Amasamendi inguruetatik mendi bizikletaz

Imanol Garcia Landa 2022ko ira. 28a, 11:57

Bi txirrindulari, iazko BTT martxan.

Irrintzi elkarteak antolatuta, larunbat goizean IV. Amasa-Villabona BTT martxa egingo da, bi ibilbiderekin

Ohi bezala bi ibilbide izango ditu larunbat goizean egingo den eta Irrintzi elkarteak antolatzen duen IV. Amasa-Villabona BTT martxak. Errebote plazan izango da irteera, 09:00etan, eta bertan izango da amaiera ere. Laugarren urtez egingo dute mendi bizikleta proba. «Aurrera egiteko asmoarekin hasi ginen ekitaldia antolatzen eta aurreneko urtean izan dugun arrakasta eta gero, momentuz ez gara nazkatu eta aurrera egiteko asmo horrekin segitzen dugu», esan du Borja Aranzabe antolakuntzako kideak.

Ibilbide luzeak 38 kilometro inguru izango ditu, 1.400 metroko desnibel positiboarekin, eta motzak 28 kilometro inguru eta 1.000 metro desnibel positiboarekin. «Saiatzen gara zirkuitu formatu bera mantentzen, eta urtero aldaketatxoren bat sartzen», esan du Aranzabek. Batez ere Amasamendi inguruetan ariko dira txirrindulariak, Belabieta eta Loatzo tontor inguruetatik igaroz.

Izena eman nahi duenak Kirolprobak.com webgunean egin dezake. Aurten, ekainaren 30a baino lehen izena eman zutenek maillota jasoko dute. 300 parte hartzaileren kopurua da muga, bi ibilbideak kontuan hartuta, eta ez bada betetzen, aukera izango da egunean bertan izena emateko irteerako gunean. Atzo arratsalderako 170 parte hartzaile inguruk emanda zuten izena. «Azken unera arte zain egoten dena izaten da, eguraldiaren arabera izena emateko», esan du Aranzabek. «Aste osoan zehar euria ematen ari dira eta larunbatean ikusiko dugu. Beraz, ez dugu uste jende asko izango denik azken unean izena emango duena».

Egun hauetako euria dela eta, lokatza bidaide izango dute txirrindulariek. «Ohituta gaude», adierazi du Aranzabek. «Urtero euria egiten digu eta barneratuta dugu egoera hori». Martxa denez ez da sailkapenik izango, baina lehiarentzako beti izaten da tartea: «Ez dago irabazlerik, baina beti izaten da lehia ea zein iritsiko den lehenago. Beraz, saltsa izango da aurrealdean».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!