Arigunea izango da Amasa-Villabonako Udala

Ataria 2022ko azaroaren 8a

Arigune gisa parte hartuko du Euskaraldiaren aurtengo edizioan Amasa-Villabonako Udalak, herriko beste 55 entitatek bezala.

Amasa-Villabonako Udala euskaraz lasai aritzeko gunea izango da Euskaraldian, eta euskaraz hitz egiteko aukera bermatuko du uneoro herritarrekin dituen harreman guztietan, besteak beste, Herritarren Arreta Zerbitzuan, Udaltzaingoan, udal liburutegian, Gaztelekuan eta Olaederra kiroldegian. Amasa-Villabonako beste 55 entitatek ere parte hartuko dute Arigune gisa. Gainera, udal langileek Ahobizi edo Belarriprest modura jardungo dute Euskaraldiak iraungo duen egunetan, hau da, azaroaren 18tik abenduaren 2ra.

Azaroaren 15etik 17ra, txapak jasotzeko aukera

Euskaraldiaren 2022ko edizio honetan parte hartzeko izena eman dutenek Ahobizi edo Belarriprest txapak jasotzeko aukera izango dute azaroaren 15 eta 17an, Villabonako Berdura plazan, 17:30etik 19:30era edo azaroaren 16an, Aljibeko sarreran, 17:30etik 19:30era. Oraindik izena eman ez dutenek ere parte hartzeko aukera izango dute, txapak jasotzeko egun eta ordu horietan izena emateko aukera egongo baita. Bestela, online izena emateko aukera zabalik dago www.izenematea.euskaraldia.eus web gunean.

Amasa-Villabonako Udalak, herriko Euskaraldiko batzordearen deialdiarekin bat egiten du eta Euskaraldian parte hartzeko gonbidapena luzatu die herritarrei.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!