Udako Azoka Ekologikoen martxa Villabonan amaituko da igande honetan

Tolosaldeko Ataria 2022ko urr. 27a, 11:57

Errebote plazan 10:00etatik 14:00etara jarriko dute azoka. Goizean zehar Gau Beltzerako kalabazak dekoratzeko tailerra egongo da. 12:00etan, pintxo dastaketa Javi Riveroren eskutik, eta 12:30ean, Iraia Cambra bakarlariak kontzertua emango du.

Biolur Elkarteak, Villabonako Udalarekin eta Euskadiko Nekazaritza eta elikadura ekologikoaren kontseiluaren lankidetzarekin, Elikagai ekologikoen azoka antolatu du igande honetan Errebote plazan.

2022ko Udako Azoka Ekologikoen martxaren azken geldialdia izango da. Abuztuaren amaieratik urriaren azken asteraino astebururo Euskal Herriko 13 herri desberdinetan izan dira azokak.

Orain artekoa «ondo» joan dela esan dute antolatzaileek: «Bi urte ondoren azokan gauzak egiteko, dinamizatzeko, aukera izan dugu. Badago elikagai ekologikoak kontsumitzeko nahia eta gero eta handiagoa dela ere esango genuke, baina salmentak ez dira pandemia aurrekoak izan».

Azokan barazkiak, ardi-ahuntz eta behi-gazta, eztia, ogia, marmeladak, olioa, eta beste hainbat elikagai egongo dira. Gainera, nekazaritza eta elikadura ekologikoari buruzko informazio-panelak eta Biolurren informazio puntua ere izango dira bertan bisitarientzako.

Hamahiru parte hartzaile izango dira azokan, gehienak, Gipuzkoako ekoizleak, baina baita Bizkaia, Araba edo Nafarroatik etorrikoak ere.  Biolur elkartearen iritziz, «aurten ere Villabonako Udala batu da azoka ekologikoen ekimenera. Gipuzkoan bederatzi azoka egin ditugu. Abuztuan Zarautzen hasi ginen eta eskualde guztietan egon gara». 

Azoka hauen garrantzia ere azpimarratu nahi izan dute antolatzaileek, «tokiko elikagai ekologikoekin egunerokotasunean elikatu gaitezkeela erakusteko. Horregatik, herri desberdinetan antolatzen diren topagune ekologiko hauek bultzatzea ezinbestekoa da elikagai ekologikoen aniztasunaren eta kalitatearen erakusleiho baitira».

5 euroko bonuak

Udako azoka ekologikoetan elikagai ekologikoen salmenta bultzatze aldera, Euskadiko Nekazaritza eta Elikadura Ekologikoaren Kontseiluak, 5€ko bonuak eskuratzeko aukera jarri du webgunean.

Urtez urte, nekazaritza ekologikoak goranzko joerari eusten dio, eta 2021ean erregistratutako datuek bide ona erakusten dutela azaldu dute. «Gero eta pertsona gehiagok ematen du eredu ekologikoan ekoizteko urratsa. Euskadiko Nekazaritza eta Elikadura Ekologikoaren Kontseiluaren (Ekolurra) datuen arabera, 2021ean laborantza ekologikorako azalera % 16 handitu zen 2020aren aldean, 6.789 hektareatik 7.905era pasatuz. Eta eragile kopurua %8 igo zen, 2020an 658 eragile ekologiko izatetik 710 eragile izatera».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!