Arnasetik bideosormen lehiaketak baditu irabazleak

Iñigo Terradillos 2022ko urr. 28a, 20:47

99 lan aurkeztu dituzte Uemak gaztetxoen euskarazko sormena bultzatzeko antolatutako lehiaketan.

Arnasetik bideosormen lehiaketako sariak banatu dituzte Villabonako Gurea aretoan. Berako gaztetxoek irabazi dute ikusleen saria Minerva eta mariloli lanagatik. LH 5 eta 6 mailetako kategorian Azpeitiko Uhaitza taldearen Pasabideko kontuek lanak irabazi du. DBH 1 eta 2 mailetako kategorian berdinketa egon da Naiara Juanikorena leitzarraren Ni naiz ni eta Sugaar Zapirain idiazabaldarraren Zer dira arnasguneak lanen artean. DBH 3 eta 4 mailetako kategorian, berriz, zarauztar gazteen Sormen tailerra 2 lana izan da irabazlea.

Arnasetik bideosormen lehiaketa euskararen arnasguneetan egiten den Arnasa Gara ekimenaren barruan kokatzen da, Uemak, Eusko Jaurlaritzaren eta Nafarroako Gobernuaren laguntzaz sustatu du, eta arnasguneetako gaztetxoen euskarazko sormena lantzea eta arnasguneetako nerabeei hizkuntza-ohituren inguruan gogoeta eragitea izan du helburu. Uematik esan dutenez, sormen lehiaketak erantzun handia izan du. Euskararen arnasguneak osatzen dituzten udalerri euskaldunetako 10 eta 16 urte bitarteko gaztetxoek 99 lan aurkeztu dituzte.

Iraitz Lazkano Uemako lehendakariak gogoratu du arnasguneak euskaldun kopuru handia duten herriak direla. «Euskaldunok naturaltasunez bizi gara horietan eta horregatik dira hain garrantzitsuak guretzat. Garrantzi hori nabarmentzeko ekimena da 2019tik abian den Arnasa gara ekimena, eta orain arteko ekitaldi arrakastatsuena Arnasetik lehiaketa izan da, beraz, eskerrikasko».

Mikel Arregik Euskarabideko Nafarroako euskararen institutuko zuzendariak udalerri euskaldunek hizkuntza komunitateari egiten dioten ekarpena azpimarratzeko Arnasa gara bezalako ekimenek duten garrantzia azpimarratu du. «Zuen sormen lanei esker egingo dira arnasguneak ikusgai eta hori garrantzitsua da».

Josune Zabala Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Ikerketa eta Koordinaziorako zuzendariak lehiaketak izan duen erantzunarekin badela zer ospatua esan du. «Bizitza eta sendotasuna» direla euskararentzat arnasguneak esan du, baina lanean jarraitu beharra dagoela adierazi du.

Lanak  hiru kategoriatan aurkeztu dituzte, adinaren arabera, eta kategoria bakoitzean erronka bati erantzun behar izan diote ikasleek.

Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. mailetako ikasleen kategorian, haurrek etorkizun hurbilean, LHtik DBHra eman beharreko jauzian, aurkituko dituzten egoera berriak islatu behar izan dituzte beren sormen lanetan. «Izan ere, arnasgune gehientsuenaku udalerri txikiak dira, eta bertako ikasleek inguruetako ikastetxe handiagotara jo behar izaten dute DBH mailako ikasketak egitera», azaldu du Uemak. Guztira, 40 lan aurkeztu dira kategoria honetan. Finalisten artean, Bidania-Goiazko gazteek eginiko DBHko 1.go eguna lana zegoen.

Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 1. eta 2. mailetako ikasleen kategorian, nerabeek bideo-tutorial bat egin behar izan dute youtuber estiloan, Julen Portillo youtuber gaztearen saio bat eredu hartuta. Honetan, 52 lan aurkeztu dituzte.

Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 3. eta 4. mailetako ikasleen kategorian, gaztetxoei eman zaien bideo bat osatzea eskatzen zitzaien, bideoko protagonistaren galderei erantzunez. Orotara, 7 lan aurkeztu dituzte. Kategoria honetan, tolosar gazteen Arnasa hartu bideodeia zegoen finalisten artean.

Villabonako Gurea antzokian egin duten ekitaldian banatu dituzte sariak. Kategoria bakoitzeko lan onenari eta publikoaren sariaren irabazleari 500 euroko sari bana eman zaie, eta sari hori trukean erabili ahal izango dute Irrisarri Land-erako sarreretan, Durangoko Azokako denda birtualean edota EITB-ko Goazen! eta Irabazi arte! telesailen merchandising-ean gastatzeko. Sari banaketaz gain, sorpresa ugari ere izan dira Gurea antzokian, besteak beste, Sara Alonso musikariaren emanaldiaz gozatu ahal izan da.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!