Hamabi kultur ikastaro eskainiko dituzte Amasa-Villabonan

Irailaren 19tik 30era egin daitezke izen emateak, Villabona.eus webguneko formularioan. Ikasturte osoko hamar ikastaro eta udazkenean helduentzako bi ikastaro labur eskainiko dituzte.

Amasa-Villabonako Udalak 2022-2023 ikasturterako kultur ikastaroen eskaintza egin du. Beatriz Unzue alkateak aipatu duenez, aisialdiaz modu aktiboan gozatzeko baliabideak eskaini nahi dizkiete amasar eta billabonatarrei. "Adin tarte guztietako herritarrentzat sormena, ongizatea eta garapen pertsonala sustatzera bideratutako kultur ikastaroen aukera zabala antolatu dugu", esan du alkateak.

Kultur ikastaroen eskaintza pandemiaren aurreko normaltasun egoerara itzuli dela nabarmendu dute udal arduradunek, "bai ikastaroen aniztasunean, baita areto, gela eta aforoetan ere". Egunotan herriko etxe guztietara esku orria banatuko dute ikastaroen berri emanaz, eta www.villabona.eus webgunean eta udaleko sare sozialetan ere jaso ahal izango da ikastaroen inguruko informazioa.

Joxean Cubero Amasa-Villabonako kultura teknikariak azaldu duenez, ikasturte osoko 10 ikastaro eta udazkenean eskainiko diren beste bi ikastaro laburragoek osatuko dute eskaintza. Ikastaro luzeen artean, ohikoak direnak eskainiko dira 2022-2023 ikasturtean ere, hala nola, egur lanketa, altzarien zaharberritzea, pintura edota haurren eskulanena. Pandemiaren ondoren sortu diren saio berriei ere eutsiko diete aurten, besteak beste, funky, ballet, antzerki eta joskintza ikastaroei. Amasa-Villabonako Udala saiatu da ikastaroetan irakasle arituko direnak herrikoak izaten. "Tartean dira Virginia Ameztoy, Egoitz Bengoetxea, Jon Iñaki Ormazabal, eta nahiz eta Zizurkilgoa izan, Villabonan bizi den Iraitz Lizarraga", esan du Cuberok.

Izen emateak www.villabona.eus webgunean egongo den formularioa betez egin beharko dira, irailaren 19tik 30era. Dagoeneko ikastaroen inguruko informazio guztia kontsultatzeko moduan dago.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!