1.700 euro baino gehiago bildu ditu Minbiziaren Aurka Gipuzkoan elkarteak

Ataria 2022ko irailaren 22a

Minbiziaren Aurka Gipuzkoan elkarteak, Villabonan egin zuen urteko diru-bilketa, larunbatean. Diru-bilketa doakoak diren elkartearen zerbitzuak mantentzeko «ezinbestekoa» dela esan dute.

Minbiziaren Aurka Gipuzkoan elkarteak, Villabonan egin zuen urteko diru-bilketa, larunbatean. «Herritarrei elkartea hor dagoela eta pazienteei eta senideei laguntzeko lanean jarraitzen duela gogorarazteko aukera ematen duen ekimena da», esan dute. Gizarte osoak minbizia duten pertsonei babesa ematea, ikertzaile, osasun-langile, boluntario, psikologo eta gizarte-langileekin konpromisoa izatea eta ikerketa onkologikorako dirua biltzen laguntzea ziren ekimenaren helburuak. Guztira, 1.726,19 euro bildu zituzten.

Diru-bilketari esker, ikerketa onkologikoko proiektuak finantzatzen, paziente eta senideei laguntzeko programak gauzatzen, eta gaixotasunaren prebentziorako eta atzemate goiztiarreko kanpainak egiten jarraitu ahal izango dutela adierazi dute elkartetik. «Elkartearen zerbitzu guztiak doakoak dira eta, beraz, diru-bilketa bezalako ekimenak ezinbestekoak dira hauek mantendu ahal izateko», gaineratu dute.

Zenbait boluntariok hartu zuten parte elkartasun jardunaldi honetan, herriko hainbat tokitan jarri ziren mahaitan banatuta. Minbiziaren Aurka Gipuzkoan elkarteak eskerrak eman dizkie guztiei, «ekitaldi honetan nahiz beste batzuetan parte hartuz, elkartea laguntzeko egiten duten lanagatik».

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!