Azken Udako Azoka Ekologikoa egin dute Villabonan

Leyre Carrasco 2022ko urriaren 30a

Postuz bete da Errebote plaza. Horrez gain, goiz osoan zehar Gau Beltzerako kalabazak dekoratzeko tailerra eta Javi Rivero eta Gorka Ricoren eskutik pintxo dastaketa ere izan da, baita Iraia Cambra bakarlariaren kontzertua ere.

Biolur Elkarteak, Villabonako Udalarekin eta Euskadiko Nekazaritza eta elikadura ekologikoaren kontseiluaren lankidetzarekin, Elikagai ekologikoen azoka antolatu du gaur Errebote plazan. Abuztuaren amaieratik urriaren azken asteraino astebururo Euskal Herriko 13 herri desberdinetan izan dira azokak, eta 2022ko Udako Azoka Ekologikoen martxaren azken geldialdia izan da gaurkoa.

Azokan barazkiak, ardi-ahuntz eta behi-gazta, eztia, ogia, marmeladak, olioa, eta beste hainbat elikagai izan dira nagusi. Gainera, nekazaritza eta elikadura ekologikoari buruzko informazio-panelak eta Biolurren informazio puntua ere egon dira bisitarientzako. Gosez zegoena tripa betetzeko aukera ere izan du Ama tabernako Javi Rivero eta Gorka Ricoren pintxo dastaketarekin.

Gaztetxoentzako eskaintza ere bazegoen. Izan ere, Gau Beltzerako kalabazak dekoratzeko tailerra ere izan da goiz guztian zehar. Iraia Cambra bakarlariak kontzertua eskaini du, eta bere doinuek girotu dute azoka.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!