Eragin Linguistikoaren Ebaluazioa arautuko duen ordenantza onartu dute

Ataria 2022ko aza. 2a, 12:15

Amasa-Villabonako Udalak urriko osoko bilkuran onartu du ordenantza EH Bilduren eta EAJren babesarekin eta PSEko zinegotziaren abstentzioarekin. Proiektu eta jarduera pribatu zein publikoek tokiko errealitate linguistikoan izan ditzaketen balizko eraginak aurreikusi, identifikatu eta ebaluatuko ditu tresnak.

Eragin Linguistikoaren Ebaluazioa arautuko duen udal ordenantza onartu dute Amasa-Villabonan. Tresna honek neurtzen du hirigintza proiektuek, turismokoek edota jarduera sozioekonomikoari lotutako aldaketek, dagokion guneetan hizkuntzaren ezagutzan eta erabileran izango duten eragina. Horrez gain, euskararen eta euskal hiztun komunitatearen egoerari kalterik eginez gero, horiek murrizteko eta aurre hartzeko neurriak proposatzen dituen tresna ere bada Eragin Linguistikoaren Ebaluazioa.

Amasa-Villabonako  udalerrian zatiketa bat egin du udalak eta euskararen arnasgune izaera aitortu zaio Amasako eremuari eta udalerri euskaldun izaera Villabonari. "Amasan euskarak duen nagusitasuna babestu nahi du udalak, Amasako hizkuntza errealitatea txikiagoa izanik hauskorragoa baita eta edozein aldaketak eragin nabarmena izan dezakeelako bertako hizkuntza ohituretan". Udal arduradunek aipatu dutenez, Eragin Linguistikoaren Ebaluazioak adostasun politikoa, babes juridikoa eta soziala "ezinbestekoak" ditu. Azkeneko osoko bilkuran, udal ordenantza EH Bildu eta EAJ alderdien babesarekin onartu da eta PSEko zinegotziaren abstentzioarekin.

Udal gobernuko kideek nabarmendu dutenez, lege babesa du udal ordenantzak, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Uemak 2014an abian jarritako proiektua baita. Bi erakunde horiek egindako bideari jarraiki, 2016an, EAEko Udal Legea onartu zuten legebiltzarrean. Bertan, 7.7 puntuan aipatzen da euskararentzat arnasgune diren udalerrietako errealitate soziolinguistikoan eragina izango duten proiektuak berariaz aztertu beharko direla Eragin Linguistikoaren Ebaluazioarekin. Beranduago Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak eta Uemak elkarlanean, arnasguneetarako sortutako metodologia udal guztietara egokitu zuten horretarako beharra ikusita.

"Ez da nahikoa euskararen aldeko politikak euskara sailetik soilik exekutatzea. Beharrezkoa da sail zein egitasmo guztietan euskara kontuan izatea, baldin eta hizkuntzaren normalizazioan neurri eraginkorrak nahi badira. Hizkuntza politikek erabateko zeharkakotasuna izan behar dute". Eragin Linguistikoaren Ebaluazioaren marko teorikoa lantzetik praktikarako saltoa eman ondoren, emaitza guztiz positiboa izan dela baieztatu dute Uematik. Besteak beste, Hirigintza Plan Orokorrei, plan partzialei edo turismo planei aplikatu zaie Eragin Linguistikoaren Ebaluazioa. Planek izango duten eragin linguistikoa neurtu eta neurri horiek arintzeko proposamenak egin dira. Eskualdean, besteak beste, Orexako eta Alegiako Hirigintza Plan Orokorretan eta Tolosaldeko Lurraldearen Zatiko planean aplikatu da tresna.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!