Elkarrizketa

«Pertsona bezala gehiago hazi nintzen aurreko urtean eta horrekin geratzen naiz»

Imanol Garcia Landa 2022ko ira. 8a, 11:58

Argazkia: GRANADA CF FEMENINO

Nahi baino gutxiago jokatu zuen aurreko denboraldian Itziar Gastearenak Alaves taldean, eta Granadara joatea erabaki du konfiantza berreskuratzera.

Granada taldean ari da jokatzen Itziar Gastearena (Villabona, 1993) futbolaria. Bigarren mailan dago taldea, Reto Iberdrola Ligan. Abentura berri bati ekitea erabaki du billabonatarrak, aurreko hiru urteak Alaves taldean egon ondoren, azkenekoa lehen mailan.

Nolatan Granadara?

Pixka bat zoramena izan da hona etortzea. Beti ibili izan naiz handik, gertuko taldeetan. Alaves taldeak erabaki zuen nik bertan ez jarraitzea, eta aukera hau etorri zitzaidan. Aurreko denboraldian ez nituen minutu asko izan, eta nik ere beste gauza batzuk bilatu nahi nituen, eta aukera hau oso interesgarria iruditu zitzaidan. Beste leku batera mugitu nahi nuen, beti hango futbolarekin eta hango jendearekin aritu naiz: hemengo futbola eta jendea ez nuen ezagutzen, eta esperientzia berri baten bila etorri naiz.

Beste eskaintzarik izan zenuen?

Hainbat eskaintza izan nituen, baina Granada klub garrantzitsua da. Lehen minututik niregatik interesa erakutsi dute eta horrek bultzatu ninduen erabakia hartzera. Ikusi nuen behar nuen konfiantza hori ematen zidatela; Alavesen pixka bat galdu nuen konfiantza hori, eta berriz ere berreskuratu nahi nuen. Erabakia horregatik hartu nuen.

Aurreko denboraldia nola bizitu zenuen? Lehen urtea izan zen Alavesentzat eta zuretzat lehen mailan.

Igoera lortu genuen 2021ean, eta oso garrantzitsua sentitzen nintzen. Minutu asko jokatu nituen urte horretan, baina aurreko denboraldian gauzak aldatu ziren eta ez nuen aukera hori izan, eta konfiantza hori galdu nuen. Garrantzitsua da ere partidak jokatzea eta sentitzea taldean garrantzitsua zarela. Baina futbola horrela ere bada, urte batean minutu gehiago jokatzen dituzu eta beste urte batzuetan ez, eta azkenean gauza horietatik ikasi egiten duzu eta futbolari bezala ere hazi egiten zara. Horrelako gauzak bizitzea ere garrantzitsua da, bizitzan bezala dena ez baita beti ondo joaten, eta futbolean ere arazoak izaten dira. Pertsona bezala gehiago hazi nintzen eta horrekin geratzen naiz.

Granadan, klubak edo entrenatzaileak esan dizute garrantzitsua izango zarela?

Fitxaketa bat izanik, konfiantza puntu hori ere baduzu, baina leku berri batera joaten zarenean gauzak erakutsi behar dira. Uste dut oso konstantea naizela, oso langilea, eta erakutsiko dut zer den Euskal Herriko futbola eta zer den euskalduna izatea.

Taldeak zer helburu ditu? Lehen mailara igotzea, adibidez?

Helbururik ez dugu jarri. Partidaz partida joango gara. Aurreko denboraldian bigarren maila bitan zatituta zegoen, eta aurten guztiok batera jokatuko dugu. Talde asko ez ditugu ezagutzen. Nik ipar parteko taldeak ezagutzen ditut, baina beraiek ez, eta nik hemengoak ez. Bost fitxaketa bakarrik egin dira, taldeak bloke ona du, eta uste dut helburua izan behar duela partidaz partida joan eta gauzak lasai hartzea.

Nola doa zure egokitzapena?

Hasieran kosta egiten da. Oso urrutira etorri naiz. Gertukoak oso urruti ditut, familia, lagunak... eta hasieran oso zaila egiten da hori. Hiri ezberdin bat da, behin ere ez nintzen hemen egon, eta dena ezberdina da. Pixka bat kosta egiten da. Baina oso talde polita dugu, jendeak oso ondo hartu gaitu. Pertsona gutxi gara kanpotik etorri garenak, eta alde horretatik taldeak eskuak zabaldu dizkigu lehen unetik eta dena errazago egiten da horrelako jendearekin.

Beroa ere sufrituko zenuen.

Egia esan asko nabaritzen da hemen beroa. Badakigu Euskal Herrian ez duela hainbeste bero egiten, eta udarak askoz lasaiagoak izaten direla. Dezente kostatu zait alde horretatik; goizean bero handia egiten du, eta hemen bizitza arratsaldeko zazpietatik aurrera egiten hasten zara. Baina bizitza honetan leku guztietara moldatu behar izaten da, zauden lekuan zaudela moldatu, eta ez dago beste aukerarik.

Asteburuan izango duzue ligako lehen partida. Gogoz lehiatzen hasteko?

Bai, ikusteko taldeak nola egiten dion aurre ligari. Lagunartekoak jokatu ditugu eta ondo joan dira, eta orain ikusi nahi dugu ligan zer moduz joango den.

Erreginaren Kopan ere aurki izango duzue lehen kanporaketa.

Bai, Malagaren aurka jokatzea tokatu zaigu, etxetik kanpo, baina hemendik nahiko gertu. Gure helburua izango da partida irabazi eta hurrengo faserako sailkatzea.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!