ELKARRIZKETA

«Ikasketak amaitu berri, ate batzuk zabaltzeko aukera izan daiteke Zinemaldia»

Irati Saizar Artola 2022ko ira. 9a, 07:59

Nagore Muriel Letamendia. I. SAIZAR

Zinemaldiko Nest sarirako hautagaien artean dago Nagore Muriel Letamendiak (Villabona, 2000) zuzendutako Erro bi film laburra. Nest sailean, 44 herrialdetako 350 film laburren artean 13 lan hautatu dituzte, eta aurten, lehen aldiz, euskarazko bi film izango dira lehian. Horietako bat da billabonatarrena. Irailaren 20an izango da ikusgai, 10:00etan, Donostiako Tabakaleran.

Ikus-entzunezko ikasketak amaitu berri, Zinemaldiko Nest sailean lehiatzeko ohorea izango du Murielek, gradu amaierako lanerako prestatuta zuen Erro bi film laburrarekin.

Nola iritsi da zure lan bat Zinemaldira?

Gradu amaierako lanerako prestatutako film laburra da. Unibertsitatea amaitu berri dut, eta gradu guztietan bezala, gradua amaitzeko lan bat aurkeztu behar nuen. Film labur bat egitea erabaki nuen. Gero, irakasleek eman zidaten aukera nire lana Zinemaldiko Nest sailera aurkezteko; izan ere, prozesu hau ezin da pertsonalki egin, unibertsitateak kudeatu behar duen gauza bat da. Lana eskuartean nuen, amaituta, eta aurkeztea erabaki nuen.

Nest sailean, unibertsitateek edota eskolek aurkeztu behar izaten dituzte lanak?

Hori da, pertsona moduan ezin duzu lanik aurkeztu, beti egon behar du eskola edo unibertsitateren batek atzean. Zinema ikasten ari diren ikasleentzat bideratutako saila da, hortaz, ikastetxeak berak egin behar du kargu. Nire kasuan, EHUren bidez izan da.

Nola jaso zenuen berria?

Herriko festetan nenbilen, kuadrilla eguna zen, eta hainbeste denbora festarik gabe egon eta gero poz-pozik nenbilen lagunekin. Mezu elektroniko bat iritsi zitzaidan. Bost mila bider irakurri nuen, eta bai, nire lana hautatua izan zela zioen. Ondoren, irakaslearekin jarri nintzen harremanetan, eta denak poztu ginen, asko.

 

«Film labur honekin jendeak heriotzaz hausnartzea nahiko nuke, askotan gai hori tabua delako»



Heriotzaz hitz egiten duzu lanean, bereziki.

Heriotzaz eta doluaz ere bai. Ama-alaben arteko harremana kontatzen da. Gatazka bat sortzen da: bati aita hil zaion bezala, besteari senarra hil zaio. Alabak, gertaerari aurre egiteko baserritik alde egin beharra sentitzen du, bertako giroak bere aita ekartzen diolako gogora, eta momentu egokia ikusten du beste bide batzuk hartu eta bere bizitza egiteko. Bestalde, ama doluaren prozesu horren hasieran dago oraindik, guztia prozesatu gabe, eta min horri aurre egiteko alaba gertu mantentzeko beharra sentitzen du. Azkenean, konturatuko da bakoitzak bere bizitza egin behar duela eta dolua kudeatzeko modu guztiak onargarriak direla.



Zergatik aukeratu duzu gai hori?

Heriotza bizitzako beste etapa bat da. Denoi, zoritxarrez, hil zaigu gertuko norbait. Norberak jasandako min horren inguruan hausnartuz eta ondorioak ateraz, gaia jorratzea pentsatu nuen. Film labur honekin jendeak heriotzaz hausnartzea nahiko nuke, heriotzaren gaia askotan tabua delako. Askotan, ez dakigu nola kudeatu, inguruko bati norbait hiltzen zaionean ez dakigu zer esan, noraino galdetu, eta noraino ez.

Film labur batean bildu duzu. Zein da egin duzun lana?

Pasa den irailean gaiari bueltak ematen eta gidoia idazten hasi nintzen. Idazketa, berridazketa, prozesu luzea da, amaigabea izan daitekeena. Grabaketak apirilean egin nituen, ekainean aurkeztu nahi nuelako gradu amaierako lana. Elorrioko Belaze Zaporeak baserrian egin nituen, baimena eskatu eta baiezkoa eman ostean. Lantaldean graduatuta dauden kide batzuk izan ditut, batzuk aurrez ezagutzen nituenak eta beste batzuk ez, eta klase kideek ere lagundu didate proiektuarekin.

Aktore lanetan nortzuk aritu dira?

Ibone Ajuria eta Sonia Villamor dira protagonistak, elorriarrak biak. Sara Fantovaren No me desperteis filmean ikusi nuen Ajuria aktore lanetan, eta gustatu egin zitzaidan, ikusi nuen bazuela bere xarma, pantaila aurrean bazuela erakartzen ninduen zerbait. Proiekturen bat egitekotan beti nuen buruan bera. Castinga online egin nuen, bideoak bidaltzeko eskatuz eta azkenean, Ibonerekin geratu nintzen. Eta amaren papera egingo zuen norbait ere behar nuen. Ibonek Sonia ezagutzen zuen, bere antzerki irakaslea izan zelako, eta azken batean, aktoreek elkar ezagutzen badute betiere errazago egiten dute lan, eta beraiekin kontatu nuen.

Zuzendariaren lana hasieratik amaieraraino egin behar izan duzu. Lehen aldia izan da?

Bai, hala da. Unibertsitatean praktika ezberdinak egin izan ditugu, taldean ere bai, kargu ezberdinak hartuta. Baina, kasu honetan, prozesu guztia nire gain hartu dut, ez nekielako zenbateraino utzi ahal nuen lana besteen esku, kontuan izanik nire gradu amaierako lana zela.

Eta zer moduzko esperientzia izan da?

Horrelako lan bat aurrera ateratzeak zer suposatzen duen konturatzeko balio izan dit. Prozesu ezberdinetako oztopoak identifikatzen ere jakin dut. Nahiz eta denbora asko pasa, ordu asko sartu, beti egongo dira arazo txikiak eta horri aurre egiten ere jakin behar da. Ikasten joan naiz, polita izan da.

 

«Gradu amaierako lan batekin Zinemaldia bezalako jaialdi batean kokatu ahal izatea ohore bat da niretzat»



Grabaziorako materiala, esaterako, zure kasa lortu behar izan duzu?

Unibertsitateak badauka Mailegu izeneko zerbitzu bat, bertako ikasleek kamerak, argiztapen materiala eta bestelakoak alokatzeko aukera ematen duena. Baina kasu honetan, argazki zuzendaria izan zedin pertsona batekin kontaktatu nuen, eta bere eskutik lortu dut material gehiena. Unibertsitatetik zenbait gauza hartu ditugu, baina gehiena argazki zuzendariak lortu du.



Eta hortxe zaude, Zinemaldiaren ateetan.

Sorpresa izugarria izan da. Ilusioz hartu nuen berria, oraindik sinetsi gabe nagoela iruditzen zait. Eta uste dut Zinemaldia pasa arte ez naizela izango jakitun bizitzen ari naizenaz. 350 film laburretatik 13 hautatu dituzte, eta gainera, lehen aldiz euskarazko bi lan hautatu dituzte, horietako bat nirea, eta hori ere berezia iruditzen zait, ospatzekoa.



Noiz ikusi ahalko da 'Erro bi' Zinemaldian?

Irailaren 20an, 10:00etan, Tabakaleran. Hiru film labur proiektatuko dituzte eta tartean izango da nirea. Proiekzioaren ondoren, 15 minutuko solasaldi bat izango dugu zuzendari bakoitzak.

Jende berria ezagutzeko parada ere izango da.

Aukera ederra izango da pasio eta grina berdinak ditugun pertsonak elkartuko garelako. Zinemaldiak aukera eman diezaguke, unibertsitatetik atera berritan, gure lana horrelako leku batean proiektatu eta industriako jendea ezagutzeko. Produktore ezberdinak edota banaketa erraztu ahal didan norbait ere ezagutu dezaket, beraz, ikasketak amaitu berri, ate batzuk zabaltzeko aukera izan daiteke Zinemaldia.



Nest sailean, film hoberenak saria lortzen du.

Zinemaldian egotearekin bakarrik oso pozik eta harro nago. Beti esaten den zerbait da hemen egote hutsa sari bat dela, baina benetan diot hala sentitzen dudala. Gradu amaierako lan batekin Zinemaldia bezalako jaialdi batean kokatu ahal izatea ohore bat da niretzat. Saria etortzen bada ezetzik ez diot esango, baina bizitzen ari naizena bada nahikoa.

Bide horreta lanean jarraitzeko gogoa ere piztu dizu?

Hainbeste filmetatik nirea aukeratu izana zerbaiten seinale izango da, eta beste motibazio bat da bai aurrera segitzeko. Batetik, Erro bi-ren banaketa prozesuarekin jarraitzeko, baina, bestetik, nik ere beste proiektu batzuei heltzeko. Profesionalki hazten eta garatzen joateko gogoa ekarri dit. Geldirik ez naiz geratuko.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!