Txakolin Eguna egingo dute larunbatean Amasan

Ataria 2022ko irailaren 14a

Uxo-Toki elkarteak antolatu du, eta txakolina dastatu eta pintxoak jateko aukeraz gain, herri kirol ikuskizunaz gozatu ahalko da. 

Txakolinak jarriko du festarako aitzakia Amasan, larunbatean. Aurrez, bertako herritar talde batek antolatuta, I. Sega Apustua egingo dute, 16:30ean, plaza ondoko sailetan. Andoni Zuriarrain, Jokin Etxeberria, Garikoitz Etxeberria, Aitor Otamendi, Mikel Arretxe, Kepa Nazabal, Jon Beldarrain Aizperri, Arkaitz Arretxe, Joseba Astiasaran, Mikel Otaño eta Kepa Otegi ariko dira lehian. Sega proba nazioarteko eran egingo dute, alegia, azkartasuna eta txukuntasuna hartuko dira kontuan. Sailkapen proban 100 metro koadroko saila ebaki beharko dute. Lau segalari hoberenak finalera igaroko dira, eta bertan, 200 metro koadrokoa izango da ebaki beharreko saila.

Ikuskizunaz gozatu ostean, 17:30ak aldera, txakolin dastaketari emango zaio hasiera. Hain zuzen, Getariko izendapeneko txakolin guztiak dastatu ahalko dituzte Amasara gerturatzen direnek, eta pintxoak ere izango dira, txakolina eta bi pintxo 5 euroko prezioan eskuratu ahalko direlarik.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!