Arnasetik bideosormen lehiaketa, gazteek hizkuntza ohituren inguruan gogoeta egiteko

Ataria 2022ko ira. 2a, 13:37

Iturria: Arnasa Gara

Arnasa Gara ekimenaren baitan, Arnasetik bideosormen lehiaketa sortu dute Uemak, Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak, arnasguneetako gazteen hizkuntza ohituren inguruan gogoeta sustatu nahian. Sari banaketa urriaren 28an izango da Amasa-Villabonan.

Arnasa Gara ekimenak antolatu du Arnasetik bideosormen lehiaketa, arnasguneetako 10 eta 16 urte bitarteko gazteek haien sormena erabiliz euskararekin lotutako istorioak konta ditzaten. Arnasa Gara Uemak, Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak elkarrekin sustatutako egitasmoa da, eta euskararen arnasguneek duten garrantzia jendarteratzea du helburu, euskararen biziberritzeari eta euskararen herriari egiten dioten ekarpena nabarmenduz. Horregatik, Arnasetik lehiaketa udalerri euskaldunetako ikasleei zuzendua dago.

Lehiaketan parte hartuko duten gazteek lanak euren kabuz, lagunartean edo ikaskideekin batera garatu ahal izango dituzte, bakoitzaren nahiaren arabera.

Hiru kategoria, adinaren arabera bereizita

10-16 urteko gazteei zuzendua dago lehiaketa, baina adinaren arabera hiru kategoria zehaztu dituzte, kategoria bakoitzean aurkeztu beharreko lanak ezberdinak izanik. LH 5. eta 6. mailako ikasleek LHtik DBHra berarekin dakartzan emozio, hizkuntza ohitura eta egoera berriak islatu behar izango dituzte haien sormen lanetan, formatu librean (marrazkia, bertsoa, poema, bideoa, abestia…). Izan ere, arnasgune gehientsuenak udalerri txikiak dira eta bertako ikasleek inguruetako ikastetxe handiagoetara jo behar izaten dute DBH mailako ikasketak egitera.

Bestalde, DBH 1. eta 2. mailako ikasleek youtuber estiloan bideo-tutorial bat egin beharko dute, Julen Portilloren bideo bat eredu izanik. Bukatzeko, DBH 3 eta 4. mailako ikasleek Hiru Damatxok ekoiztutako bideoan agertzen diren galderei erantzuten dion bideoa sortu beharko dute, elkarrizketa irudikatuko duen formatu batean. Julen Portilloren eta Hiru Damatxoren bideo hauek zein lehiaketaren oinarri guztiak Arnasagara.eus webgunean daude ikusgai. Lanak urriaren 5a baino lehen bidali behar dira.

Kategoria bakoitzak 500 euroko sari baliokide bat izango du, eta publikoaren saria ere banatuko da, guztira 2.000 euro banatuz. 500 euroko sari baliokide bakoitza Irrisarri Land-en, Durangoko Azokako denda birtualean edo EITB-ko Goazen! eta Irabazi arte! telesailen merchandising-ean trukatu ahal izango dira.

Sari banaketa ekitaldia urriak 28an izango da Villabonan eta sariak banatzeaz gain, sorpresa ugari izango direla aurreratu dute.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!