Landa Eremuko Emakumeen Eguna ospatuko dute urriaren 14an Villabonan

Ataria 2022ko ira. 28a, 16:25

Gurea antzokian 09:30etik aurrera jardunaldia egingo dute eta parte hartzeko izena eman beharko da urriaren 4a baino lehen

Landa Eremuko Emakumeen Nazioarteko Egunaren hemeretzigarren edizioko ekitaldia egingo du Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen sailak urriaren 14an Amasa-Villabonan. Urriaren 4ra arte egin daitezke ekitaldian parte hartzeko izen emateak, Hazi.eus webguneko formularioa beteta.

Goiz osoko egitaraua

Urriaren 14an, ostirala, Villabonako Gurea antzokian 09:30ean hasiko da jardunaldia. Hasiera emateko, Landaola federazioak bultzatzen duen Landa Emakumeak Gara proiektua aurkeztuko dute. Landa eremuko emakumeen arteko elkar ezagutza eta saretzea bilatzen du egitasmoak. Horren ondoren, Bogan kooperatiba taldearen eskutik, zaintza komunitarioaren arloan berritzailea den Teknoadineko proiektua ezagutzeko aukera izango da. Bizkaiko eta Gipuzkoako zenbait udalerritan dagoeneko ezarri dute proiektua.

Atsedenaldi baten ostean, aurreko hitzaldietan parte hartu duten hizlariek eta beste gonbidatu batzuek mahai inguru batean parte hartuko dute, landa eremuan ematen den bizikidetzaren inguruan duten iritzia emateko. Esperientzia pertsonalean eta profesionalean oinarritutako lekukotasunak partekatuko dituzte. Behin mahai ingurua bukatzen denean, luntxa emango dute.
Eusko Jaurlaritzarekin batera Gipuzkoa, Bizkai eta Arabako foru aldundiek, Hazi fundazioak, Emakundek eta Amasa-Villabonako Udalak hartu dute parte urriaren 14ko jardunaldiaren antolakuntzan

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!