Amasa-Villabonako Udalak oroigarri bat eman dio Joan Manuel Serrati

Ataria 2022ko urr. 10a, 19:58

Atzo Joan Manuel Serratek Donostiako Kursaalen izandako agurreko kontzertua baliatuz, Beatriz Unzue alkateak udalerriko oroigarria eman zion. Amasa-Villabonan bizi izan zen abeslari ezaguna.

15 urte inguru zituenean, eskolako lagun batek gonbidatuta, uda igarotzera joan zen Amasa-Villabonako Oriamendi auzora. Sacem enpresan hasi zen lanean, aprendiz modura. «Goizero joaten nintzen, makinaz makina, tornutik fresatzailera eta fresatzailetik karrakagailura. Arratsaldeetan, kuadrillan elkartzen ginen», azaldu zuen Serratek 2019an, Amasaren eta Villabonaren elkartzearen 400. urteurrena ospatzeko egin zuten Vagera herri bat jaialdirako grabatu zuen bideoan. «Bizikleta hartu eta Tolosara joaten ginen, eta gogotsu geundenean, Zizurkilera igotzen ginen. Garai ederrak, aberasgarriak eta zoragarriak izan ziren», gaineratu zuen.

«Ez nuen hobekuntzarik egin fresatzailea eta tornua erabiltzen, baino amuarrainak sardexkarekin arrantzatzen ikasi nuen, baita zesta puntan ibiltzen ere. Gauza horiengatik liluratuta utzi nituen Bartzelonako nire lagunak Kataluniara itzuli nintzenean. Gauza horiengatik eta gehiagorengatik, asko maite ditut Euskal Herria eta euskal herritarrak», esan zuen Serratek bideo berean.

Serrat, Edurne obraren sortzailea da, euskaraz idatzitako esaldiak biltzen dituen autorearen abesti bakarra. 1970ean Argentinan grabatu eta publikatu zuen arren, 1974. urtera arte ez zen estatuan zabaldu. Poliziak garai hartan erabiltzen zuen biolentzia salatzen zuenez («los hombres de metal», armaturik zihoan poliziari erreferentzia eginez, «los grises»), frankismoagatik zentsuratua izan zen eta irratietan ez zuten zabaldu.

Euskal Herrian egin zuen kontzertu baten ondoren, antolatzaileek afaltzera gonbidatu zuten. Afari hartan, Edurne izeneko Amasako emakume batek, istorio gogor bat kontatu ondoren, Serrati abesti bat kantatzeko eskatu zion. Abeslaria hunkitu egin zen, eta abesteko berak baino argudio gehiago zituela esan zion Edurneri. Horrela sortu zuen Edurne abestia; abestu, Edurne dio kantuaren letrak.

Josep María Olivak bere blogean jasotzen duen bezala, Serratek, 70. hamarkada bukaeran Manresan (Herrialde katalanak) eskaini zuen zuzeneko kontzertu batean, abesti honen sorrerari buruz horrela hitz egin zuen: «Serratek Euskal Herrian eskaini zuen kontzertu baten ostean, antolatzaileek geratzeko eskatu zioten. Afari hartan, Edurnek, bere kontakizun latza azaldu eta gero, abesti bat kantatzeko eskatu zion. Entzun zuenak hunkituta, abesteko arrazoiak, berak, emakumeak, zituela esan zion («Abestu Edurne»). Ez dakigu ezer emakume hartaz, ezta euskarazko bertsoak idatzi zituen pertsonaz, baina egia da abesti eder honen hitzek Amasako bideaz eta Oria ibaiaz hitz egiten digutela, abeslariarentzat gertukoak ziren lekuak».

Amasa-Villabonako Udalak, atzo ateratako argazkiarekin batera, ondorengo mezua argitaratu du sare sozialetan: «Eskerrik asko Joan Manuel, Amasa-Villabonaren izena munduan zabaltzeagatik».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!