Diru bilketa egingo dute Villabonan, minbizia dutenei babesa eskaintzeko

Tolosaldeko Ataria 2022ko ira. 14a, 11:57

Minbiziaren Aurka Gipuzkoan elkarteko kideek, herriko bi puntutan jarriko dituzte mahaiak larunbat goizean: Malkar plazan eta Zubimusu Ikastolako sarreran.

Minbiziaren Aurka Gipuzkoan Elkarteak larunbatean egingo duen diru-bilketan laguntzera animatu nahi ditu herritarrak. Elkarteko boluntarioak Amasa-Villabonako kaleetan egongo dira, gizarte osoak minbizia duten pertsonei babesa eskaintzeko helburuarekin. Hau guztia, ikertzaile, osasun-langile, boluntario, psikologo eta gizarte-langileekin konpromisoa hartu eta ikerketa onkologikorako dirua biltzen lagun dezaten.

Minbizi guztiak ez dira behar adina ikertzen

Elkartetik adierazi dutenez, gaur egun, 5 urterako gizonen biziraupena %55,3koa da, eta emakumeena %61,7koa. Ikerketari esker, azken urteotan, biziraupen-indizeak 3,3 puntu igo dira gizonetan, eta 2,6 emakumeetan, 2016. urteaz geroztik intzidentzia %7,2 hazi den ingurune batean. Datu horien gorabehera betean, elkarteak aurrera egiten jarraitu nahi du, eta %70eko biziraupena lortzera iritsi nahi du 2030. urtean, minbizia duten hamar pertsonatik zazpik bizirik irautea, alegia. Gakoetako bat ikerketa-emaitzetarako sarbidean dauden ekitate ezak zuzentzea da, eta, horretarako, beharrezkoa da minbizi guztiak ikertzea, biziraupena handitzen jarraitzeko.

Minbiziaren Aurka Gipuzkoan elkarteak, ikerketa onkologikoko zenbait proiekturi ematen die laguntza. 2021ean, 340.160 euro bideratu zituen minbiziaren ikerketan aurrera egiten jarraitzeko, pazientearengan arreta jarriz eta minbiziaren biziraupena handitzen jarraitzeko.

Elkarteak 874 bazkide eta 163 boluntario ditu Tolosaldean. 2021ean, laguntza psikologikoko 224 saio eta arreta psikosozialeko 71 esku-hartze egin zituen. Halaber, ortopediako materialaren 26 mailegu eta 424 esku-hartze sozial egin ziren, eta 142 lagunek hartu zuten parte prebentzio-ekintzetan. Doako zerbitzu guzti hauek, neurri batean, elkarteak jasotzen dituen dohaintzei esker eskaini ahal izan ziren, eta, beraz, larunbateko diru-bilketan parte hartzeak aukera emango dio elkarteari paziente onkologikoei eta haien senideei laguntzen jarraitzeko.

Ekimena goizez izango da (9:30eatik 13:30eara), eta mahaiak herriko bi puntutan egongo dira banatuta:

  • Kale Berria eta Malkar Plaza artean (BM supermerkatuaren ondoan).
  • Zubimusu Ikastolako sarreran.

"Minbiziaren Aurka Gipuzkoan elkartetik eskerrak eman nahi dizkiegu boluntario guztiei, elkarteari ekitaldi hau eta beste hainbat prestatzen lagunduz egiten duten lanagatik", adierazi dute antolatzaileek.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!