxienez, 85.000 euro diru partidak sortzeko konpromisoa hartu du udala udalak.

Merkataritza indarberritzeko plan bereziaren emaitzak eman dituzte ezagutzera Amasa-Villabonan. Sektorearen diagnostikoa egiteaz gain, bost ardatz eta 40 ekintza baino gehiago barne biltzen dituen plan bat ere garatu dute azterketan. Udalak dokumentu hori hartu nahi du oinarritzat merkataritza sustatzeko politikak definitzeko. Beatriz Unzue alkateak aurreratu duenez datozen asteetan hausnarketa partekatu bat egingo dute Oria merkatari elkartearekin eta parte hartu nahi luketen gainerako merkatariekin. «Denon artean adostu nahi ditugu etorkizunean udalak hartuko dituen neurri zehatzak», esan du alkateak.

Hitzetatik harago, konpromiso zehatzak ere hartu ditu Amasa-Villabonako udal gobernuak, alkatearen hitzetan, «ezinbestekoa» baita inbertsio ekonomiko sendoak egitea herriko denda eta saltokiak aktiboki laguntzeko. «2023ko udal aurrekontuan herriko merkataritza sustatzeko, gutxienez, 85.000 eurora iritsiko diren diru partidak sortzeko konpromisoa hartzen dugu publikoki». Aurrera urrats bat gehiago eman nahi du udalak, herrian sektore honek duen pisu ekonomiko eta soziala «izugarria» delako alkatearen hitzetan. «Legealdi honetan frogatu dugu merkataritza defendatu eta laguntzea lehentasunezko zeregina izan dela guretzat eta aurrerantzean ere horrela egingo dugu», esan du Unzuek.

Amasa-Villabonan 2008an 130 establezimendu zeuden eta 2020an, berriz, 77. Hamabi urtean %24,6ko galera izan du hirugarren sektoreak herrian. Galera hori Euskadiko bataz bestekoarekin alderatuta txikiagoa izan dela aitortu du Gorka Goikoetxea Ikertaldeko kideak. Merkataritza dentsitatea 17 puntukoa da eta Merkataritza indarberritzeko plan berezia egin duen enpresako kideak adierazi duenez, «kopuru interesgarria da Amasa-Villabona bezalako herri batentzat». 

Erreferentzia bailaran

Azterketan aipatzen denez, Amasa-Villabonako erosmen ahalmenaren heren bat kanpora joaten da. «Ondoen eusten dioten sektoreak, elikagai, ostalaritza eta aisialdi sektoreak dira». Kanpora erosketak egitera joaten diren horietako gehienak, %40, Tolosako hirigune eta inguruko ekipamendu periferikoetara joaten dira. Gainerakoak, Donostialdeko edo Andoaingo merkataritza zentroetara jotzen dute. %8,7k, berriz, erosketak Interneten egiten ditu.

Goikoetxeak nabarmendu du, hala ere, Amasa-Villabonako merkataritzak erreferentzialtasuna mantentzen duela bailaran. Herri bezala, %10-12 arteko gastua erakartzen du, nagusiki, Zizurkildik eta inguruko herrietatik. «Oro har, Amasa-Villabonako bizilagunek oso balorazio positiboa egiten dute herriko merkataritzaz eta 7,8ko puntuazioa ematen diote».

Diagnostiko hori oinarri hartuta, indargune eta ahulguneak aztertuta, Ikertaldek bost ardatz dituen ekintza plan bat diseinatu du. Besteak beste, hirigintza eta merkataritza espazioa, lehiakortasuna, elkartegintza, komunikazioa eta dinamizazioa eta gobernantza arloak hartu ditu kontuan. Ardatz bakoitzaren barruan lan lerro ezberdinak planteatu ditu eta ekintza horiek dira, orain, udalak aztertu beharko dituenak. «Baliabide aldetik lidergoa udalari dagokio, baina beti ere sektorearen parte hartze aktiboarekin. Besteak beste, merkataritza mahai bat osatzea eta udal mailan garapen ekonomikoko saila indartzea izan daitezke neurrietako batzuk», aipatu du Goikoetxeak. Horiek guztiak lantzen hasiko da udala datozen asteetan.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!