Giza eskubideen urraketei buruzko ikerketa aurkeztu du Aranzadik

Jon Miranda Labaien 2022ko urr. 27a, 07:59

Amasa-Vilabonako Memoria eta Bizikidetza batzordeak eskatuta egindako ikerketaren emaitzak eman ditu ezagutzera zientzia elkarteak; webgune batean bildu dituzte datuak.

2016tik Amasa-Villabonako Udaleko Memoria eta Bizikidetza batzordea lanean ari da udalean ordezkaritza duten alderdi guztien parte hartzearekin. Batzordearen aginduz, Aranzadi zientzia elkarteak ikerketa burutu du azkeneko bi urteetan herriko oroimen historikoa eta gertuko oroimena berreskuratzeko. Atzo arratsaldean ikerketaren emaitzak aurkeztu zituen Gurea aretoan zientzia elkarteko Javi Buces ikerlariak.

36ko gerra eta gerraosteko biktimak zenbatuta, 118 pertsona identifikatu dituztela adierazi du Bucesek. 21 dira errepresio frankistaren ondorioz hildakoak, 84 pertsona espetxeratuak eta euren lanpostutik depuratutakoak 34. Aranzadik egin duen ikerketak 60ko hamarkadatik gaur arteko epea ere hartzen du kontuan, eta garai horretan, hiru hilketa zenbatu dituzte. Horrekin batera, integritate fisiko, psikiko eta moralaren aurkako 72 urraketa. «Eskubide urraketa horien artean 62 torturatutakoak dira; datu esanguratsua da hori», aipatu du Bucesek.

Azkeneko bi urteetan, alde batetik ikerketa historikoa burutu du Aranzadik eta artxiboak arakatu ditu, tokikoak, estatu mailakoak eta baita artxibo militarrak ere. «Gertuko oroimenari dagokionez, hemeroteka ere kontsultatu dugu, hori izan da bideetako bat, garai horri dagozkion artxiboetako asko itxita daudelako oraindik», aipatu du ikerlariak. Euskarri dokumentalen faltan, testigantza bila ere jardun dute ikerlariek, «hori baita zenbait urraketa gertatu izan zirela jakiteko modu bakarra». Amasa-Villabonan bi urteotan 10 bat testigantza bildu dituztela nabarmendu du Bucesek, gehienak gertuko oroimenarekin loturikoak. «Tortura, mehatxu larri edo estortsio ekonomikoaren kasuan, testigantza horiek dira modu bakarra gertatu zenaren berri jakiteko. Estortsio ekonomikoa bezalako urraketei dagokionez, bakar bat ere ez dugu bildu Amasa-Villabonan eta arraroa da hori. Antzeko ikerketak egin ditugun gainerako herrietan beti azaldu izan dira bospasei kasu. Gaia delikatua da eta sufritutako hori kontatzea jende askori kosta egiten zaio».

WEBGUNE BATEAN BILDUTA

Ikerketaren zatirik mardulena bukatu du Aranzadi zientzia elkarteak. Bucesen hitzetan, ordea, aurrera begira testigantza gehiago bildu edo dokumentu gehiago agertu daitezke eta horiek behar bezala jasotzeko sortu dute Amasa-villabona-oroimena.eus webgunea. «Atari horrek kontakturako duen postan astero mezuren bat jasotzen dugu, eta horrek esan nahi du bizirik dagoela. Aurrera begira osatzen joan daiteke herritarrek egindako ekarpenekin».

Giza eskubideak urratu zaizkien amasar eta billabonatarrak daude webgunearen oinarrian, hilketa, desagertze, tortura, bahiketa, atxiloketa ilegala, mehatxua, ondasunen kontrako erasoa, estortsio ekonomikoa edota bortizkeria poliziala jasan dutenak. Biktima bakoitzaren fitxak jaso dituzte, datu pertsonalak bilduz, jasandako urraketa mota aipatuz eta informazioaren iturriak zehaztuz.

Bucesek esan du Amasa-Villabonan ikerketa ez dutela hutsetik abiatu. Duela urte batzuk Aritza kultur elkarteak 36ko gerra eta gerraondoko urraketak bilduz egindako ikerketaren datuak txertatu dituzte azterlanean, eta lotura ere egin diote Aritza kultur elkarteak bere garaian osatu zuen Amasavillabonaoroi-tzen.net atariari. «Lan bikaina egin zuen talde honek, benetan eskertzekoa. Guk urteotan egin dugun ikerketarekin biktima gehiagoren berri jakin dugu edo garai batean ikertutako biktimen inguruko dokumentu gehiago jaso ditugu». Bilakaera honek erakusten du Aranzadiko kidearen ustetan, oroimena berreskuratzeko ikerketek ez dutela bukaerarik eta oraindik ere lan handia dagoela egiteko.

IKERKETAREN BALIOAZ

2000. urtean hasi zen Aranzadi desobiratzeak egiten eta hurrengo urteetan hainbat udalerrietatik deitu izan diete oroimen historikoa ikertzeko. «2014tik metodologia berdinarekin ari gara ikerketak egiten eta iruditzen zaigu balio handia duela egiten dugunak. Giza eskubideei dagokionez nazioarteko zuzenbideak egia, justizia eta erreparazioa eskatzen ditu. Gure egitekoa, ikerketa zientifikoa egitea da, egia azaleratzea. Gero guk argitara emandako datu horiek aintzat hartu eta erakundeei dagokie justizia egiteko bidea zabaltzea eta erreparazio ekitaldi integral bat antolatzea», dio Bucesek.

Amasa-Villabonako Memoria eta Bizikidetza batzordearen esanetan, gai honen inguruan dauden gabeziez ohartuta agindu dio Aranzadiri ikerketa, «gizartearen eta euskal erakundeen eskaera bati erantzunez». Udalean ordezkaritza duten alderdi guztiek Amasa-Villabonan gertatutakoaren egia ezagutzeko oinarria jarri nahi dute, «inolako zentsura edo hutsunerik gabe, indarkeria mota ezberdinak ezkutatu gabe».

Amasa-Villabonako Udalak gertatutakoaren ezagutza orokorra bultzatu du, «egondako biktima guztiena, parekatu gabe, baina batez ere, inor ahaztu gabe». Aranzadiko ikerlaria ere bat dator batzordetik esandakoarekin eta eskerrak eman ditu Amasa-Villabonako Udalak eman duen urratsagatik: «Azken hilabeteetan ikusten ari gara hemen egin dugun ikerketen antzekoak egitea geroz eta zailagoa dela. Diskurtso politikoa aldatzen ari dela sumatzen dugu eta beldur gara ez ote datozen garai okerragoak lan hauetarako».

Udalak bizikidetza eraikitzailea sustatzen jarraitzeko konpromisoa hartu du. «Gertatu behar ez ziren injustizia asko gertatu dira herri honetan. Biolentzia oro, datorren tokitik datorrela, bidegabea da, eta erakundeen betebeharra da egia, justizia eta erreparazio eskubideei erantzutea. Hiltzea eta giza eskubideen urraketak eragitea ez zen ongi egon eta ez da zilegi».

EGITARAUA

  • Urriak 26tik Azaroaren 10era
    • 18:00 - 20:30. Lasarte-Oriako Herritarren Foroaren Bizikidetzarako memoria para convivir erakusketa ikusgai izango da Gureako erakusketa gelan.

  • Azaroak 7, astelehena
    • 10:30. Argazki emanaldia Gurea antzokian: Gure historiako pasarteak (1990 - 2018). Ikastetxeekin batera, Ander Gillenearen eskutik.

  • Azaroak 21, astelehena
    • 19:00. Subijana etxean solasaldia: Glencree 10 urte: Mendi handi baten igoera. Parte hartuko dute Edurne Brouard Aldamizek eta Fernando Garrido Velascok.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!