Amasan elkartuko dira mendi duatloilariak larunbatean

Imanol Garcia Landa 2022ko urr. 19a, 11:58

Amasako XXIX. Mendi Duatloiaren proba nagusia 16:00etan hasiko da, eta ohiko ibilbidea izango du; iaz bezala, eguerdian haurren proba egingo dute.

Larunbatean izango da jokoan Amasako XXIX. Mendi Duatloia. 16:00etan hasiko da helduen proba, eta aurten ere, iazko arrakastaren ondoren, haurren proba egingo dute, 12:00etan. «Aurreko urtean ehundik gora haur etorri ziren, eta etorkizunean proba nagusian parte hartzeko jendea nahi badugu, txikitatik landuta aukera gehiago izango da», esan du Eneko Gurrutxaga antolakuntzako kideak.

Helduen proban ez da berritasunik izango ibilbidean. Lehen zatian korrika 4,18 kilometro egingo dituzte, bigarren zatian bizikletaz 17,79 kilometro, zirkuitu bati bi itzuli eginez, eta hirugarren zatian korrika 2,43 kilometro.

Izena eman nahi duenak Kirolprobak.com webgunean du horretarako aukera. «Aurten zirkuituko probetan jende gutxi ari da parte hartzen, eta ea Amasak zentzu horretan poza ematen digun», esan du Gurrutxagak. 14-16 urtekoak soilik bikoteka atera daitezke, eta 16 urtetik aurrerakoak banaka zein bikoteka. Azken horretan, bikoteko partaide batek korrikako bi zatiak egingo ditu eta besteak bizikletako zatia. Egunean bertan eman ahalko da izena, baina bost euro garestiago izango da. Antolakuntzako kideek azaldu dutenez, nahiago dute kirolariek aurretik Internet bidez izena ematea. Haurren proban 13 urte artekoek parte hartuko dute, eta izena egunean bertan emango dute.

Gurrutxagak berak parte hartuko du eta goiko postuetan izaten da mendi duatloien zirkuituan. «Bertako proban parte hartzea berezia da», esan du. «Azkenean etxetik atera eta autoa mugitu gabe, zuzenean bizikleta boxetara eramaten dut. Jendearen animoekin lasterketan parte hartzea gozamena da, gustatzen zaigu eta beti laguntzen du». Oraindik ez du irabaztea lortu aurtengoan mendi duatloi zirkuituan. «Esango nuke puntu erdi beherago nabilela, eta Josu Urrestarazuk parte hartu duen lasterketa guztiak irabazi ditu. Bera bi puntu gorago dago, harrapaezin. Adunako proban ez nuen oso urruti ikusi, baina indartsuagoa izan zen. Amasan, zirkuitua ezagutzeagatik eta jendearen animoak izateagatik, irabaztera aterako gara, eta ez badugu irabazten, berdin-berdin aurrera egingo dugu».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!