Badator errimen jaia

Tolosaldeko Ataria 2022ko ira. 21a, 11:58

Larunbatean, Getxon abiatuko da Bertsolari Txapelketa Nagusia; Unai Mendizabal zizurkildarra ariko da bertsotan eta Imanol Artola 'Felix' gai-jartzaile.

Ekainean aurkeztu zuten, eta konturatzerako heldu da udazkena, eta horrekin batera, 2022ko Bertsolari Txapelketa Nagusia. Larunbatean hasiko da Getxon; finala, berriz, abenduaren 18an izango da Iruñeko Nafarroa Arenan. Aurreko astean egin zuten txapelketaren aurkezpen ekitaldia Amasa-Villabonako Behar Zana frontoian. Beatriz Egizabal aktoreak egin zituen gidari lanak, umore tonuz.

Gontzal Agote 2022ko Bertsolari Txapelketa Nagusiko talde antolatzaileko kideari eman zion hitza lehenik. Azken urteotako egoera zailaz hitz egin zuen, baita txapelketa atzeratzeko arrazoiaz ere: «Plazarik gabe ez dago txapelketa ulertzerik, plazak behar ditu bertsoak. Kostatu da, baina, zorionez, berpiztu da bertso plaza: berriro ere bertsolariak, zaleak, antolatzaileak, bertso-eskolak jo eta su dabiltza. Orain bai: egin dezagun txapelketa bat ahalik eta ederrena» azaldu zuen, eta gehitu: «Orain bai, badira baldintzak txapelketaren jiran zazpi lurraldeetan barna sortzen, kantatzen, ikasten, gozatzen eta goldatzen ibiltzeko».

Aurkezpenak asko izan zuen bertsotik: Irantzu Idoate eta Maddi Agirre aurtengo Euskal Herriko Eskolarteko Bertsolari Txapelketako txapeldunak eta txapeldunordeak, Iruñerriko bertso-eskolako Beñat Astizek eta Lide Arrietak eta Jon Maiak parte hartu zuten. Txapelketan parte hartuko duten zenbait bertsolari ere izan ziren aurkezpenean. Bestalde, Beatriz Egizabalek haien lanaren zailtasuna eta garrantzia azpimarratuta, gai-jartzaile eta epaile taldeetako Idoia Anzorandiak eta Nerea Bruñok ere hartu zuten hitza.

Ostegun iluntzean aurkeztu zuten 2022ko Bertsolari Txapelketa Nagusiko sintonia ere. Nerea Erbiti Iruñeko musikariak osatu du, eta honako musikariekin eta teknikariekin batera grabatu du: Rakel Arbeloa baterian eta atabalarekin, Xanti Etxeberria kontrabaxuan, Amets Aznarez tronboian, Ion Celestino tronpetan eta Nerea Erbiti ahotsa eta panderoan; Josu Marti arduratu da grabaketaz eta Moises Berdoncesek egin ditu nahasketa eta masterizazioa.

Halaber, Txapelketa Nagusiko informazioa jasotzen duen aldizkaria deskargatzeko edota irakurtzeko moduan jarri du Bertsozale elkarteak, Bertsozale.eus webgunean.

GETXON, ESKUALDEKO BI

Eskualdeak ordezkaritza zabala izango du aurtengo txapelketan: bost bertsolari, bi gai-jartzaile eta epaile bat. Unai Mendizabal bertsolaria izango da parte hartzen lehena. Getxoko saioan kantatuko du zizurkildarrak; saio horretako gai-jartzailea Imanol Artola Felix amezketarra izango da. Sailkapen fase honetan kantatuko dute Oihana Iguaran amasarrak Gotaine-Iribarnen, Haritz Mujika asteasuarrak Gasteizen eta Beñat Iguaran amasarrak Donostian.

Iruran bizi den Aitor Mendiluze da bigarren kanporaketarako zuzenean sailkatuta dagoen eskualdeko bertsolari bakarra, 2017ko finalean kantatu baitzuen eta txapeldunorde geratu. Finalaurrekoetako lehen kanporaketan kantatuko du, Durangon, azaroaren 12an.

Bertso saio guztietarako sarrerak Bertsosarrerak.eus atarian daude eskuragai, eta egunean bertan ere izango dira leihatilan. Finala, aurten, Iruñeko Nafarroa Arenara aldatu dute; «finala Iruñean izateak Iruñerrian eragitea du asmoetako bat».

ESKUALDEKOAK TXAPELKETAN

Gai-jartzaile taldean parte hartuko dute aurten eskualdeko bi lagunek: Imanol Artola Felix amezketarrak eta Ion Zaldua billabonatarrak. Artola 2015eko Gipuzkoa Bertsotanen hasi zen gai-jartzaile eta harrezkero Gipuzkoako Txapelketan, Tolosaldeko sariketetan eta zonaldeko bertso-saioetan ibili izan da. Aurten lehenengo aldia izango du Txapelketa Nagusian: «Gipuzkoan orain arte urte mordoa zeramatzaten hiru lagunek utzi eta bi berri sartu gara. Aire berriak datoz baita gai-jartzaile taldera ere eta hori onerako izango da».

Urte hasieran abiatu zuen bere lana taldeak eta hilabeteotan bertsolariei jarriko zaizkien gaiak pentsatzen jardun dute. Udatik hona astero biltzen dira eta saio bakoitzeko gaiak zehaztu eta fintze lanetan ari dira. «Bitarte honetan lanean jarraitzen dugu eta beti gaude adi gai berriak non topatuko», esan du Artolak.

Gaiak asmatzearekin batera, taldean parte hartzen dutenek, saioak aurkezteko lana ere hartzen dute bere gain. Artolak Txapelketa Nagusiko lehen saioa aurkeztuko du, larunbatean, Getxon: «Berezia izango da, nire hitzak izango baitira txapelketan egingo diren lehenak». Lasaitasuna transmititzea eta egoera kontrolatzen dutenaren itxura ematea dira amezketarraren ustez, aurkezleak eduki behar dituen dohainak.

Zalduak esperientzia luzea du gai-jartzaile taldean, 1999ko Herriarteko txapelketaz geroztik ari da zeregin horretan. «Presio handirik ez, baina ardura bai sentitzen dugu. Gaietan ere urteen poderioz aldaketak egon dira. Berritzen saiatzen gara, gure aletxoa jartzen», esan du billabonatarrak. Aurten, gainera, Nafarroa Arenako finaleko aurkezleetako bat izango da Zaldua. «Erronka handia izango da. Sorpresa izan zen niretzat eta taldekoek niregan konfiantza hori edukitzea poztekoa da».

Eskualdeko epaile bakarra Zigor Leunda billabonatarra da. Gipuzkoako epaile taldean 1999an hasi zen eta Txapelketa Nagusikoan, berriz, 2009an. Epaile taldean urtebete inguru daramate prestaketa lanetan, eta hileroko maiztasunarekin elkartzen dira. Saio teoriko eta praktikoak izaten direla nabarmendu du Leundak: «Irizpideak eguneratu baino, orraztu eta findu egiten ditugu bilera horietan».

Zeregin horretarako, taldekide berriak ere batu dira aurten Txapelketa Nagusiko epaile taldera. «Alderik zailena fase oso batean zehar, asteburu ezberdinetan, puntuazio-langari eustea da, saio bakoitzak izan ditzakeen eraginak saihestuz», esan du billabonatarrak. Leunda finalerdietako bigarren fasean ariko da epaile gisa hiru saiotan, Amurrion, Baionan eta Bilbon.

GIROTZE SAIOA

Harituz bertsozaleen elkargunea Txapelketa Nagusiaren harira girotze saioak antolatzen ari da. Joan den astean, Tolosako Bidaiarien Txokoan egin zuten saio horietako bat. Bihar, berriz, Altzoko Batzarremuño kulturgunean egingo dute girotze saioa. Lehenengo fasean parte hartuko duten lau bertsolari ariko dira bertan. Naroa Olano altzotarra ariko da gaiak ematen eta Haritz Mujika, Oihana Iguaran, Unai Mendizabal eta Beñat Iguaran, berriz, bertsotan. Altzoko Udalaren laguntzaz antolatu dute bertso saioa.

Larunbatetik aurrera Txapelketa Nagusiaren jarraipena egin ahal izango dute eskualdeko bertsozaleek TOLOSALDEKO ATARIA-n. Fase bakoitzeko saioen kronikak egingo ditu Mikel Artola alegiarrak egunkarian eta Ataria.eus-en atal berezia izango du txapelketak. Aldi berean, Imanol Artola Felix-ek gidatuta (H)ari Naizela irratsaioan txapelketako bertsoaldi onenak entzuteko aukera izango da. Harituz Tolosaldeko bertsozaleen elkargunearekin eta Bertsozale Elkartearekin lankidetzan ariko da TOLOSALDEKO ATARIA txapelketaren informazio eguneratua eskaintzen.

TXAPELKETA NAGUSIAREN LEHEN FASEA

Irailak 24, larunbata

17:00. Getxoko Muxikebarri zentroan. Bertsolariak: Unai Mendizabal, Agin Laburu, Eneko Lazkoz, Nerea Elustondo, Oihana Bartra eta Peru Abarrategi. Gai-jartzailea: Imanol Artola 'Felix'.

Irailak 25, igandea

17:00. Arrasateko Amaia udal antzokian. Gorka Pagonabarraga, Iñaki Apalategi, Joanes Illarregi, Miren Amuriza, Saioa Alkaiza eta Xabier Silveira. Gai-jartzailea: Ander Aranburu.

Urriak 1, larunbata

17:00. Gotaine-Iribarneko herriko gelan. Bertsolariak: Oihana Iguaran, Ane Labaka, Alaia Martin, Nerea Ibarzabal, Julio Soto eta Patxi Iriart. Gai-jartzailea: Aritz Bidegain.

Urriak 2, igandea

17:00. Gasteizko Europa biltzar jauregiko Maria de Maeztu entzunaretoan. Bertsolariak: Haritz Mujika, Amaia Iturriotz, Miren Artetxe, Iban Urdangarin, Xabat Galletebeitia eta Manex Agirre. Gai-jartzailea: Oier Azkarraga.

Urriak 8, larunbata

17:00. Donostiako Victoria Eugenia antzokian. Bertsolariak: Beñat Iguaran, Eñaut Martikorena, Onintza Enbeita, Jone Uria, Maddalen Arzallus eta Aitor Etxeberriazarraga. Gai-jartzailea: Leire Garatxena.

Urriak 9, igandea

17:00. Lizarrako Los Llanos kultur gunean. Bertsolariak: Aitor Bizkarra, Asier Azpiroz, Imanol Uria, Iñigo Mantzizidor Mantxi, Maialen Akizu eta Unai Gaztelumendi. Gai-jartzailea: Amaiur Lujanbio.

*Saio horietako irabazleak zuzenean sailkatuko dira finalaurrekoetako lehenengo itzulira eta gainerakoetatik 13 pasako dira puntuazioaren arabera. Azaroaren 12an Durangon kantatuko du Aitor Mendiluzek.

Eskualdeko bertsolariak txapelketan

AITOR MENDILUZE GONZALEZ
(Irura, 1973)

«Ez dut presiorik sentitzen, baina ardura bai, nire buruarekiko ardura batez ere»

Zazpigarren aldia du Txapelketa Nagusian eta Unai Agirrerekin batera bera da parte hartzaileetan zaharrena. Txapeldunorde geratu zen 2017koan. Lekuz kanpo egotearen sentsazioa izan du azken unera arte, baina ingurukoek animatuta izena ematea erabaki du azkenean.

«Ez dut presiorik sentitzen, baina ardura bai, nire buruarekiko ardura batez ere». Esperientzia alde duela joango da txapelketara, posturik amestu gabe, bere alea jarri nahian. «Bertsozaleengan ere begirada zabaldu da eta beste gauzak baloratzen ikasi du. Horrek interesgarriagoa egiten du gure lana».

OIHANA IGUARAN BARANDIARAN
(Amasa, 1991)

«Inguratzen nauen horrekiko dudan begiradaz kontziente izan nahi nuke»

Bigarren Txapelketa Nagusia izango du 2022koa. Bertsotan egitea du helburutzat, «ahal bada bertsotan ondo egitea».

Ez dauka hain neurtua nondik kantatu nahi duen, tartea utzi nahi die gaiei eta haiek zabaldutako bideei: «Derrigor eta inkontzienteki gauden lekutik kantatzen dugu, eta nahiko nuke inguratzen nauen horrekiko dudan begiradaz kontziente izan eta bertatik kantatu».

Erronka handiak ekarriko ditu txapelketak amasarraren ustez. «Krisiak elkar gurutzatzen diren garaian, bakoitza dagoen tokitik ekarpena egiten saiatuko da».

UNAI MENDIZABAL JAUREGI
(Zizurkil, 1992)

«Aukera handiagoa dago izen berri horiek gorago iristeko aurtengoan»

Lehenengo aldiz hartuko du parte Txapelketa Nagusian. «Konturatzerako etorri zait txapelketa, baina uste dut etxeko lanak eginak ditudala». Gogotsu dago.

Urtebeteko atzerapenarekin dator hitzordua, baina zizurkildarrak dio itxaronaldiak ez diola kezkarik eragin. «Gazteagoei agian eragingo zien ziklo guztia atzeratu izanak. Ez dakit nire burua belaunaldi horretan kokatu behar dudan, nahiz eta nire lehen txapelketa nagusia izan».

Edizio honetan aldaketa emango dela sumatzen du: «Aukera handiagoa dago izen berri horiek gorago iristeko aurtengoan».

BEÑAT IGUARAN AMONDARAIN
(Amasa, 1988)

«Txapelketan izen emateak lagundu dit berriro ere bertsoarekin adiskidetzen»

Bigarren Txapelketa Nagusia izango da amasarrarentzat. Gipuzkoako txapelketan «disgustu» handi samarra izan zuela aitortu du eta esan du ordutik bertsoa pixka bat utzita eduki duela. «Txapelketan izen emateak lagundu dit berriro ere bertsoarekin adiskidetzen».

Ez dio helburu berezirik jarri bere buruari. «Harituzekin entrenatzen aritzea niretzako bada nahikoa lorpen. Oso gustura ari naiz». Momentuko sentsazioen arabera jarduten duela dio eta bere onena ematen saiatuko dela. «Duela bost urtekoa niretzat oso polita izan zen. Sentsazioa errepikatu nahi nuke».

HARITZ MUJIKA LASA
(Asteasu, 1995)

«Nik dakidan moduan egoteak lagunduko dit ideiez eta buruz argi egoten»

Lehenengo parte hartzea du Txapelketa Nagusian eta modu jakin batean bizi nahi du: «Txapelketa ez da oholtzan bukatzen, hortik kanpora ere beldur, zalantza eta urduritasun asko egoten dira eta horiek kudeatzen jakin beharra dago. Nik dakidan moduan egoten jakiteak lagunduko dit bertsoa ikusten eta ideiez eta buruz argi egoten».

Prozesu horren emaitzatzat du txapelketan lor dezakeen sailkapena, eta «bertsotan egitea» du helburu nagusi. Aurrekoetan baino gehiago prestatu dela aitortu du. «Gehiago aritu naiz eta bertsoa gehiagotan ibili dut buruan».

 

Erlazionatuak

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!