Tasak eta zergak izoztea eta familiei laguntzak ematea eskatu du PSE-EEk

Tolosaldeko Ataria 2022ko ira. 27a, 17:47

Asteazkeneko osoko bilkuran udal gobernuak zergak %1,5 igotzeko proposamenaren aurka bozkatuko du zinegotzi sozialistak.

Amasa-Villabonako udaleko talde sozialistak zerga, tasa eta prezio publiko guztiak izozteko eskatu dio udal gobernuari eta hauek ordaintzeko familiei erraztasunak emateko. Arduraz jokatzera deitu dute sozialistek, "gure bizilagunen presio fiskala ez handitzea da helburua, inflazioaren bilakaera ikusita"

 

Villabonako PSE-EEko bozeramaile Maria Luisa Arijak ohar batean adierazi duenez, presio fiskala igotzen ez bada, tokiko ekonomia suspertuko da, "eta horrek gure herri osoari egingo dio mesede". Tasak eta zergak ordaintzea erraztuz gero, familia askok eta negozio jabe eta maizterrek bizi duten larritasuna arinduko dela uste du bozeramaile sozialistak.

 

Arijak esan du ez dela hau tasak eta zergak igotzeko une egokia, Ukrainako gerrak eragindako hondamen ekonomiko eta sozialei aurre egin beharra dagoenean. "Are gehiago, EH Bilduren udal gobernuaren lana izan behar dela diru sarrerak ahalik eta gehien optimizatzea". Asteazkenean, irailak 28, PSE-EEk Beatriz Unzueren taldeak zergak %1,5 igotzeko proposamenaren aurka bozkatuko du osoko bilkuran.

 

Egungo egoeran, Arijak uste du ez dizkiegula gure herritarrei zergak handitu behar. "Bizilagunen ongizatea zaindu behar dugu, baliabide ekonomikoei lehentasuna emanez eta arreta handiagoa jarriz eta egonkortasuna bermatuz".  Azkenik, azpimarratu du bai Espainiako gobernua bai Gipuzkoako Foru Aldundia bizitzen ari garen egoera arintzeko neurriak hartzen ari direla. Zehazki, joan den asteazkenean batzar nagusietan egin zen osoko bilkurari buruz hitz egin du. Bertan, deflaktazio neurriak hartu ziren. "Villabonako EH Bilduren udal gobernuak ere neurriak hartu behar ditu herriko familiei laguntzeko", esan du Arijak amaitzeko.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!