ELKARRIZKETA

«Ia Euskal Herriko txoko guztietan izan gara, herri handietan nahiz txikietan»

Irati Saizar Artola 2022ko ira. 24a, 07:59
Iraitz Altuna Iraola, Earra food truck furgonetan, Villabonako Errebote plazan. I.S.A.

Furgoneta bat erosi, atzeko partean sukaldea muntatu eta herriz herri, festaz festa, janaria saltzen ibiltzeko hautua egin zuen hiru urte atzera eginda Iraitz Altuna Iraolak (Villabona, 1980). Earra food truck du izena bere ibilgailuak, eta Euskal Herriko txokoetan barrena ibiltzen da.

Furgonetaren ertz bateko leihoak zabaldu eta festa giroan patata frijituak, hanburgesak, ogitartekoak edota sandwichak saltzea da Earra food truck-en egitekoa; egunez zein gauez egiten dute lan.

Furgoneta bat da zure lantokia.

Halaxe da bai, eta gustura nabil. 2019an hasi nintzen proiektu honekin, eta urtebeteko lana egin eta gero pandemia etorri zen; bi urte txar pasa ditugu, baina joan dira horiek ere. Bi urte horietan eskerrak Villabonako Udalari, herriko plazan egoteko aukera eman zigulako, eta herritarrek ere gustura hartu gintuzten.

Eta nola abiatu zenuen proiektua?

Hasiera batean, beste janari furgoneta batzuentzat egiten nuen lan. Nire lana neukan eta ordu estrak egiten nituen besteekin. Pentsatu nuen, besteentzako lan egin beharrean, niretzako egin nezakeen lan bat izan zitekeela.

Eta hortik etorri da Earra.

Hasieran izen bat nerabilkien buruan, baina ez zen momentua hura jartzeko. Lagun batek esan zidan: «Hoixe earra, montatu behar dezuna». Hitz horrekin geratu nintzen, polita iruditu zitzaidan, niretzako aproposa. Furgoneta Galizian erosi eta Caceresen prestatu nuen, txapa kontuak eta pintaketak han egin nituen. Eta gero, furgoneta barrukoa nire emazteak eta biok muntatu genuen.

Eta behin prestatuta, gelditu gabe hasi zineten?

Lehen geldialdia Nafarroan egin genuen, eta bata bestearen atzetik etorri zen. Ia Euskal Herriko txoko guztietan izan gara, herri handietan nahiz txikietan.

Parrandarekin lotzen da gehienetan zure zerbitzua. Beti zaudete gauez eta parranda dagoen lekuetan?

Ez, egunez ere aritzen gara. Baina egia da beti pentsatzen dela gaupasa egiten dutenentzat dela guk eskaintzen duguna. Hala ere, gustura egiten dugu egunez lan. Gaua utziko nuke egunez lan egiteko.

Gauean bezainbeste lan egingo balitz...

Egiten da, ez pentsa. Bazkariak edota afariak ematen ditugu. Ematen duzun zerbitzuaren arabera doa, baina jendeak asko eskertzen du.

Gauez eta parranda giroan lan eginda, ederrak sufritu beharko dituzue.

Bai noski. Leku gehienetan izaten da norbait eskuetatik joanda, alkoholaren eta drogen eraginak badakigu zer dakarten, beraz, momentu txarrak ere pasatzen ditugu, baina furgoneta kanpoan ere egonda gaude, eta badakigu nondik nora eraman jendea.

Pazientzia ere izatea komeni.

Bai latza. Eta eskerrak badaukagun pixka bat, bestela akabo. Ikusten dugu koadro bakoitza... baina momentuan momentukoa izaten da. Jende gaztea eta ez hain gaztea ulertu beharra daukagu, eskura daukate edaria, eta guk janaria eskaintzen diegu.

Alkohola asentatzeko edo?

Bai, oinarria egiteko. Parranda egin ondoren, zerbait jan eta hurrengo egunean hobeto sentitzeko balio du. Probatuta gaude gu ere, eta badakigu horrela dela.

Puntako ordua zein izaten da? Noiz dator jende gehien?

Goizean 02:30ean inguruan hasten da mugimendu gehien. Jendeari afariko betekada pasa zaion garaia izaten da, eta normalean, ordutik aurrera itxi arte jende asko ibiltzen da.

Biharamunik izaten duzue gauez lan eginda?

Alkoholaren biharamunik ez, baina buruhausteen biharamunak bai, ahotsak galduta eta horrelakoak.

Herri batzuetan besteetan baino jende gutxiago egongo da. Nola aukeratzen duzue nora joan?

Udaletxean baimenak eskatu behar izaten ditugu, eta behin baimena emanda, tasa batzuk ordaindu behar izaten dira. Herri handiak badira, akaso lau furgoneta sartuko dira, eta eskaera handia bada, zozketa egiten dute. Tokatzen bazaizu, bazoaz. Baina herri txikietara ere oso gustura joaten naiz. Ez dago konparatzerik Tolosako inauteria Berastegiko herriko festaren batekin! Baina Berastegira gustura joaten naiz; izan ere, jende gutxiagorekin guk ere lana hobeto egiten dugu.

 

«Herri batera joan eta 50 ogitarteko salduko dituzu eta beste batean ez duzu batere salduko»



Zure furgoneta barruan zer aurki daiteke?

Plantxa eta frijigailua dauzkat. Frijigailua handia da, 36 litrokoa, patatak asko saltzen direlako. Eta gero, hozkailua eta izozkailua dauzkat, besterik ez. Hozkailua eta izozkailua bateria bidez egoten dira martxan, ia 16 orduko autonomia dute bateriek eta kargatuta eramaten ditugu beti. Lana egin eta gero beti etxera bueltatzen gara, garbiketa egitera.

Lana ez zaizue bukatzen furgonetako ateak ixtean?

Ez, ez. Etxera iritsi eta bi ordu eta erdi pasatzen ditugu garbiketa egiten. Jendeak uste du 22:00etan hasi eta 06:00etan amaitzean lana bukatzen dugula, baina bezperan 08:00etan martxan hasi beharra daukazu, guztia prestatu behar duzu, ez dadila ezer falta, ez janari aldetik, ezta butano edo bestelakoetatik ere. Ez dezala ezerk huts egin, zerbitzu on bat eman ahal izateko.

Prestaketak bere lana eskatuko du. Eguneroko lana prestaketarena da?

Bai, askotan, ostiral, larunbat eta igandeetan joaten gara leku batera, edo astelehenetik hasi eta igandera ere joan izan gara. Horrelakoetan, zenbat haragi, zenbat ogi behar duzun ez dakizu, eta kalkuluak egin behar izaten dituzu.

Ezingo da jakin zenbat salduko duzun.

Zaila da oso, ezjakina da. Herri batzuetara joan eta 50 ogitarteko salduko dituzu eta beste batera joan eta ogitartekorik ez duzu salduko eta denek hanburgesak eta mistoak eskatuko dizkizute. Ez dakigunez, beti eramaten dugu gehiago, badaezpada.

Emandako guztia saldu izana gertatu izan zaizue?

Bai, pasa izan zaigu, eta desgraziaz, butanorik gabe geratu ere bai. Momentu txarrak dira horiek, jendeari azalpenak eman behar dizkiozulako zergatik ezin duzun gehiago saldu.

Kilometro asko egingo dituzue. Nahiz eta ostiraletik igandera herri berean lan egin, egunero bueltatzen zaretelako Villabonara.

Bai, oso garbi daukagu hori; izan ere, garbitasuna guretzako oso garrantzitsua da, eta zerbitzua eskaintzen dugun aldiro egiten dugun zerbait da. Etxean bezala ez da inon garbitzen. Are gehiago, pabiloi bat daukat alokatuta, eta garbiketarako gauza guztiak han dauzkagu, ur beroa eta beste. Bestela ez dut ulertzen, etxetik kanpo, nola garbitu daitekeen guztia ondo, hurrengo egunean berriro martxan jartzeko.

 

«Nik ez nuke behin ere salduko edo inori emango, nik jango ez nukeen ezer»



Pandemia garaian, Errebote plaza izan da lan egiteko zure gunea.

Oso eskertuta gaude udalarekin, Villabona herriarekin eta inguruko herritarrekin. Guretzako aukera bat izan zen gure buruan sinesten jarraitzeko, eta jendeak ikusi duena da, bai goizeko bostetan mozkortuta, edo arratsaldeko seietan mozkortu gabe, Earran, gauza earrak daudela.



Zein zerbitzu eskaintzen duzu?

Hanburgesak, hanburgesa bikoitzak, mistoak, patata frijituak, ogitartekoak... Ogitartekoetan Earra izeneko bat daukagu, hanburgesa haragia, gazta, tipula potxatua eta patatak dituena. Gero, oso famatua egiten ari dena Joxepo ogitartekoa da; Earran panpina bat daukagu, emazteak eskuz egin zuena eta Joxepo du izena. Ogitarteko horrek oilasko bularkia, tipula potxatua, gazta eta patatak daramatza. Horiez gain, hirugiharra, solomoa edota begetala dauzkagu, eta orain beganoentzat prestatzen hasi gara. Pixkanaka eskaintza zabaltzen ari gara, Joxepori ere neska laguna bilatzen ari gara eta egingo dugu pixkana.

Kalitatea zaintzen duzu?

Guretzat oso garrantzitsua da. Nik ez nuke behin ere salduko edo inori emango, nik jango ez nukeen ezer.

Aurrera begira, geltoki asko dituzue?

Asteburu honetan Irurako festetan egongo gara, eta datorrenean Oñatiko jaietan. Hortik aurrera ere aterako da zerbait. Jendeak galdetzen digu ea neguan etxean egoten garen, baina zorionez jende askok gurekin kontatzen du, eta beti izaten dugu deiren bat.

Zuek udaletara deitu bai, baina zuei ere deitzen dizuete hortaz.

Hori lortu izana oilo-ipurdia jartzeko modukoa da. Festa dagoen tokira deitzen dugun eran, festa antolatzen dutenek gurekin kontatzen dute. Earra food truck txikia da, baina handitzen ari da, gustura gaude.

Emaztea behin baino gehiagotan aipatu duzu. Biok aritzen zarete?

Bai, emaztea oso langilea dut, paper kontuak berak eramaten ditu eta egin beharreko deiak ere berak egiten ditu. Ni hanburgeseroa naiz, plantxan aritzen dena.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!