LGTBI+ pertsonen bizitza duinak bermatzeko plana abiatuko du Villabonako Udalak

Josu Artutxa Dorronsoro 2022ko urr. 26a, 07:59

LGTBI+ kolektiboa osatzen duten herritarren bizipenak, iritziak eta errealitateak jaso nahi dituzte, behar, aldarrikapen eta ikuspegi ezberdinei heltzeko; ekarpenak guztiz anonimoak izango dira.

Ekainaren 28ko LGTBI+ Harrotasunaren Egunaren harira, Villabonako Udalean ordezkaritza duten alderdi politiko guztiek kolektibo honen eskubideak aldarrikatu zituzten. Horrekin batera, LGTBI+ komunitatea osatzen duten pertsonek, Amasa-Villabonan bizi duten egoera ezagutzeko diagnostiko bat egin, eta ondoren ekintza plan bat abiatzeko konpromisoa hartu zuten. Bada, diagnostiko hori egiteko, Eihera Kooperatibak aurkeztutako proiektua onartu dute, kooperatiba honek esperientzia nabarmena baitu horrelako egitasmoak garatzeko.

Eihera Kooperatibako ordezkariak diren Iñigo Etxezarretak eta Laura Muelas de Ayalak jarriko dute martxan plana. LGTBI+ kolektiboaren azken urteetako gorakada nabarmendu du Etxezarretak: «Horri eta mugimendu feministaren lanari esker, kolektibo ezberdinen behar eta aldarrikapenak plaza publikora eta agenda politikoaren erdigunera ekartzea lortu da, eta hori ezinbestekoa den arren, erakunde gehienek ez dute arreta gehiegi jarri LGTBI+ pertsonen errealitatean».

Ondorioz, Villabonako Udalak eta Eihera Kooperatibak elkarlanean, herriko LGTBI+ pertsonen bizi baldintzak hobetzeko neurri eta politika publikoen diseinuari ekingo diote. LGTBI+ pertsonen bizitzak hobetzeko neurri, esku-hartze eta ideia ezberdinen bateria sortzea izango da kooperatibaren zeregin nagusia, jarraian, ondorio horiek modu autonomo eta ordenatuan aplikatzeko. Aurrez, Oreretan, Hernanin eta Zumaian ere aurrera eraman dute proiektua.

Ibilbideak fase ezberdinak izango ditu. Lehenik, herriko LGTBI+ pertsona, eragile feminista, elkarte eta norbanako ezberdinekin bilduko dira Eiherako teknikariak, kolektiboaren behar, aldarrikapen eta ikuspegi ezberdinei arreta berezia jartzeko. Era berean, udaleko sail ezberdinekin lan-saio ezberdinak ere burutuko dituzte, administrazioaren barruan dauden muga, zailtasun eta aukerak arakatzeko. Azkenik, egindako ibilbidearen berri eman, eta sortutako neurri eta politiken aurkezpena egingo dute.

Egitasmo hau behar bezala garatu dadin, ezinbestekoa izango da LGTBI+ kolektiboa osatzen duten herritarren bizipenak, iritziak eta errealitateak jasotzea. Beraz, prozesu honetan beren ekarpena egitera animatu nahi ditu udalak; ekarpenak guztiz anonimoak izango dira. Horretarako, nahikoa izango da eihera@eihera.eus helbide elektronikora mezu bat idaztea, edo 623 30 71 59 telefono zenbakira deitzea.

Beatriz Unzue alkateak adierazi duenez, herritar guztien askatasuna eta eskubide berdintasuna bermatu nahi ditu udalak. «Inolako diskriminazio edo zapalketarik gabeko jendartea eraikitzeko lan egiten jarraitu behar dugu. Zentzu horretan, funtsezkoa da sexu-orientazio edota genero-identitateari buruzko aurreiritziak eta estereotipoak zokoratu eta ezabatzea, egiazko berdintasuna lortzeko urrats sendoak emanez». Eta gaineratu du konbentzituta daudela elkarrekin LGTBI+ fobiarik gabeko herria eraikiko dutela: «Askatasunean eta zapalkuntzarik gabe biziko den herria izango da, aniztasuna errespetatzen duena, eta guztien eskubideak aitortzen dituena».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!