Hasi da Euskal Herriko VI. Bote Luze Txapelketa

Ataria 2022ko irailaren 5a

Behar Zana Pilota Elkarteko hiru pilotarik jokatuko dute Gipuzkoako bi selekziotan banatuta; pasa den asteburuan, bi taldeek lortu dute garaipena Oiartzunen jokatutako partidetan.

Ostiralean hasi zen Euskal Herriko VI. Bote Luze Txapelketa eskualdeko hiru pilotarirentzat. Behar Zana Pilota Elkarteko Iñaki Lizasok, Xabi Urbietak eta Jon Urbietak Gipuzkoako selekzioarekin jokatu dituzte partidak. Urbieta anaiek, Gipuzkoa 2 taldearekin jokatu zuen ostiralean, Oiartzungo Beko Plazan, Iparralde 4 taldearen aurka. 9 eta 1 nagusitu ziren gipuzkoarrak. Lizasok, Gipuzkoa 1 taldearekin jokatu zuten larunbatean, leku berean. Kasu honetan, Iparralde 3 taldearen aurka jokatu zuten gipuzkoarrek, eta bezperako markagailu berarekin irabazi zuten.
 
Iparraldeko lau taldek eta Hego Euskal Herriko beste lauk parte hartuko dute aurtengo txapelketan. Iparralde 1 (Senpere eta inguruko herrietako pilotariez osatua), Iparralde 2 (Amikuze inguruko pilotariak), Iparralde 3 (Senpereko pilotariak) eta Iparralde 4 (itsasuarrak) dira Ipar Euskal Herriko taldeak. Hego Euskal Herrikoak, berriz, Gipuzkoa 1, Gipuzkoa 2, Bizkaia eta Araba. Baliteke aurrerago Aitor Ormazabal Behar Zana elkarteko pilotari billabonatarrak ere Gipuzkoako selekzioetako batekin partidaren bat jokatzea.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!