ELKARRIZKETA

«Eskulturak erakartzen nau, baina argi dut ezin dudala hortik bizi»

Eneritz Maiz Etxarri 2022ko urr. 3a, 07:59

Jon Iñaki Ormazabal eskultorea. E. MAIZ

Egun Amasa-Villabonan, Lasarten eta Astigarragan ditu egur tailako eskolak Jon Iñaki Ormazabal (Amasa-Villabona, 1972) eskultoreak. Erakundeen aldetik inplikazio gehiago izatea faltan botatzen duela adierazi du, eta eskultura lanaz eta ikastaroez gain, Pasaiako Albaolan ere ari da boluntario gisa.

Ormazabalek garbi du eskulturatik bakarrik bizitzea oso zaila dela, eta egur tailako ikastaroak emanez aurkitu du bizirauteko oreka.

Nolatan hasten zara egurrarekin lanean?

Txiki-txikitatik beti ibili izan naiz mendian labana txiki batekin. Enborrak, adarrak edo makilak hartu eta beti lanean. Aitonak oparitu zidan labana eta mendira joaten ginen bakoitzean labanarekin aritzen nintzen egur zatiak hartu eta mozten. Horrez gain betidanik izan dugu etxean ekonomika, bai amonak, bai nik... Beti telebistari begira egon beharrean suari begira egoten nintzen. Egurra botatzen nuen sutara eta hark zer forma hartzen zuen, nola erretzen zen ikusten nuen. Egur hori atera, berriz sartu eta joko horretan ibiltzen nintzen. Horrek gehiago erakartzen ninduen telebistak baino.

Ez duzu etxean arotzik izan?

Ez. Txikitatik suaren formak, koloreak eta horrek guztiak arreta deitzen zidan. Villabonan zortzigarren maila bitarte egin nituen ikasketak, eta gero jada Donostiara joatea erabaki nuen. Lanbide Heziketa egin nuen, eta hor arotz lana egin nuen. Bost urtez ebanisteria ikasi nuen.

Zeri deitzen zaio ebanisteria?

Ebanisteria arotzeria da, baina zur finak lantzen dituen arotza da. Lana finagoa da, altzariak-eta horrelakoak. Nire ikasketak hortik joan ziren.

Garbi izan zenuen?

Garbi nuen egurra gustatzen zitzaidala. Oso garbi txiki-txikitatik. Lanbide Heziketako azken bi urteetan praktikak egiten hasi ginen. Goizean joaten nintzen ikastera, eta arratsaldetan aroztegi batera joaten nintzen praktikak egitera, Zizurkilera. Aroztegi horretan hiru urtez egon nintzen lanean, baina konturatu nintzen arotz lan horrek ez ninduela erakartzen. Lan zakarra eta beti berdina zen. Nik zerbait artistikoagoa nahi nuen, eta horren bila nenbilen. Orduan, arotzeria pixka bat albo batera utzi nuen, eta Debako Arte Eskolara joan nintzen. Bertan hiru urte egin nituen. Egur taila ikastera joan nintzen; egurra landu, formak jorratu... Azken batean, arte munduan murgiltzera joan nintzen. Egurra tailatzeaz gain harria ere tailatzen genuen, eta aukerak genituen: fundizioa, marrazkia, zeramika...



Denetik pixka bat ikasi zenuen, beraz.

Hori da. Bertan formatu nintzen. Hor konturatu nintzen hau egin nahi nuela; hau da, artisautza, egur edo harri taila, eta eskulturatik.

Eta egur tailatik bizitzea erabakitzen duzu?

Asmo horretan. Oso-oso zaila. Arte munduak asko erakartzen ninduen, eskulturak egiten hasi nintzen bai egurrarekin, harriarekin eta burdinarekin, baina argi zegoen eskulturatik bizitzea oso-oso zaila zegoela. Orduan, han ikasi nuen eskola eredua-edo saiatu nintzen kultur etxeetara eramaten. Lehen proiektu txiki bat aurkeztu nuen Amasa-Villabonako kultur etxean. Gustatu egin zitzaien eta ikastaroak ematen hasi nintzen kultur etxeko udal tailerretan. 27 urte daramatzat Villabonan. Hemengoaz aparte, momentu honetan Astigarragan eta Lasarten ari naiz. Hiru eskola ditut, eta zazpi talderekin ari naiz lanean. Donostiako kultur etxe guztietan ere aritua naiz. Eta baita Gipuzkoako beste hainbat herritan ere.

 

«Lehen enkarguz lan asko egiten nuen. 2008ko krisiarekin hori dena bertan behera geratu zen»



Jendea erakartzen du egur tailak?

Bai, eta jendea harrapatu egiten du. Pixkanaka hasi nintzen, eta lau ikasle, zortzi ikasle, eta momentu honetan, esaterako, Villabonan 30 ikasle ditut. Urtero udalari diru laguntza bat eskatzen diogu, eta jasotzen dugun laguntzari esker, tailerra behar diren erreminta guztiekin osatuta dugu. Tintak, bernizak, argizariak, makina ezberdinak, eta pixkana-pixkana hobetzen joan gara. Astean hirutan etortzen naiz tailerrera. Talde bakoitzari hiru orduko klasea ematen diot, baina beraiek tailerra erabiltzeko aukera dute. Tailer librea edo irekia deitzen diogu. Ikasle bakoitzak dauka giltza. Ikastaroetatik aparte, astelehenetik larunbatera 08:00etatik 20:00etara erabili dezakete, eta hori izugarriko arrakasta izan da. Hamabost bat urte edo daramatzagu horrela. Udalak herritarrei eskaintzen dien zerbitzu bat da, eta bakoitza bere lanak egitera etortzen da.

Nolakoa da tailerra?

Programa bat dut landua, eta hasieran geometria lantzen dugu. Batez ere, erremintaren erabilera edo maneiua ikasteko, egurra ezagutzeko, egurraren beta eta kontra-beta, egur bigunak edo gogorragoak, eta geometriaren ariketa batzuk egiten ditugu horretarako. Hortik hasi eta erliebera pasatzen naiz. Lan zailagoa da erliebearena, eta hortik hiru dimentsioetara pasatzen gara; hau da, bolumena lantzera. Gero bakoitzak bere ideia ekartzen du, eta hori lantzen hasten gara. Batek kartel bat egin nahi du baserri, etxe edo nonbait jartzeko, beste batek kutxa bat, besteak beste zerbait... Eta ikasle bakoitza bere bidetik joaten da. Nik horretan laguntzen diet. Aldiz, aurreratuago daudenekin edo beste gogo bat edo beste ikuspuntu edo ikuspegi bat dutenekin, horiekin jada eskultura lantzen dut. Ni ahalik eta eskultura gehien lantzen saiatzen naiz, eskultorea naizelako eta hori gustatzen zaidalako, eta ikasle batzuekin bai lantzen dudala eskultura.

Zuri horrek betetzen zaitu?

Niri horrek erakartzen nau, baina argi dut ezin dudala hortik bizi. Beraz, oreka bilatu dut ikastaroak ematen, eta ikastaroez aparte nire obrak egiten ditut, nire lanak, eskultura, alegia.



Zein motako jendea da egur tailan hasten dena?

Edozeinek egin dezake, eta gehiengoa, %60, erretiroa hartu berri duen jendea da. Sasoian daude, gogoa dute, bizitza guztia lanean aritu dira, eta zerbait behar dute, eta ikastaroan hasi eta harrapatu egiten ditu. Guztira 80 bat ikasle ditut; gazteenak 15 bat urte izango ditu eta zaharrenak 85 urte. Emakumeak ere badira, asko ez diren arren. Eta gutxiago edo gehiago denek egiten dute zerbait.

Jendeak badu ohiturarik artelanak eskatzeko?

Lehen, garai batean, enkarguz lan asko egiten nuen: armarriak, kutxak... Artisau lan asko. 2008ko krisiarekin hori dena bertan behera geratu zen. Kapritxoak dira horiek, eta jada jendeak kapritxo gutxi ditu. Eta eskultura aldetik lehen gehiago lantzen genituen bai udaletxe eta elkarteetan, erakusketak... Gehiago ateratzen ziren, eta orain pixka bat borrokan gabiltza horrekin. Artea oso-oso gainbeheran dago, eta azken bi urte hauetan hainbat ekimen ditugu artea goratzeko. Eskultoreen artean elkartu gara, eta beste proiektu batzuetan gabiltza.

Gainbehera nabaritu duzue artearen munduan?

Bai, asko. Ikaragarria izan da.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!