Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkariak zehaztu duenez, Hezkuntza Sailak «irregulartasunak» atzeman ditu Villabonako Zubimusu ikastolan 2021-2022ko matrikulazioan. Matrikulazio datuak aztertu ostean, ikastetxeari dagokion Haur Hezkuntzako ituna aldatzea erabaki dute, eta ondorioz, ikastetxeak aldatutako unitateei dagokien kopurua itzuli beharko du. Ikastolak "akatsa" onartu du, eta kopurua itzuliko duela adierazi du.
Ikastolen Elkartetik Ataria-ri azaldu diotenez, pasa den ikasturtean, hau da 2021-2022 kurtsoan, irailean Zubimusu ikastolak ikasle kopuru bat zuen matrikulatuta. «Hezkuntza Sailaren itunaren arabera, 25 ikasle baino gehiago izateagatik Haur Hezkuntzan bi gela ituntzen zaizkizu, eta irailean 25 ikasle baino gehiago zeuden matrikulatuta Haur Hezkuntzako etapa desberdinetan, HH3 eta HH5ean».
Hainbat ikasle, ordea, baja izan ziren kurtso hasieran. «Eta hor dago Zubimusuk egiten duen akatsa, ez baititu datu horiek eguneratzen abendu-urtarrila arte». Baja horiengatik, kopurua 25etik jaitsi zen orduan, beraz, bi itun izan ordez, itun bat izatera pasa zen. «Bi itunak galtzen ditu, bat 3 urteko gelan eta bestea 5 urteko gelan, eta ez adin bereko bi gela, zabaldu den moduan».
Ikastolen Elkartetik diotenez, Zubimusuk ikasle horien baja eman zuen unean, Hezkuntza Saila konturatu zen bi itun beharrean bat zegokiela. «Ikuskaritzak egin zuen berrikuspen baten ondorioz konturatu zirela zabaldu da, baina ez da horrela, guk bajak eman ondoren konturatu baitziren; ez dugula jakitera eman bajak egon direla ulertarazi da, baina ez da horrela».
409.000 euro jaso zituen Zubimusuk iazko ikasturtean, baina, Hezkuntza-itunen Erregelamenduaren arabera, 3 urteko gelan eta 5 urteko gelan gela bana galdu zutenez, 25 urteko langa horretatik jaitsita, 282.000 euro zegozkion. Hezkuntza Sailak osatu ez ziren bi ikasgela horiengatik jaso zuen dirua itzultzeko agindu dio ikastolari. Ikastolak, «akatsa» onartu du, eta dirua itzuliko dutela adierazi dute Ikastolen Elkartetik.
Elkartetik esan dutenez, bajen berri izan zutenean jakitun ziren diru kopuru hori ez zegokiela, eta bazekiten itzuli egin behar zutela; «Boletinean orain argitaratu den arren, guk Hezkuntza Sailarekin bilerak egin ditugu gaiaren inguruan, eta bagenekien diru hori itzuli egin beharko genuela».