Genero Indarkeriaren Aurkako V. Topaketa, larunbatean, Amasa-Villabonan

Ataria 2022ko urr. 19a, 07:58

Matazak mugimenduak bultzatutako pentsamendu feministaren edizio berria egingo dute Gurea antzokian, 9:00etatik 14:30eara. 'Genero-desberdintasunek emakumeen osasunean duten eragina' da edizio honen izenburua.

Jardunaldian zehar, emakumeen osasunaren inguruko genero-ikuspegia landuko da. Horretarako, hainbat hizlari izango dira; bakoitzak bere jakintza-eremutik, osasun-arloan feminismoaren ibilbidea aztertuko dute, eta zaintzak eta generoak osasunaren gain duten eragina jorratuko dute, besteak beste. Era berean, osasun-sisteman emakumeak subjektu aktibo eta ez-pasibo gisa aitortzeko beharra aztertuko dute, generoen alborapenak eta ikuspuntu androzentrikoa ezabatuz, baita genero isuriak osasun arloko adimen artifizialean ere.

Interesa dutenek, encuentrofeministamadejas@gmail.com helbide elektronikora mezua bidaliz eta izen-abizenak adieraziz eman behar dute izena; mezu horretan, topaketa online edo aurrez aurre jarraituko duten azaldu beharko dute. Bi modalitateak doakoak dira.

Literatur tailerra, bezperan

Motorrak berotzen hasteko, ostiralean, hilak 21, literatur tailerra egingo dute antzokian bertan, Nuestros cuerpos, nuestras vidas izenburupean. 18:30eatik 20:30eara izango da, eta Josune Muñoz filosofoak gidatuko du; kasu honetan ere, antzokitik edo streaming bidez parte hartzeko aukera dago. Izena emateko, arestian aipatutako helbide elektronikora mezua bidali behar da.

Egitaraua
  • Urriak 22, larunbata
    • 9:00. Sarrera eta egiaztagirien banaketa.
    • 9:30. Ekitaldiaren hasiera. Parte hartzaileak: Miren Elgarresta Larrabide (Emakundeko zuzendaria), Beatriz Unzue Esnaola (Amasa-Villabonako alkatea), Arantza Lopez Luloaga (Amasa-Villabonako Udaleko berdintasun zinegotzia), Isabel Otero (Matazak mugimenduko arduraduna) eta Arantza Campoz Rubio (Matazak mugimenduko amandrea).
    • 10:00. Osasuna, teoria eta aldarrikapen feministen eremuan. Hizlaria: Belen Nogueiras Garcia, psikologo klinikoa eta ikerketa feministetan doktorea.
    • 10:45. Zaintzak eta genero eragina osasunaren gain. Hizlaria: Mariangeles Alvarez Garcia, osasun psikologoa eta genero indarkerian aditua den psikoterapeuta.
    • 11:30. Atsedena.
    • 12:00. Genero isuriak osasun arloko adimen artifizialean. Hizlaria: Lorena Fernandez Alvarez, Deustuko unibertsitatearen komunikazio digitalaren zuzendaria.
    • 12:45. Mahai ingurua: Genero ongiezen antzemate, prebentzio eta ekintzak Euskal Herriko osasun publikoan.
    • 13:30. IV. Matazak Sari Feministaren banaketa eta liburu ezberdinen eta Nobel run jolasaren zozketa.
    • 14:00. Amaiera.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!