Ekainean aurkeztu zuten, eta konturatzerako heldu da udazkena, eta horrekin batera, 2022ko Bertsolari Txapelketa Nagusia. Irailaren 24an hasiko da Getxon; finala, berriz, abenduaren 18an izango da Iruñeko Nafarroa Arenan. Atzo egin zuten txapelketaren aurkezpen ekitaldia Amasa-Villabonako Behar Zana frontoian. Beatriz Egizabal aktoreak egin zituen gidari lanak, umore tonuz.
Gontzal Agote 2022ko Bertsolari Txapelketa Nagusiko Talde Antolatzaileko kideari eman zion hitza lehenik. Azken urteotako egoera zailaz hitz egin zuen, baita txapelketa atzeratzeko arrazoiaz ere: "Plazarik gabe ez dago txapelketa ulertzerik, plazak behar ditu bertsoak. Kostatu da, baina, zorionez, berpiztu da bertso plaza: berriro ere bertsolariak, zaleak, antolatzaileak, bertso-eskolak jo eta su dabiltza. Orain bai: egin dezagun txapelketa bat ahalik eta ederrena" azaldu du, eta gehitu: “Orain bai, badira baldintzak txapelketaren jiran zazpi lurraldeetan barna sortzen, kantatzen, ikasten, gozatzen eta goldatzen ibiltzeko”.
Aurkezpenak asko izan zuen bertsotik: Irantzu Idoate eta Maddi Agirre aurtengo Euskal Herriko Eskolarteko Bertsolari Txapelketako txapeldunak eta txapeldunordeak, Iruñerriko bertso-eskolako Beñat Astizek eta Lide Arrietak eta Jon Maiak parte hartu zuten. Txapelketan parte hartuko duten zenbait bertsolari ere izan ziren aurkezpenean. Bestalde, Beatriz Egizabalek haien lanaren zailtasuna eta garrantzia azpimarratuta, gai-jartzaile eta epaile taldeetako Idoia Anzorandiak eta Nerea Bruñok ere hartu zuten hitza.
Sintonia eta aldizkaria
Atzo aurkeztu zuten 2022ko Bertsolari Txapelketa Nagusiko sintonia ere. Nerea Erbiti Iruñeko musikariak osatu du, eta honako musikariekin eta teknikariekin batera grabatu du:
- Rakel Arbeloa: bateria eta atabala
- Xanti Etxeberria: kontrabaxua
- Amets Aznarez: tronboia
- Ion Celestino: tronpeta
- Nerea Erbiti: ahotsa eta panderoa
- Josu Marti: grabaketa
- Moises Berdonces: nahasketa eta masterizazioa
Halaber, Txapelketa Nagusiko informazioa jasotzen duen aldizkaria deskargatzeko edota irakurtzeko moduan jarri du Bertsozale elkarteak.
Getxon, eskualdeko bi ordezkari
Eskualdeak ordezkaritza zabala izango du aurtengo txapelketan: bost bertsolari, bi gai-jartzaile eta epaile bat. Unai Mendizabal zizurkildar bertsolaria izango da parte hartzen lehena. Getxoko saioan kantatuko du zizurkildarrak; saio horretako gai-jartzailea Imanol Artola Felix amezketarra izango da. Kanporaketa berean kantatuko dute Oihana Iguaran amasarrak (Gotaine-Iribarnen), Haritz Mujika asteasuarrak (Gasteizen) eta Beñat Iguaran amasarrak (Donostian).
Aitor Mendiluze (Iruran bizi den bertsolari andoaindarra) da bigarren kanporaketarako zuzenean sailkatuta dagoen eskualdeko bertsolari bakarra, azken txapelketan (2017an) finalean kantatu zuelako. Finalaurrekoetako lehen kanporaketan kantatuko du, Durangon.
Eskualdeko epaile bakarra Zigor Leunda billabonatarra izango da, eta herri bereko Ion Zaldua gai-jartzailea finalean arituko da.
Honako hau da aurtengo Bertsolari Txapelketa Nagusiko egutegia:
- Lehenengo fasea
- Irailaren 24an, 17:00etan, Getxon (Bizkaia).
- Bertsolariak: Unai Mendizabal, Agin Laburu, Eneko Lazkoz, Nerea Elustondo, Oihana Bartra eta Peru Abarrategi. Gai-jartzailea: Imanol Artola Felix.
- Irailaren 25ean, 17:00etan, Arrasaten (Gipuzkoa).
- Bertsolariak: Gorka Pagonabarraga, Iñaki Apalategi, Joanes Illarregi, Miren Amuriza, Saioa Alkaiza eta Xabier Silveira. Gai-jartzailea: Ander Aranburu.
- Urriaren 1ean, 17:00etan, Gotaine-Iribarnen (Zuberoa).
- Bertsolariak: Oihana Iguaran, Ane Labaka, Alaia Martin, Nerea Ibarzabal, Julio Soto eta Patxi Iriart. Gai-jartzailea: Aritz Bidegain.
- Urriaren 2an, 17:00etan, Gasteizen (Araba).
- Bertsolariak: Haritz Mujika, Amaia Iturriotz, Miren Artetxe, Iban Urdangarin, Xabat Galletebeitia eta Manex Agirre. Gai-jartzailea: Oier Azkarraga.
- Urriaren 8an, 17:00etan, Donostian (Gipuzkoa).
- Bertsolariak: Beñat Iguaran, Eñaut Martikorena, Onintza Enbeita, Jone Uria, Maddalen Arzallus eta Aitor Etxeberriazarraga. Gai-jartzailea: Leire Garatxena.
- Urriaren 9an, 17:00etan, Lizarran (Nafarroa).
- Bertsolariak: Aitor Bizkarra, Asier Azpiroz, Imanol Uria, Iñigo Mantzizidor Mantxi, Maialen Akizu eta Unai Gaztelumendi. Gai-jartzailea: Amaiur Lujanbio.
- Irailaren 24an, 17:00etan, Getxon (Bizkaia).
*Saio horietako irabazleak zuzenean sailkatuko dira finalaurrekoetako lehenengo itzulira. Gainerakoetatik, 13 onenak igaroko dira, puntuazioaren arabera.
- Finalaurrekoetako lehenengo itzulia
- Urriaren 22an, 17:00etan, Elizondon (Nafarroa).
- Bertsolariak: Unai Agirre, Arrasateko eta Getxoko irabazleak, eta puntuazioz 5.a, 6.a eta 13.a. Gai-jartzailea: Amaia Castorene.
- Urriaren 29an, 17:00etan, Donibane Garazin (Behe Nafarroa).
- Bertsolariak: Amets Arzallus, Gasteizko irabazlea, eta puntuazioz 1.a, 2.a, 7.a eta 12.a. Gai-jartzailea: Zihara Enbeita.
- Azaroaren 5ean, 17:00etan, Irunen (Gipuzkoa).
- Bertsolariak: Sustrai Colina, Donostiako eta Gotaine-Iribarneko irabazleak, eta puntuazioz 3.a, 8.a eta 11.a. Gai-jartzailea: Maialen Belarra.
- Azaroaren 12an, 17:00etan, Durangon (Bizkaia).
- Bertsolariak: Aitor Mendiluze, Beñat Gaztelumendi, Lizarrako irabazlea, eta puntuazioz 4.a, 9.a eta 10.a. Gai-jartzailea: Ane Ezenarro.
- Urriaren 22an, 17:00etan, Elizondon (Nafarroa).
*Saio horietako irabazleak zuzenean sailkatuko dira finalaurrekoetako bigarren itzulira. Gainerakoetatik, 14 onenak igaroko dira, puntuazioaren arabera.
- Finalaurrekoetako bigarren itzulia
- Azaroaren 19an, 17:00etan, Amurrion (Araba).
- Bertsolariak: Donibane Garaziko eta Elizondoko irabazleak, eta puntuazioz 5.a, 6.a, 11.a eta 12.a. Gai-jartzailea: Beñat Vidal.
- Azaroaren 26an, 17:00etan, Baionan (Lapurdi).
- Bertsolariak: Irungo irabazlea, eta puntuazioz 1.a, 4.a, 7.a, 10.a eta 13.a. Gai-jartzailea: Ainhoa Larretxea.
- Abenduaren 3an, 17:00etan, Bilbon (Bizkaia).
- Bertsolariak: Durangoko irabazlea, eta puntuazioz 2.a, 3.a, 8.a, 9.a eta 14.a. Gai-jartzailea: Idoia Anzorandia.
- Azaroaren 19an, 17:00etan, Amurrion (Araba).
- Finala
- Abenduaren 18an, 11:00etan (goizeko saioa) eta 16:30ean (arratsaldeko saioa), Iruñean (Nafarroa).
- Bertsolariak: Maialen Lujanbio eta finalaurrekoetako bigarren itzuliko 7 bertsolari onenak, puntuazioaren arabera. Gai-jartzailea: Alaitz Rekondo eta Ion Zaldua.
- Abenduaren 18an, 11:00etan (goizeko saioa) eta 16:30ean (arratsaldeko saioa), Iruñean (Nafarroa).