Tasak eta zergak %1,5 igoko dituzte 2023an

Jon Miranda Labaien 2022ko irailaren 29a

Krisi egoeran udalaren gastuak igoko direla aurreikusita hartu dute erabakia Amasa-Villabonako azkeneko osoko bilkuran. 

Amasa-Villabonako Udalak 2023. urteko ordenantza fiskalak aldatu eta tasa eta zergetan %1,5eko igoera orokorra egitea onartu du, EH Bildu eta EAJren aldeko botoekin eta PSE-EEko kontrakoarekin. Udal gobernuak iragarri du hobari fiskalak bere horretan mantenduko dituela datorren urtean ere, duela bi urte egindako aldaketari eutsiz.

Tasak eta zergak igotzeko proposamena krisi testuinguruari egotzi dio Xabat Laborde alkateordeak: "Prezioak gora doaz eta udalaren gastuetan ere eragin zuzena du horrek". Udalak onartu duen igoerarekin datorren urterako aurreikusten den gainkostua erabat ezingo dela estali esan du Labordek, baina tasa eta zergen igoera "txiki" horrek lagunduko duela kontuak berdintzen. Udal gobernuaren ustez udalak badu gaitasun ekonomiko nahikoa egoerari aurre egiteko.

"Arduraz jokatzea dagokigu  eta oreka ekonomikoa bermatu behar dugu. Herritarrentzako igoera txikia izango da, baina udalaren diru sarreratan igoera esanguratsua emango da", nabarmendu du Labordek. Tasa eta zergetatik jasotako kopurua 2022tik 2023ra 31.000 eurotan haziko dela aipatu du. "Ez dugu uste igoera honek hondamendia eragingo duenik inongo etxeko ekonomiatan". Hondakinen tasa jarri du adibidetzat Labordek: "Hiru hilean behin 0,37 euro gehiago ordaindu beharko da etxebizitza bakoitzeko".

EH Bilduren udal gobernuak egindako proposamenarekin bat egin du EAJk eta aurka bozkatu du PSE-EEko zinegotziak. Maria Luisa Arija talde sozialistako bozeramaleak esan du ez dela momentu egokia tasak eta zergak igotzeko. "Familia batzuentzat gastu handia da eta uste dut elkartasun ariketa bat egin behar dugula orain. Ezin iritsi ibiliko dira familiak eta zergatatik lortutako kopurua familia horiek laguntzen gastatu beharko dugu".

Amasa-Villabonako udalbatzak Tolosaldeko Euskararen Mahaiaren eratze akta ere onartu du azkeneko osoko bilkuran. 

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!