ERREPORTAJEA

Artea herrira gerturatu eta herritarrengana pasaz

Eneritz Maiz Etxarri 2022ko urr. 13a, 15:59

Ramon Balerdi eta Jon Iñaki Ormazabal billabonatarrak iaz hasi ziren bikote artistiko moduan, eta beste eragile batzuekin batera Billabonarte elkartea sortu dute.

Ramon Balerdi eta Jon Iñaki Ormazabal Amasa-Villabonako artistak dira. Orain artean ez dute elkarrekin lanik egin, eta iaz elkartu ziren lehen aldiz, Azken Muga arte eta kultura jaialdia dela eta. «Aspalditik ezagutzen dugu elkar, baina ez dugu elkarrekin inoiz lanik egin. Iaz gonbidatu nuen nirekin Azken Mugan erakusketa jarri, eta bertara joatera», azaldu du Ormazabalek.

20x20x20 formatuko eskulturen erakusketan parte hartu zuten biek, beste 70 bat eskultorerekin batera. Hantxe hasi zuten bien arteko harreman artistikoa.

«Orain arte, eskultorea edo artista bere tailerrean sartuta egon da, eta erakusketa batera doa. Hori zaharkitua dago. Beste fase batean gaude, artea jendearekin egin nahi dugu; umeekin, kalean,... eta herriarentzat izan dadila», zehaztu du Ormazabalek. Bide horretatik jarraitu nahi dute lanean, eta beste eragile batzuekin batera, Billabonarte elkartea sortu dute, batik bat, «arlo juridikoagatik». Eta hori horrela lanean jarraitu nahi dutela azpimarratu du Ormazabalek.

Elkartea sortuta, beraien lanak herriz herri mugitu nahi dituzte, eta dagoeneko Azken Mugarako egin zuten lanarekin film labur bat egin dute.

FILM LABURRAK

20 minutuko film labur artistikoa da. «Orain film labur hori mugitzen ari gara», diote. Instituzio edo erakunde ezberdinetan aurkeztu nahi dute, eta lehiaketa batzuetara aurkezteko intentzioa ere badute bi artistek. Ernesto Jimenezek lagundu die lan hori prestatzen.

Gurea antzokian estreinatu zuten, eta Azkaraten bertan ere ikusi ahal izan zuten bertaratu zirenek. «Bi aldietan jendea hunkituta atera zen», dio Balerdik. Orain, telefonoa astintzea tokatzen zaiela aitortu dute Euskal Herrian barrena zabaltzeko. «Bizitzako gai existentzialak jorratzen ditugu», argitu du Balerdik. Gizatasunetik jainkotasunera trailerra Youtuben ikusgai jarria dute. «Barneko pobrezia aberastea gustatuko litzaidake, herria eta gure kultura», dio Balerdik. «Garai oso zailak datoz, eta buelta eman behar zaie, kultura ondare espiritual bat da».


Artearen gainbeherak elkarte batean biltzera bultzatu ditu artistak. Gaur egun, jada, 100dik gora dira erakusketa horretara batu diren artistak, eta herriz herri dabilen eta eraman nahi duten erakusketa da Azken Mugarako prestatu zutena. Erakusketa horretaz gain, obrak basoan zehar banatu zituzten, eta lan horretan sartu ziren Balerdi eta Ormazabal. Deabruaren eskulturarekin joan zen Ormazabal, eta infernua errepresentatuz. Balerdi, aldiz, oliotik datorren artista da, baina era berean, diziplina anitzekoa da. «Olioa da nire oinarria, baina askatzen laguntzen didaten muntaia lan batzuk egiten ditut. Ikasi dudanarekin eskultura, olioa, testurak, bukaerak, lekuak...», argitu du.

Interpretazio artistiko garrantzitsua egin zutela kontatu dute: zuhaitzak margotzeak, antzerkia, dantza, musika... «Performance bat egin genuen», dio Balerdik. Artearen bost diziplina ezberdinak elkartu zituzten: eskultura, poesia, dantza, antzerkia eta musika. Azkarateko espazioa hartu zuten. Beraiekin batera aritu zen Amasa-Villabonako Zunbeltz antzerki taldea. Akelarrea egin zuten sorginekin batera; «izugarri ondo atera zen, eta arrakastatsua izan zen», azaldu du Ormazabalek. Asko ikasi zutela gaineratu du. 30 bat pertsonek parte hartu zuten, eta gehiengoa emakumeak izan zirela adierazi dute.

Ormazabal bere deabruaren eta infernuaren errepresentazioarekin, eta Balerdi, berriz, Duintasuna obrarekin «izaki jainkotiarra». «Orain dela ez asko arte paradisua eta infernua zeruan jartzen ziren, eta aldarrikatu nahi dut paradisua eta infernua norberaren baitan ere bizi direla», azaldu du Balerdik. «Egunero hautatu behar du zer nahi duen pertsonak, edota zer komeni zaion. Hor dago borroka», zehaztu du. «Asko hitz egin dugu biok, eta nahi duguna da hau herrira pasatzea», azpimarratu du Balerdik.

Ekainean beste performance bat egin zuten Udako Solstizioa deiturikoa, honen inguruko film laburra egingo dute, eta dagoeneko trailerra sarean zabaldu dute. Lekunberrin edota Ibarran izan dira tailerrekin, eta Villabonan bertan eragile ezberdinek antolatu zuten EtxeondoFesten ere tartean aritu ziren. «Herritik atera zen ekimena izan zen, eta niretzat arrakastatsua», esan du Balerdik. «Haurrek eskulturekin jolasten amaitu zuten, pintatzen...».

Biak ari direla lanean adierazi du Ormazabalek, baina alboan lagun asko dituztela azpimarratu dute: «Laguntza handia dugu, eta eskertu nahi genieke lagundu gaituzten guztiei».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!