Asteazkenean hasiko da kontsumo bonuen kanpaina berria Villabonan

Josu Artutxa Dorronsoro 2022ko ira. 12a, 19:59

Udalak 10 euroko 16.200 bonu jarriko ditu zirkulazioan, herriko 45 saltokietan eskuratu eta erabiltzeko. Bonuak erositako establezimenduan soilik erabili ahal izango dira abenduaren 3ra arte.

Amasa-Villabonako Udaleko eta Oria Merkatari Elkarteko zenbait ordezkarik Amasa-Villabonako kontsumo bonuen kanpaina berria aurkeztu dute Villabonako Berdura plazan. Etzi, hilak 14, jarriko da martxan eta abenduaren 3ra arte luzatuko da. Villabonako alkate Beatriz Unzue pozik agertu da prentsaurrean: "Lanean jarraitzen dugu, elkarlanaren bidez herriko merkataritza sustatzeko. Horregatik, Oria Merkatari elkartearekin lankidetzan, kontsumo bonuen kanpaina jarriko dugu abian, laugarren aldiz".

Udalak 54.000 euroko inbertsioa egin du kanpaina berri honetarako, eta guztira, 10 euroko 16.200 bonu jarriko ditu zirkulazioan, aurrez izena eman duten 45 saltokietan eskuratu eta erabiltzeko. Kontsumo bonuen bidez, Villabonako denda eta saltokietan egiten diren erosketak sustatu nahi dituzte antolatzaileek, sektorea biziberritzen laguntzeko, eta bide batez, herriko kaleak bizirik mantentzeko. "Argi dugu Villabonako merkataritza sektorea osasuntsu izatea ezinbestekoa dela herriarentzat", esan du alkateak.

Bonuak saltokietan bertan egongo dira eskuragarri eta establezimendu bakoitzak bere bonu propioak izango ditu, dendaren izenarekin identifikatuta. Beraz, bonuak erositako establezimenduan bertan soilik erabili ahal izango dira. Bonuak hirunaka erosi beharko dira, eta gehienez bederatzi eskuratu ahal izango dira denda bakoitzean. Beraz, erosle bakoitzak hiru, sei edo bederatzi bonu erosi ahal izango ditu denda bakoitzeko. Horrela, bezeroak 20 eurorekin hiru bonu lortuko ditu (30 euro), 40 eurorekin sei bonu jasoko ditu (60 euro). Eta, aldiz, 60 eurorekin bederatzi bonu jasoko ditu (90 euro). Ondorioz, udalak erosketa bonu bakoitza %33an finantzatuko du.

Udalak azpimarratu duenez, 16 urtetik gorako pertsona guztiek erosi ahal izango dituzte bonuak, bere bizilekua edozein dela ere. Alegia, edonor gerturatu ahal izango da Amasa-Villabonara bertako dendetan bonuak erosi eta kontsumitzera. "Udaletik kontsumo bonuak erabiltzera animatu nahi zaituztegu, gure merkataritza sektoreari bultzada bat emango baitiogu. Era berean, kontuan izan dezagun, kanpaina hau amaitzean ere, herrian bertan erostea oso garrantzitsua dela", azpimarratu du Unzuek.

Informazio hau guztia herritar guztiengana iritsi dadin, datozen egunotan herriko etxe guztietara banatuko du udalak xehetasun guztiak azaltzen dituen esku-orria. Amaitzeko, udaletik eskerrak eman nahi izan dizkie Oria Merkatarien Elkarteari, kanpainan izena eman duten establezimendu guztiei eta berau martxan jartzen lagundu duten guztiei. 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!