200 parte hartzaile inguru Villabonako BTT martxan

Ataria 2022ko urriaren 1a

Mendi bizikletaz ibiltzeko eta Amasa-Villabona inguruko paisaiaz gozatzeko aukera jarri du gaurkoan Irrintzi Elkarteak. Deialdiari erantzunez, jende ugari elkartu da Errebote plazan 09:00etan, mendi bizikleta eskuetan zutela.

Azken egunetako euriak ibilbidea lokaztuta utzi duen arren, parte hartzaile ugarik hartu dute irteera IV. BTT Martxan. Batzuk ibilbide luzea aukeratu dute, 38 kilometroa. Errebote plazatik abiatu ondoren Amasa igotzen hasi dira. Hortik Belabietara, eta bueltan, Loatzotik barrena, irteera puntura iritsiko dira. Bataz besteko malda positiboa 1.400 metrokoa topatuko dute. Ibilbide laburrekoek 10 kilometro gutxiago egingo dituzte, baina bataz besteko malda mila metrotik gorakoa izango dute.

Adin guztietako bizikleta zaleak agertu dira irteera puntura. Bizikleta elektrikoarekin ere parte hartzeko aukera zegoenez, hain sasoiko ez zeudenak ere gustura ikusten ziren. Ibilbidean zehar hiru anoa gune izango dituzte, eta helmugan, hamaiketako ederra. Bizikleta garbitzeko eta dutxa bat hartzeko aukera ere jarri dute Irrintziko kideek.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!