Isats gisaturik goxoena nork prestatuko, lau elkarte lehian

Irati Saizar Artola 2022ko ira. 15a, 11:57

Villabonako Irrintzi elkarteak 27. Azoka Berezia antolatu du larunbat honetarako eta 29 postu jarriko dituzte plazan; goizean zehar, Isats Gisatuaren Lehiaketa egingo dute.

Hogeitazazpigarrenez antolatu du Irrintzi elkarteak Azoka Berezia Villabonan. Larunbatean izango da, 09:30ean hasita, Errebote plazan. Denera 29 ekoizlek jarriko dute postua eta elkartetik esan dutenez, produktore txikiak izango dira gehienak, gazta, olioa, ardoa, fruta, barazkiak, eztia, kontserbak eta beste hainbat produktu salduko dituztenak. Azokarekin batera, hutsik egiten ez duen Isats Gisatuaren Lehiaketak ere izango du lekua goizean zehar.

Isats gisaturik onena nork prestatu, hortxe Villabonako eta inguruko herrietako elkarteei zuzendutako erronka. Aurten, lau elkartek hartuko dute parte: Behar Zana, Zunbeltz, Urkamendi eta Irrintzikoek, hain zuzen. Isatsa denentzat izango da berdina, antolatzaileek jarriko baitute. "Bakoitzak bere elkartean edo etxean prestatuko du, plazan berotu eta epaimahai bat izango dute zain, dastatu eta puntuak jartzeko", esan dute Irrintzi elkartekoek.

Lehiaketako elkarte irabazleak garaikur bat eskuratuko du. "Garaikur bakarra du txapelketa honek, elkartez elkarte mugitzen dena; sinbolikoa den zerbait da, urte guztirako ohorea irabazten du lehen postuan geratzen den elkarteak".

Goizean zehar, Irrintzi elkartekoek barra zerbitzua jartzen dute plazan, edaria, haragi gisatua, txorizoa eta antzeko mokaduekin. Eta ondoren, bazkaria ere prestatzen dute elkartean bertan. Horretarako, isats gisatu gehiago egiten dute eta postua jartzen duten ekoizleak zein gainerako herritarrak gonbidatzen dituzte. Aurrez izena eman behar izaten da eta gaur izango da horretarako azken eguna.

Herria girotuko du

Urteroko hitzordua bilakatu da Irrintzi elkarteak antolatzen duen Azoka Berezia. "Herria girotzen duen egun bat izaten da eta harrera ona izaten du", diote antolatzaileek. Zuzendaritza taldean daudenak arduratzen dira gehienbat antolatzeaz, eta kontatu dutenez, ondoan izaten dituzte gainerako bazkideak, muntaketan, ekoizleei harrera egiten eta bestelako lanetan laguntzeko.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!