Jokin Etxeberria garaile, I. Amasako Sega Txapelketa Herrikoian

Ataria 2022ko irailaren 17a

Uxo-Toki elkarteak antolatuta, Txakolin Eguna ospatu dute arratsaldean, Amasan. Aurrez, I. Sega Txapelketa Herrikoia jokatu dute hamaika herritarrek, eta Jokin Etxeberria izan da onena.

Segan aritu diren hamaika herritarren arteko lehiaz gozatzeko aukera izan da, arratsaldean, Amasako plaza ondoko sailetan. Txakolin Egunaren aitzakian, I. Sega Txapelketa Herrikoia jokatu dute, eta Jokin Etxeberriak izan da txapeldun. Nazioarteko eran egin dute sega proba, azkartasuna eta txukuntasuna hartu baitituzte kontuan. Lehenik, sailkapen proba egin dute, 100 metro koadroko saila ebakiz. Etxeberriaz gain, Andoni Zuriarrain, Garikoitz Etxeberria eta Mikel Xandra sailkatu dira finalera. Finalean 200 metro koadroko saila ebaki du bakoitzak.

Finalean Etxeberria izan da azkarrena. Bigarren Garikoitz Etxeberria izan da, hirugarren Zuriarrain eta laugarren Xandra. Txukuntasunagatik, hiru segalarik zigorra jaso dute, baina ez du aldaketarik eragin amaierako sailkapenean.

  1. Jokin Etxeberria: 5.40,41 + 30 segundoko zigorra: 6.10,41
  2. Garikoitz Etxeberria: 7.09,02 + 30 segundoko zigorra: 7.39,42
  3. Andoni Zuriarrain: 7.34,38 + 15 segundoko zigorra: 7.49.38
  4. Mikel Xandra: 8.55,32 (zigorrik ez)

Ondoren, herriko plazan, txakolina dastatu eta pintxoak jateko aukera izan dute bertaratu direnek. Getariko izendapeneko txakolin guztiak dastatzeko aukera izan da, eta pintxoak ere saldu dituzte.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!